Athletic Club - Sevilla FC
Jardunaldia 27
Liga

Athletic Club - Sevilla FC

Athletic Club
Athletic Club
20
Sevilla FC
Sevilla FC
  • 65' Fazio (b.a)
  • 87' Iraola (p.)

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Buru hotza arerio zuzenaren aurka

Athletic Clubek 2 – Sevillak 0Athletic Clubek 2-0 irabazi dio Sevillari. Faziok bere atean eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 – Sevillak 0



Athletic Clubek 2-0 irabazi dio Sevillari. Faziok bere atean eta Iraolak, penaltiz, biak bigarren zatian, egin dituzte golak. Gure taldea orain bosgarren dago sailkapenean eta gol aldea ere zurigorrien alde geratu da andaluziarrekiko, nahiz eta oraindik Liga amaitzeko hamaika jardunaldi falta eta borroka latza izango den. Partida lehiatua izan da oso, gorabehera askokoa, gogorra zentzurik onenean eta alderik txarrena, gure taldeari dagokionez, Toqueroren lesioa izan da, Iraolarena ez baitu ematen horren larria denik, asteleheneko partidari begira behintzat.

Zurigorriak nagusi izan dira lehen zatian, bigarrenaren hasieran andaluziarrek euren abagunerik garbienak izan dituzte eta lehenengo gola sartu duenetik Athletic, oraingoan bai, norgehiagoka buru hotzez ondo kudeatu du.

Sevilla FC-k talde indartsua eta garaia zelairatu du eta falta edo korner jaurtiketa bakoitzean denetik egon da. Halaz ere, zailtasun handiak izan dituzte Llorente geldiarazteko eta, ohikoa den legez, irteera indartsuari segida emanez, lehen aukerak etxekoentzat izan dira. Laugarren minutuan kontraeraso azkarraren eskutik Toqueroren erdiraketa Llorentek buruz errematatu du, baina Varasek kornerrera bidali du.

Zortzigarrenean gorabeherak hasi dira. Negredok eta Iraolak tupust egin dute Navasen erdiraketaren ondorengo baloiaren bila. Biak odolez, baina Negredorena begi ondoan zenez eta babesik gabe geratu ondoren, odolez eta haserre bizian zelaia utzi behar izan du. Bederatzi puntu eman diote. Kanoutek bere tokian zelairatu da 15garrenean eta Sevillak ez du presioa hain goian egin, baina kontraesankorra bada ere, bisitariek eskertu dute sartu berriaren lana zelai erdian.

Athleticek min egiteko estrategiari ekin dio. Martinezek buruz egindako errematea Varasek kornerrera bidali du 22.garrenean. Epaileak horia erakutsi dio Navarrori, partidako lehena, baina aurretik beste batzuk ateratzeko aukera izan eta gero. Sevilla ez zen gora heltzen, baina Rakiticek areaz kanpotik arriskua bitan sortu du. Kanpora jaurti du ordu erdian eta gauza bera egin du 32garrenean, Navasek hortik gutxira egin duen bezala. Irekiagoa zen lehia, harmailetan kezka beste bat zen arren, Llorenteri etengabe falta egiten zioten eta. Beraz txalo zaparradarekin hartu dute epaileak aldeko lehendabizikoa seinalatu duenean. Llorentek buruz falta hori errematatu du, baina gutxigatik kanpora. Gurpegiri erakutsitako horiarekin atsedenaldira heldu gara eta husnakoaren eskutik, bigarrenean edozein gauza gerta zitekeen.

Aldegeletatik bueltan hasiera negar egiteko modukoa izan da. Irten eta berehala Toquero lesionatu da. De Marcosek hartu du bere tokia eta Sevilla jaun eta jabe izan da, hamar minutuz bada ere. Kanoutek buruz kanpora penalti puntutik errematatu du, Navasen erdiraketaren ostean. Escudek, buruz ere, langa gainetik 53garrenean eta Kanoutek aukera on bat izan du 56garrenean, baina zorionez bere eskuinkada kanpora joan da.

