Athletic Club VS Levante UD 2019-11-10 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
13. Jardunaldia

Athletic Club2 : 1Levante UD

Muniain57'
Capa87'
Postigo45'
Bertaratzea33.202
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
10/11/2019
Ordua
14:00
Data eta ordua
2019-11-10 - 14:00

Athleticen zaparrada markagailuari buelta emateko

87’-an sartutako Caparen golatzar batek garaipena eman die zuri-gorriei, partida ona jokatu ostean

2019ko aza. 10a

Futbolak justizia egin du. Denboraldiko Athletic onenak ezin zuen emaitza txarrik lortu Levanteren aurka. Zuri-gorriak hasieratik askoz gehiago izan badira ere, aurkariek gol itxurako altxor batekin egin dute topo lehen zatiko azken jokaldian. Iker Muniainek, buruz bigarren zutoinera, eta Capak, partida bukatzear zela korner baten irteeran egindako jaurtiketa gurutzatu batekin, markagailuari buelta eman eta merezitako garaipena eman diote Athletici.

33.000 pertsona baino gehiago izan dira San Mamesen hotzari eta euriari aurre egiten, eta azkenean, merezitako saria jaso dute, azken txistura arte itxaron dutenek batez ere. Astean zehar eztabaida sortuko duen gaia da hau. Levanteren aurka edukitako abagune argien kopurua eta erasoan egindako erakustaldia ikusita, Granadaren aurka gehiago etor daitezkeela aurreikusi daiteke. Getafek eta Osasunak gaurko partida berdintzen badute, Athleticek Europako postuetan bukatuko du jardunaldia.

Ezinezkoa zirudien Aitor Fernandez zuri-gorri ohiaren atea zulatzea. Atezainak geldiketa piloa egin ditu lehen zatian. Muniain, Unai Lopez, Raul Garcia, Yuri… Ez zegoen modurik. Eta futbolaren topikoek agintzen duten bezala, hainbeste barkatzea garesti ordaindu du Athleticek. Lehen zatiaren bukaeran Postigok Levanteren gola egin du, baloia Simonen hanken artean sartuz. Zorte txarra zuri-gorrientzat.

Athleticek ez du amore eman eta ekinaren ekinez lortu du partidari buelta ematea. Bertikaltasunean ikaragarri, ukituan pazientzia handiz eta defentsan bikain aritu dira zuri-gorriak. Simonek Levanteren partidako bigarren eta azken erasoa gelditu ondoren iritsi dira Athleticen abaguneak San Mamesera. Iñigo Martinezen burukada lehenengo eta Caparen ahaleginaren saria ondoren: Yerayren pase luzearen bila kornerreko banderatxoraino joan da korrika, erdiratu egin du eta Muniainek sareetara bidali du baloia. Ez du buruz errematatu altuenak, azkarrenak baizik.

San Josek gertu izan du 2-1ekoa, baina gola Caparen fedeari esker iritsi da berriz. Poz handiz ospatu du jlehoi gisa sartu duen lehen gola. Euria eta markagailuari buelta San Mamesen. Itzuli da gotorlekua.