CA Osasuna - Athletic Club
Jardunaldia 32
Liga

CA Osasuna - Athletic Club

CA Osasuna
CA Osasuna
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 51' Kike Sola
  • Llorente 68'
  • Muniain 89'

KokapenaReyno de Navarra , Iruñea

Egoera zailari aurre egin urrezko puntuak lortzeko

Osasunak 1 Athletic Clubek 2Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Osasuna taldeari. Llorente eta Muniain gure…

Athletic Club

Osasunak 1 Athletic Clubek 2


Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Osasuna taldeari. Llorente eta Muniain gure golegileak izan dira eta Sola etxekoena. Garaipen landua, ia bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatu eta gero, baina talde honen fedeak urrezko hiru puntuak eskuratzeko baliogarria izan da. Gauzak horrela, Athletic Club bosgarren dago LIga amaitzeko sei partida falta direnean eta larunbatean San Mamesen, bigarren derbi jarraian, ea emaitza berarekin amaitzen den. Hitzordu horretarako, helegite onarturik ezean, Iraizoz, Castillo, Iturraspe eta Muniain partida bateko zigorra izango dute.

Partida negar egiteko moduan hasi da gure taldearentzat. Gurpegik, zorabiaturik, burua odoletan zuela Monrealekin tupust egin eta gero, zelaia utzi behar izan du. Bigarren minutuan gertatu da eta bosgarren minutuan David Lopez bere tokian sartu da. Athleticek kolpea ere nozitu du, burukada eta Osasunaren presioa lehen hamar minutuetan estu eta larri ibiltzeko.

Sergiori atera dioten lehen txartel horiarekin batera etxekoen sua moteldu da. Norgehiagoka, bere eskasian bada ere, orekatu da. Talde biek huts egiteak pilatu dituzte eta zaila zen oso jokoan jarraikortasunik topatzea. Osasunak kontraerasoak bilatzen zituen eta atzo azkenekoz elastiko zuria eta urdina eraman zituztenek zailtasun handiak zituzten Ricardorengana heltzeko. Soilik berrogeigarren minutuan Ekizak atera eta inork ukitu ez duen falta jaurtiketan lana izan du. Hau da, ez du lanik izan.

Etxekoek, aldiz, bitan mehatxatu dute, 22garrenean Camuñasek langatik gora areaz kanpotik jaurti duenean eta hiru minutu geroago Pandianik arrasean Iraizozi lana eman dionean. Aldi honetan Castillok txartel horia ikusi du, bigarren zatian garrantzitsua izango zena eta eztabaidarako jokaldia ere egon da Solari jokoz kanpokoa seinalatu diotenean Iraizozen aurrean bakar bakarrik geratzen zela. Ez zirudien jokoz kanpo zegoenik, bigarren zatian Llorenteri gertatu zaion bezalaxe.

Bigarren zatian Athletic gogotsuago irten da, baina lehen zatian bezala, gauzak oso goiz okertu dira. Ekizari denboraldiko lehen txartel horia atera diote eta faltaren jaurtiketaren ostean, gure jokalariak ez dira ados ipini baloia urruntzerakoan eta Solak, buelta
erdian, bat eta zerokoa ezarri du 51garren minutuan.

Athletic erreakzionatzen saiatu da, Castilloren erdiraketa errematatzailerik aurkitu gabe kanpora joan da eta Castillo bera ere kanpora abiatu da, epaileak bigarren txartel horia erakutsi diolako, jokaldia behin eta berriz ikusita atzelariak Nelson elastikotik ez duela heltzen ikusten den arren. Berdin ze, egotzita izan da 57garren minutuan. Apur bat lehenago Susaeta Orbaizen ordez zelairatu da, baina ez da denborarik egon Caparrosek zer egin nahi zuen ikusteko.

Etxekoak, eta batez ere beren jarraitzaileak hazi dira. Ekizak ia ia gure atean sartu du baloia erdiraketa bat desbideratzean. Zorionez baloiak zutoinaren kontra jo du. San Josek Toqueroren tokia hartu du ordubetean eta Llorente aurrean bakar bakarrik geratu da. Birmoldaketaren ostean, berriz hasierako hamaikakoan agertu den Amorebieta ezker hegalera pasa da, Iturraspe apur bat atzeratu da, Susaeta, David Lopez eta Muniain denetik egin dute, lehena gehiago zentratu den arren.

