Athletic Club VS Getafe 2020-2-2 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
22. Jardunaldia

Athletic Club0 : 2Getafe

Damián36'
Mata50'(p.)
Bertaratzea40.291
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
02/02/2020
Ordua
16:00
Data eta ordua
2020-2-2 - 16:00

Getafek garaipena lortu du San Mamesen

Madrildarrek 0-2 mendean hartu dute lehoiak arratsalde txar batean, eta hauek hiru hilabete geroago Aduriz berreskuratu dute

2020ko ots. 2a

Athletic Clubek porrota jaso du San Mamesen Getaferen aurka (0-2). Lehoiek ez zuten Bordalasen bloke gogorrean hortza sartzerik izan. Damian eta Mataren golek, azken hau penaltiz, kolpe gogorra marraztu zuten zuri-gorrientzat. Ez dago kexatzeko astirik, datorren ostegunean Kopako finalerdietan sartzeko aukera datorrelako zelai bilbotarrean Bartzelonaren aurka.

Oliverak mehatxu egin zion Simoni bere itzuleran kanpora joan zen kornerreko burukada batean, baina madrildarrek 35. minutura itxaron behar izan zuten saria lortzeko. Damian Suarez hegaleko atzelariaren kalitate handiko jokaldia izan zen; bi bat-biko eta Yerayri errekorte bat egin ondoren, atezain arabarra jaurtiketa gurutzatu batekin gainditu zuen.

Athleticen, Asier Villalibre zen letagina gehien zorroztuta zeukana. Desmarkea egin zuen ezkerretik, eta, Williamsek hutsunera pasatu ondoren, Soriak goian esku gogorra ateratzera behartu zuen. Zaleen etsipena bistakoa zen hainbeste etenaldirengatik, batzuk egiazkoak eta beste batzuk ez, eta horrela iritsi zen atsedenaldira norgehiagokan sartzeko itxaropenarekin.

Baina Getafek indartsu jarraitu zuen eta 0-2koa sartu zuen 50. minutuan; epaileak, Nyomen erdiraketaren ostean Lekuek eskuarekin egindako penalti baten berri izan zuen BEL-en bitartez, eta monitorean ikusi eta gero, Matak penaltia jaurti eta partida ia ezinezkoa jarri zuen.

Matak beste aukera bat izan zuen burukada batean, eta Garitanok aldaketa hirukoitza egin zuen Caparekin, Ibairekin eta zaleek ospatutako Adurizekin, azken hau ondo mugitu zelarik. Zelairatu eta berehala, hiru hilabete geroago, bisitarien atezainaren eskuetara buruz bidali zuen baloia. 78. minutuan baliorik gabe utzi zen Williamsek egindako gol bat jokoz kanpo zegoelako, eta, gainera, bi albiste txar etorri ziren: Ibaik ezkerkada batez langara bota zuen marraren ondoan botea emanez, eta Iñigo Martinezen txartel horia, Reale Arenako derbia jokatzea eragotziko diona. Baina esandakoa, Bartzelonaren erronka geratzen da, eta badakigu lehoiak orroa gogor egiten duela gau horietan. Getafe astuna, hirugarrena sailkapenean, aurkari izugarria izan zen.