CF Intercity VS Athletic Club 2019-12-17 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
1. Jardunaldia

CF Intercity0 : 3Athletic Club

Ibai1'
Beñat52'
Kodro86'(p.)
Bertaratzea4.971
Laburpen bideoa
Estadioa
Martínez Valero
Herria
Elche
Data
17/12/2019
Ordua
21:00
Data eta ordua
2019-12-17 - 21:00

Estreinaldi fidagarria Kopan

Athleticek arazorik gabe irabazi du Intercityren aurka; Ibaik eta Beñatek Larrazabalen bi erdiraketa sartu dituzte eta Kodrok penaltiz egin du gola

2019ko abe. 17a

Estreinaldi perfektua Elxen bizitakoa. Intercity 0-3 mendean hartu du Athleticek eta ez da jokalari zuri-gorririk lesionatu. Gaizka Garitanok eta bere futbolariek txapelketa eta aurkaria errespetatu dituzte. Athletic ondo hasi da Kopan eta 50 segunduan sartu du bere lehen gola. Larrazabalek, 22 urte betetzen dituen egunean, pase ona eman dio Ibairi eta honek ederto gurutzatu du Athleticen lehena egiteko. Intercityko Paco Peña jokalariak min hartu du golaren jokaldi horretan eta berdegunea utzi behar izan du.

Gaua ezinhobeto hasi da Intercityren aurka. Espainiako futbolean hazteko gogoa duen kluba da Alacantekoa, pilotarekin irizpide handia duela erakutsi duena. Bazirudien lehoiek nahikoa zutela martxa bat gutxiagorekin, baina ezin ziren fidatu. Beñaten jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora eta Raul Garciak gertu izan du gola, buruz. Herrerinek ez du arazorik izan, baina Alacantekoak ondo hurbildu dira area ertzeraino.

Beñat errebindikatzeko gogoz zebilen. Lehen zatiaren amaieran langara bidali du bolea eder bat eta 52. minutuan, Larrazabalen jokaldi bikain baten ondoren, behetik zulatu du Raul Povedaren atea. Villalibrek gertu izan du birritan 0-3koa, Larraren eta Ibairen erdiraketen ondotik. Ibaik ere gaueko bere bigarren gola egiteko aukera izan du baina bere burukada kanpora joan da gutxigatik, Lekueren pase baten ondoren.

Lehoiek, martxa bat edo bi gehiagorekin, lasaitasunez agintzen zuten Martinez Valero zelaian, 3.000 zale zuri-gorriren gozamenerako. Badaezpada ere, Garitanok Williams zelairatu du, Sancetekin batera egindako aldaketa bikoitzean. Kenan Kodrok bere buruari egindako penaltia sartu du partida bukatu baino bost minutu lehenago. Festa izan da CF Intercity apalarentzat, eta tramite erosoa Athleticentzat.