Mendilibarrek, aldiz, Soriano Cejudoren ordez zelairatu du eta txartel gorriaren ondorengo minutuetan zaleek gorritxoen garaipena paseotxo bat irudikatu duten arrean, Athletic berrantolatu denetik ikuspegia zeharo aldatu da. Bat-batean Toquero berdegunetik desagertu denean, gainera hirugarren aldaketa izanik, askorentzat aurrera joateko aukerak gutxitzen ei ziren, baina zurigorriek atzean sendo egotea hobetsi dute eta hortik erasorako abaguneak antolatzeko beta eman die. Ez dira gehiegi izan, baina bai nahikoak aprobetxatuz gero eta halaxe gertatu da. Kontuan izan behar da aurrean geneukan taldea hil edo biziko egoeran zegoela, eta dagoela, eta ez zela inolaz ere erraza egoerarik zailenean etekinik ateratzea.

Hala eta guztiz ere, berdinketaren golak aurreko paragrafoan esandakoa baieztatzen zuen. Partidako 70garren minutua zen. Llorentek buruz berdinketa lortu du David Lopezen jokaldiaren ostean, baina gola lortzeko zurigorriek arriskatu behar izan dute. Lehen San Jose, gora begira, baloia arrisku handiak hartuz atera du, gauza bera egin du Iturraspek, baina azkenean baloia zentzuz hegalera bidali du eta hortik David Lopezen erdiraketa buruz errematatu du Llorentek bere lehorteari amaiera emanez.
Zailena, askotan legez, egina zen, baina Osasunaren erreakzioa ikusteke zegoen. Eta ez du erreakzionatu. Nelson saiatu da behin eta berriz bere eskuin hegaletik, baina Osasuna jada galduta zebilen, noraezean. Coro Pandianiren ordez sartu da 77garrenean, baina lehen genion moduan, aurrera joateko joera duten jokalari asko izateak ez du garaipena bermatzen.

Osasuna bihotzez ekin dio eta epaileak txartelak banatzeari eutsi ere, baina irizpide malguak erabiliz. Sergiok txartela merezi zuen, bigarrena izango zena, baina ez dio atera eta bai Sorianori. Gero Llorenteri ere. Atzean sendoago zegoen gure Athletic.
Leka Camuñasen ordez sartu da 86garrenean. Dena den, azken tarte horretan nobedadeentzako tokia egon da: Sergiori, azkenik, berea tokatu zaio eta bigarren txartela erakutsi diote Susaetari falta egin eta gero. Logikoena berdinketa zen, baina joaneko partidan bezala Athleticek gauza bi dauka argi eta garbi. Lehena, azken segundora arte borrokarako grina ez dela galtzen, egoerarik zailenetan ere eta, bigarrena, goian amaitzeko denboraldi batean hiruzpalau partida “itsusi” irabazi egin behar direla, adibidez Levanteren aurka bita ere 1-2 irabazi eta gero adierazi genuen legez.

Eta gauza biak gauzatu dira. Laurogeita hamargarren minutuan, nork eta Munianek, gola lortu du. Gurpegi ospitalerako bidean zela dianarik gogorrena Muniainena izan da. David Lopezek pase sakona egin du ezkerralderantz, Muniainek Nelsoni aurrea hartu dio, atzelaria berria aurrean kokatu da, baina azken unean zoro moduan irten den Ricardorekin egin du tupust. Biak soropilera joan dira, baloia solte geratu da eta Muniainek areaz kanpotik bat eta bikoa egin du. Gol garrantzitsua urrezko puntuak erdiesteko, bigarren derbyaren atarikoetan.

Muniain zoratu da eta ia zelai erdia zeharkatu du aulkiko kideekin ospatzeko. Hori bai, “Muniain hil zaitez” edo “Putaseme” etengabe entzun ostean, jokalariari esku bat une batez belarrian jartzeagatik txartel horia atera diote. Beste kontraesan bat, gaurko partidan egon diren askoren artean, jokoa eta eraginkortasunaren artekoa bezala, baina onerako edo txarrerako beti bat ez direla etortzen jakin badakigu. Ea hurrengo asteburuan horretaz jarduteko abagunerik daukagun. Alderatzean garaile ateratzeko, jakina.