Escudek txartela ikusi du eta gure taldea pixkaka aurrerapausoa eman du eta Sevillaren zelaian mugitzeari ekin dio. Ordubetea baino lehenago, David Lopezek areaz kanpotik jaurti du, baina Varasek baloia gelditu du, bost minutu beranduago Muniainen jaurtiketarekin gertatu den bezala eta hortik gutxira, 66garren minutuan, askotan bizkarra eman digun zortea agertu da bat eta zerokoa ahalbidetzeko. Gurpegik baloia eskuinaldera ireki du, hortik sartzen ari zen Koikili arearantz erdiratu du, baloia atzelari baten hankartetik pasa da, baina atzean zegoen Fazioren hanketan jo du, Varasen ahalegina gaindituz.

San Mamesek lasaitu ederra hartu du eta baita taldeak ere. De Marcosek ezkerrez, 67garrenean, Iraolaren jokaldi baten ostean, abagunea izan du, baina Varasek jaurtiketa erraz harrapatu du. Pena, jokaldia polita baitzen oso. Luis Fabiano ere lesionatu da, 69garrenean hain zuzen ere, eta zelaia utzi behar izan du. Capelek hartu du bere tokia, Perotti erdirantz mugiaraziz. Dena den, Sevillak bere azken ahalegina egiteko prest zegoen, eta egin du. Esaterako 72garrenean Rakitic urrutitik saiatu da. Kanoutek buruz errematatu eta Iraizozek kornerrera desbideratu du. Perottik horia ikusi ondoren, 77garrenean, Iraizozek bere gorputzarekin Kanouteren buelta erdia ezerezean utzi du.

Hamar minutu falta ziren lehia amaitzeko eta gure taldea ez zegoen prest unera arte egindako guztia zakarrontzira botatzeko, zer edo zertarako balio behar baitzuen Valentziaren aurka duela astebete bizitakoa. Orbaiz David Lopezen ordez sartu da, Gurpegi eskuinaldera pasaraziz eta Sevillan Romaricek Medelen tokian zelairatu da. Atzerako kontaketa. Zazpi minutu amaitzeko, Gabilondo Muniainen ordez, baina azken minutuak uste baino lasaiagoak izan dira, zurigorriek aurrerapausoa eman dutelako eta, honen eskutik, bigarren gola heldu delako. Amaitzeko bost falta zirela, Gurpegik boleaz sareetarantz zihoan baloia bidali du, baina Escude tartean sartu da esferikoa kornerrera urrunduz. Berdin zen, baloia sevillarren area ingurutik baitzebilen eta arauzko azken minutuan Escudek penaltia egin dio De Marcosi.

Inozo bezain argia. Penaltia Iraolak jaurti du, hesgailua buruan ibili munduan. Bi eta zero eta gol aldea Athleticen alde. Egun gogorrari bukaera ezin hobea ipintzeko, gripeak jota, sukarra eta guztiz, jokatzeari baiezkoa eman duelako eta, horretaz gainera, zazpi puntuen zama bere buru gainean ia partida osoa eraman duelako. Merezi izan du, bere engaiamendua, beste behin ere, eta taldekide guztiena aurreko fase txarrarekin amaitzeko eta, espero dezagun, berri eta luze on bati ekiteko, denbora soberan ez baitago azken txanpa honetan irregularrak izateko. Bitartean, eta bosgarrenak gauden arren, atzetik etortzen direnekiko aldea txikia da oso, baina ikuspegia, zergatik uko, zeharo ezberdina da.


Athletic Clubek honako hamaikako hau zelairatu du Sevillaren aurka: Iraizoz, Iraola, Ekiza, San Jose, Koikili, David Lopez, Javi Martinez, Gurpegi, Muniain, Toquero eta Llorente. Aulkian Raul, Amorebieta, De Marcos, Gabilondo, Susaeta, Orbaiz eta Ocio egon dira.

Sevilla FCk honako hamaikakoa zelairatu du: Javi Varas; Caceres, Fazio, Escude, F. Navarro; J. Navas, Medel, Rakitic, Perotti; Negredo eta Luis Fabiano. Aulkian Palop; Romaric, Renato, Kanoute, D. Capel, Dabo eta Alexis egon dira. Alfaro geratu da deialditik at.

Epailea Alvarez Izquierdo izan da.