Paris St-Germain - Athletic Club
Jardunaldia 6

Paris St-Germain - Athletic Club

Paris St-Germain
Paris St-Germain
42
Athletic Club
Athletic Club
  • 21' Pastore
  • 41' Bodmer
  • 85' Iñigo Pérez (b.a)
  • 90' Hoarau (p.)
  • Aurtenetxe 3'
  • David López 55'

KokapenaParc des Princes , París

Lan ona eta porrota fasea amaitzeko

PSG-k 4 Athletic Clubek 2Athletic Clubek 4-2 galdu du UELeko Multzoen Faseko azken jardunaldian PSGren,…

Athletic Club

PSG-k 4 Athletic Clubek 2


Athletic Clubek 4-2 galdu du UELeko Multzoen Faseko azken jardunaldian PSGren, aurka. Pastore, Bodmer, Iñigo Perez bere atean eta Hourau, penaltiz, izan dira etxekoen golegileak eta Aurtenetxe eta David Lopez, gure taldearenak. Atzoko berdeek lehen gola sartu dute aldi bakoitzaren hasieran, baina azken txanpetan etxekoak eraginkorragoak azaldu dira.

Halaz ere, PSG ez da sailkatuko hogeita hamabiko sailkapen faserako Salzburgok etxerako lanak egin dituelako Slovan mendean hartuz (2-3). Athletic Club jada sailkatuta zegoen, lehen postuan gainera. Horregatik Marcelo Bielsa entrenatzaileak hainbat aurpegi berri edo ezohikoak zelairatu ditu (Raul, Ibai, Gabilondo, Ekiza, San Jose, David Lopez, Iñigo Perez) eta Ruiz de Galarretak partida ofizialean bere debuta egin du.

Eta ligaxka amaitzeko porrota heldu da, lehiaketa honetan lehendabizikoa, baina askotan gertatzen den legez, emaitza baino haratago irakurketak egin daitezke, baita positiboak ere, horretarako baitzen partida hau ere. Alde batetik taldean jokalari ezberdinak agertzen badira jokatzeko era ez dela aldatzen. Taldeak protagonista izan nahi du eta minuturik gehienetan behin eta berriz erakutsi du Parc des Princesen.

Bestetik, alde batzuk ere hobetu daitezkeela argi dago, adibidez estrategiako jokaldiak. Lehen golen argi geratu denez, edo erasoko nagusitasuna (zenbakietan behintzat) hobeto aprobetxatu daiteke.

Athleticen hasiera ezin hobea izan da. Gabilondok boleaz aukera paregabea izan du bigarren minutuan, baina gola ikusteko gehiegi ez zen itxaron behar. David Lopezek kornerra lehen zutoinera atera du eta Aurtenetxek buruz zero eta batekoa ezarri du. Atzelariak berak bigarrena egiteko aukera izan du 10garrenean, baina kasu honetan atzelari batek bere burukada urrundu du. Soilik Bratislavako emaitzak bizirik mantentzen zuen Pariseko taldea, gure taldea jaun eta jabe baitzen, baloia Raulengandik urrun mantentzen eta zentzuz mugitzen. Taldeak, azken finean ez zuen nabaritzen aurpegi berrien presentziak ekar zezakeen deskoordinazioa eta arerioaren aurreko lau jokalari trebeak estu loturik zeuden goian hasten zen presioari esker.

PSG-k ez zuen aukerarik sortzen, jaurtiketa desbideratu bi kenduta, baina estrategian etekin paregabea atera du 21. minutuan. Falta bat atera dute arerantz, Bahebecken lagapena buruz eta Pastorek, bakarrik zela, banakoa ezarri du.

Athleticek erreakzionatu egin du eta bere jokoari eutsi dio. Berehala Gabilondorentzat izan da aukera, baina horren erdiraketa atezainak harrapatu du. Iñigo Perezek 28garrenean zartako ederra bota du, baina Douchez atezainak ahal izan duen moduan urrundu du baloia, aldaratzea Gabilondok errematatu du, baina jokoz kanpo zegoen.

