Racing2 : 1Athletic Club

Yoda10'
Moi Delgado88'
Olaortua85'(b.a.)
Bertaratzea12.860
Estadioa
El Sardinero
Herria
Santander
Data
2019-8-4
Ordua
20:00
Data eta ordua
2019-8-4 - 20:00

Athletic ezinean Zidane bikain baten aurrean

Racing-eko atezainaren aurrean izandako aukerek markagailua aldatu zezaketen

2019ko abu. 4a22:14

Beste aste bat bukatzen da Athletic-entzat, gogorra, azkeneko lau egunetan jokatzen duten hirugarren partiduarekin. Azterketa ona Garitanoren mutilentzat eta denboraldi-aurre honetan galtzen duten lehenengo partidua (2-1) Luca Zidane atezainaren lanari esker.

Etxeko taldea aurreratu zen markagailuan Yodak buruz sartutako gol bati esker partiduko lehenengo minutuetan. Talde bietako jokalariak zelaian kokatu nahian zeuden oraindik Racing-en gola heldu zenean. Gaizka Garitanoren taldeak ez zuen atzera egin eta aukera onak izan zituen berdinketa lortzeko. Iñigo Martinezen, denboraldi-aurreko bigarren partidua hamaikakoan eta minutuak gehitzen jarraitzen du Ondarrutarrak, burukada on batekin, Adurizek baloia langa ganetik bidalitako jaurtiketa batekin eta De Marcosen abagune batekin.

Atsedenaldira heldu orduko Adurizek izan zuen zurigorrien aukera garbiena. Eskumatik egindako jokaldian, bikain kontrolatu zuen baloia paparrez aurrelariak baina Donostiarraren jaurtiketari erantzun bikaina eman zion Luca Zidanek. Racing-eko atezainaren lan bikainari esker mantendu zuen etxeko taldeak abantaila markagailuan lehenengo 45 minutuetan.

Bigarren zatia Herrerinen geldiketa bikain batekin hasi zen Cayarga-ren jaurtiketari erantzun bikaina emanez. Racing-en aukera garbiena minutu askotan, baloi jabetza eta aukera garbienak talde zurigorriarenak bait ziren; batez ere, Ibairen hanketatik irtendako bi aukera. Lehenengoan ez zen inor errematatzeko gai izan eta bigarrenean, San Jose izan zen goletik gertu.

Baina egia da aukera garbiena Larrazabalek izan zuela Luca Zidanen aurrean korrikaldi luze baten ostean baina atezainak geratu zion baloia. Athletic-en aldaketak heldu ziren, bi txandatan. Lehenengo Nolaskoain eta Sancet zelairatu ziren eta hamar minutu beranduago Villalibre eta Iñigo Vicente. Azken honek ere paregabeko aukera izan zuen baina momentu ikaragarri onean zegoen Luca Zidanek atera zion baloia. Jokaldi horretan lesionatu zen atezaina eta txalo zaparrada artean hartu zuen aldageletarako bidea.

Nolaskoainek ere izan zuen bere aukeratxoa eta zurigorrien dozena erdi aukeren ostean, Iñaki Olaortuak sartu zuen baloia bere atean banako bardinketa ezarriz markagailuan. Athletic-ek partidurik galdu gabe jarraituko zuela ematen zuenean, hiru minutu beranduago, Delgadoren gola heldu zen.

Racing Club: Zidane; Buñuel, Olaortua, Figueras, Minero; Cayarga, Kitoko, Ortiz, Cejudo; Díaz eta Yoda.
Aldaketak: Delgado eta Siverio, Yoda eta Díazen ordez (46’), Gil eta Hidalgo, Figueras eta Cayargaren ordez (66’), Ruiz Cejudoren ordez (69’), De Vicente Kitoko-ren ordez (76’), Diaz Zidanen ordez (81’) eta Puras Mineroren ordez (89’).

Athletic Club: Herrerín; De Marcos, Vivian, I. Martínez, Balenziaga; San José, Beñat; Larrazabal, Vesga, Ibai eta Aduriz
Aldaketak: Nolaskoain eta Sancet, Vivian eta Vesgaren ordez (62’) Villalibre eta Iñigo Vicente, Aduriz Ibairen ordez (76’), Oleaga Herrerinen ordez (79’) eta Kodro Lazarrabalen ordez (86’).

Golak:
1-0 (10´) Yoda
1-1 (85´) Olaortua (b.a.)
2-1 (88´). Delgado

Epailea: López Toca. Txartel horiak: Vesga (44’), Aduriz (46’).
Zelaia: El Sardinero (12.860 ikusle)