Real Zaragoza - Athletic Club
Jardunaldia 26
Liga

Real Zaragoza - Athletic Club

Real Zaragoza
Real Zaragoza
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 49' Jarosik
  • 55' Uche
  • Llorente 18'

KokapenaLa Romareda , Zaragoza

Aurrea hartzea ez da nahikoa izan

Zaragozak 2 Athletic Clubek 1Athletic Clubek 2-1 galdu du Zaragozaren aurka. Jarosikek eta Uchek etxekoen…

Athletic Club

Zaragozak 2 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 2-1 galdu du Zaragozaren aurka. Jarosikek eta Uchek etxekoen golak sartu dituzte, bigarren zatian, eta Llorentek geurea, lehen zatian. Gaurko honekin taldeak laugarren partida jarraian galduta darama eta Sevillaren aurka igandean San Mamesen jokatzen denak berebiziko garrantzia dauka europar lehian mantentzeko orduan.

Zurigorriek dena alde izan dute, norgehiagoka txukuna jokatu dute abantaila lortu arte eta zailena egin dutenean, aspaldiko partidarik txarrena egin dute, batez ere bigarren zatiaren hasieran. Aitzitik, lehendabiziko minutuak lasaiak izan dira. Susaetak bosgarrenean baloia Toniren gainetik loratu du, baina tamalez baloia zutoinean jo ondoren ez da sartu. Hortik gutxira Orbaizen kontraerasoa jaurtiketa gurutzatuegi batekin amaitu da. Boutaharrek boleaz kanpora, ordu laurdenean, errematatu du, baina berehala Llorentek 0-1 egin du eskuinez Gabilondoren erdiraketa errematatuz.

Kolpe latza jaso du Zaragozak eta hurrengo minutuan Toqueroren pase atzerak ez du errematatzailerik aurkitu. Bazirudien dena eginda zegoela, edo bideratuta bai behintzat. Zoritxarrez hortik aurrera unera arte egindako gauza on guztiak desagertu dira. Baloia ez zen atzetik ateratzen eta Zaragozak, inertziaz bere buruarengan konfiantza hartzen joan da.

Hogeita bigarren minutuan Uche arean sartu da, jaurti eta Iraizozek desbideratu du. Epaileak
Martinezi horia atera dio, partidako lehendabizikoa, nahiz eta lehen beste bi sarrera bortitza Orbaizek pairatu behar. Amaieran inor ez da gustura geratu txartelen banaketarekin, baina oraingoan ezin zaio Undianori ezer txarrik leportatu.

Zaragozak baloia zeukan eta Athletic Club atzean sartuta zegoen. Anderrek jaurti du 30garrenean eta baloia langa gainetik kornerra abiatu da. Athletic nabarmen okerrago zebilen gola sartu eta gero. Etxekoen arriskurik handiena Bertoloren oinetatik zetorren, baina Continik buruz langa gainetik erremate bat kenduta, lasai asko heldu da atsedenaldira.

Bigarren zatia hasteko, aldaketarik ez. Balenziagaren debuta, Orbaiz, Susaeta eta Gabilondoren presentzia, Iraolaren itzulerarekin batera, ziren nobedaderik aipagarrienak. Zelaian, berririk ez. Gabiri erakutsitako txartelaren ostean, berdinketa heldu da, 48garrenean hain zuzen ere, Jarosikek buruz, ahul errematatu du, Iraizoz baloi bila zihoan, baina Ekizan jo du, solte geratuz eta Jarosikek berak eskuinez barrura bidali du.

Erreakzioa berehala heldu da. Llorentek lurretik 50garrenean jaurti du, baina erematea Doblasen eskuetara joan da. Halaz ere, jokaldi isolatua izan da, Athletic galduta baitzebilen eta Zaragozak, beste munduko gauzarik egin gabe, norgehiagoka eskuratu du di-da batean. Uchek gora bidali du jokaldi pertsonala 54. minutuan, baina barrura 55garrenean gure taldeak baloia erasoan galdu eta gero. Kontraerasoa zorrotza izan da eta Uchek Iraizozen irteera gainditu du.

Hortik amaiera arte partida deskribatzea lan erraza da. Athleticen jokoa ordenarik gabekoa izan da, hegalak erabili gabe, baloi zuzen asko eta asko bidali dira Llorente eta Toqueroren bila, baina ia beti desabantailan aurrelarientzat. Jende gehiegi baloiaren aurretik eta arerio zoriontsua bezain nekatuta.
Aldaketak alferrikakoak izan dira eta partida erritmorik gabe geratu da. Jokoa eta pilota biltzaileak desagertu dira, ateko, hegaleko eta falta jaurtiketa bakoitza urrea zen etxekoentzat. Aldeko falta bakoitza itxaropenari kantua guretzat, baina ezta horrela ere.

Muniain Gabilondoren ordez, David Lopez Susaetaren ordez, oraindik lehia amaitzeko hogei minutu falta zirela, eta Iñigo Perez Orbaizen ordez beranduago. Ponziok, Balenziagak eta Jarosikek horia ikusi dute; eta azken txanpan Sinama Ucheren ordez eta Da Silva Lanzaroren ordez zelairatu dira. Bakarrik bigarrenek bete dituzte helburua eta luzapenean hirugarren aldaketa egiteko denbora ere izan dute. Desagertzeagatik, aukerak ere desagertu dira eta beste bi ezin izan dugu ikusi ordu erdi pasa arte.
Sinamak buruz errematatu du, Iraizozek kornerrera urrunduz eta are argiagoa izan da Llorentek 86garrenean izan duena. Golean ez du egundoko errematea egin, baina esferikoa barrura abiatu da eta azken ordukoan Tonik eskuak eta burua erdian zeukan eta berdinketaren ametsa ezerezean geratu da. Jokoarengatik ez zen merezi, baina aukeren kopuruarengatik beharbada bai. Ezin izan da lortu eta igandean konpondu beharko dugu europar trenean segitzeko eta bolada txarrari amaiera emateko.