Athletic Club - Real Madrid
Jardunaldia 31
Liga

Athletic Club - Real Madrid

Athletic Club
Athletic Club
03
Real Madrid
Real Madrid
  • Kaká (p.) 13'54'
  • Ronaldo 70'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Zigor handiegia denboraldiko partidan

Athletic Clubek 0-Real Madrilek 3Athletic Clubek 0-3 galdu du Real Madrilen aurka. Kakak (2) penaltiz…

Athletic Club

Athletic Clubek 0-Real Madrilek 3



Athletic Clubek 0-3 galdu du Real Madrilen aurka. Kakak (2) penaltiz eta Ronaldok sartu dituzte kanpotarren golak. Zigor handiegia berehala aldapaz gora ipini den denboraldiko partidan, hasieratik Real Madrilek gure ohiko erasoa antolatzeko ipini dituen zailtasunei epailearen irizpide bereziak batu baitzaizkie. Real Madrilek aukera gehiago izan du, gure taldea asaldatuegia jokatu du, batez ere lehen zatian, baina borroka honetan aparteko laguntzarik izatea itsusia da oso, batez ere hainbestetan negarrez antzezpenak eta hitzaldiak antolatzen diharduenarentzat.

Athleticek ekimena zeraman, baina Real Madrilek, Pepe eta Lass zentralen aurretik zeukana, bere kalitatea eta abiadurari etekina ateratzeko aukeraren zain zegoen. Gurpegik txartel horia ikusi du hamaikagarren minutuan, bisitariek zigor bera eroateko merezimenduak egin eta gero, eta hortik oso gutxira Iraizozek Di Mariaren barneraldia penalti eginez moztu du. Horia atezainarentzat eta Kakaren gola.

Epailea ia denak zoratzen zituen, beroa eta boladaz zebilen haizea bezala. Lehen zatian errematatzailerik onena izan den Gurpegik ezkerrez jaurti du eta baloia kornerrean amaitu da. Aurrekoa gutxi balitz, madrildarren jokoz kanpoak adierazterakoan marrazaina ere ez zebilen finegi eta horrelako batean Higuain atezainaren aurrean geratu da, baina Iraizozek ondo erantzun du. Kontraerasoan arriskua gero eta handiagoa zen eta Higuainek hurrengo aukera izan du, baina Iraizozen aldaratzearen ondorengo errematea kanpora abiatu da.

Beroa nagusi zen zelaian eta harmailetan, baina Athleticek azkarregi heldu nahi zuen Real Madrilen arearantz. Markagailu estuak baino ez zuen emoziorik jartzen, abaguneak ikustea zaia baitzen oso. Halaz ere, azken txanpan gauzak animatu dira: 34garrenean Muniainek areaz kanpotik jaurti du eta Casillasek harrapatu du; 37garrenean Di Mariak ezin izan du kontrolatu atezainaren aurrean bakarrik zela eta ia segituan kanpora bidali du baloi loratua; 43garrenean Kakak jaurti du, baina Iraizoz gai izan da baloia harrapatzeko; Gurpegik Llorenteren lagapena kanpora ezkerrez jaurti du, penalti izan zitekeen, batez ere bigarren zatian seinalatu dutena kontuan hartuta; eta, amaitzeko, Toquerok buruz errematatu du eta Casillasek kornerrera bidali du.

Epailea aldageletara txistuen artean abiatu da eta anoa bera jasoko zuen bigarrenean. Atsedenaldiaren ostean David Lopez Gurpegiren ordez zelairatu da, beharbada estrategiak zeukan garrantzia aprobetxatu nahian. Egia esan, bertikalago ekin dio Athleticek, baina lehen zatian gertatu den bezala, beste penalti batek dena ia ezinezkoa ipini digu. Casillasek Martinezen burukada harrapatu du. Ramosek horia, laranja behintzat izan zitekeena ikusi du, eta 53garren minutuan epaileak Castilloren penaltia Di Mariari seinalatu du, eztabaidagarria oso, eta Kakak bigarrena ezarri du.

Hortik aurrera, Gomezek irizpideak zein aldagarriak diren erakutsi ditu eta ikusezinek ziren txartelak erraztasun osoz atera ditu, norgehiagoka ia erabakita zegoela. Lass eta Casillas dira lekuko. Ronaldo Higuainen ordez, eta Iturraspe Martinezen ordez zelairatu dira. Azken honi atera dioten txartela txantxetakoa zirudien, zikloko bosgarrena izango ez balitz eta aurreko minutuetan Real Madrileko jokalarien protestak gure jokalariarenak bezain agerikoak izango ez balira.

Toquerok Athletic partidan sartzeko aukera izan du 61garrenean, baina ezkerkada kanpora abiatu da. Ostean, Ronaldok jaurti du eta Iraizozek ondo harrapatu, Lassi bigarren txartel horia barkatu diote eta Llorentek buruz errematatu du langa gainetik. Alonso Di Mariaren ordez sartu da eta 70garrenean Ronaldok kontraeraso azkarrari amaiera emanez, hirugarrena sartu du. Hor bai, hor amaitu da lehia eta Mourinhok, orduan bai, prentsaurrekoen etenbako zirkoaren ostean harropuzkeriari tartea ere egin dio, Castillori buruz zoroarena eginez.

Zaleek eta taldeak ez dute etsi, baina partida amaitu bitartean, Kaka zein Llorenteren aukera bana baino ez dugu ikusi, baina garrantzitsuena ikusita zegoen jada. Tamalez. Gauzak horrela europar postuetan amaituko du taldeak jardunaldia, seigarren edo zazpigarren postuan, baina falta diren zazpi jardunaldietan lan eskerga egin beharko du taldea europar postuei eusteko, jarraian etorriko zaizkigun derby bietatik hasita.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: : Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Castillo; Gurpegi, Javi Martinez, Orbaiz, Muniain; Llorente eta Toquero. Aulkian Raul, David Lopez, Iturraspe, De Marcos, Gabilondo, Ocio eta Diaz de Cerio egongo dira. Susaeta geratu da deialditik at.

Real Madrilek honako hamaikakoa zelairatu du: Casillas; Ramos, Albiol, Garay, Arbeloa; Lass, Pepe; Di Maria, Kaka, Granero; Higuain. Aulkian Dudek; Carvalho, Adebayor,Ronaldo, Marcelo, Alonso eta Özil.

Epailea Clos Gomez izan da.