Pixkaka PSG-k ez du horrenbeste presiorik sentitu eta Pastore eta enparauak askatasun gehiagoz mugitzen hasiak dira. Raul denboraldi honetako bere estreinako partidan ondo erantzun du eta lana pilatu zaio azken txanpa honetan. Hasteko Gameiroren oinetara ausart irten da eta 32garrenean Iñigo Perezek kanpora jaurti duen arren, atsedenaldira arte lan eskerga izan du. Beste irteera on bat egin du Pastoreren aurrean eta aldaratzea Bahebeckek kanpora bidali du. Bahebeckek berak kanpora errematatu du gertutik, aukera guztiak sareetara bidaltzeko zeukanean, baina komeriak ez dira hor amaitu eta korner jaurtiketa on bat Bodmerek buruz sareetara errematatu du. Ekaitza ez da baretu eta Raul bikain aritu da ere 44. minutuan Gameiroren aurrean.

Atsedenaldian PSG sailkatuta zegoen, Bratislavan binako berdinketa baitzen, eta Athletic partida txukuna egiten ari zen. Aldaketarik gabe eta lehen zatiaren hasierako izpirituari eusteko asmoz, Athletic indarberriturik zelairatu da bigarren zatian, presioa hobeto eginez eta min egiteko gai zela, soropilaren egoera kaxkarraren gainetik baloia ondo mugituz.

Ibaik lehendabizikoz partida oso bat jokatu du lehen taldearekin eta bigarren gola egiteko aukera izan du 51garrenean, ezkerrez langa gainetik jaurti baitu. Hobeto atera zaio taldeari Iñigo Perezek landu duen jokaldia, baloia barrutik David Lopezengana heldu da eta honen zartako ederra binako berdinketa suposatu du 55. minutuan.

Gure mutilak ez dira geldirik geratu eta hirugarrena egiteko jokoa eta aukerak izan dituzte. Iraolaren abagunea argia izan da 63garrenean, baina eskuinkada arrasean gurutzatuegia kanpora abiatu da. Honez gero Susaetak jada Toqueroren lekua hartuta zeukan eta punta moduan aukera ona sortu du 66garrenean, baina ezkerrez egindako errematea kanpora joan da. Ibaik kontraeraso batean ez du azken pasean asmatu. Muniainek Gabilondo ordezkatu eta gero, Aurtenetxek beste bi jokaldi onak egin ditu, bat 74garrenean bere arean ondo gurutzatu denean arriskua uxatzeko eta bestea 79garrenean erdiratu/jaurti duenean.

Azken ordu laurdenerako Kombouarek hiru aldaketak eginak zituen goian freskotasun gehiago topatu guran. Hoarau, Jallet eta Erdinç sartu ditu eta ez zaio txartoegi atera. Binakoa zen markagailuan azken hamar minutuetan, baina dena okertu da. Epaile laguntzaileak edota laguntzaileak berak epaileari esan dio San Joseren eskua barruan zela baloia jo duenean. Penaltia Nenek lekutara jaurti du, ez zen seinale txarra, baina minutu bat beranduago Iñigo Perezek saiatu da kanpora desbideratzen Erdinçen erdiraketa, baina alferrikako lana izan da. Hiru eta bi.

Galarretak debuta egin du, baina oraindik sufrikarioa ez zen amaitzen. Penalti berri bat, Iturraspek Neneri egindakoa, zerbait zalantza ere sortzen zuena, eta epaileak seinalatzeko laguntza ere behar izan duena. Hoarauk jaurti eta laugarrena egin du eta Pastorek era beste abagune izan du, baina Raulek ondo erantzun dio.

Azkenean, zapore mingotsa guztientzat, Athletic Clubek askozaz gehiago merezi izan duelako, eta PSGk irabazi arren bere etxeko txapelketetan zentratu behar delako. Orain ostiraleko zozketaren zain egon ondoren, indarrak bildu behar dira urteko azken bi partidetarako, Zaragoza Ligan hartu eta Oviedo Kopan. Dena den, gaurko irakaspena erraza bezain garrantzitsua da oso: talde egon badago, hori da inportanteena.