Tenerife VS Athletic Club 2020-1-28 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
1/8

Tenerife3 : 3Athletic Club

Joselu7'(p.)
Joselu21'
Dani Gómez106'(p.)
Williams17'
Williams54'
Yuri B.118'
Bertaratzea17.484
Laburpen bideoa
Estadioa
Heliodoro Rodríguez López
Herria
Santa Cruz de Tenerife
Data
28/01/2020
Ordua
21:00
Data eta ordua
2020-1-28 - 21:00

Athletic final-laurenetan da jada

Penaltietan gertatu da berriro, Elxen bezala, partida dramatiko batean, Herrinen txartel gorri goiztiar batekin eta Yuriren azken momentuko gol batekin

2020ko urt. 29a

Athletic txapeldunaren harrotasunez heldu dio Kopari. Bere sendotasunak eta berezko maitasunak saria izan du Tenerifen. Ia partida osoa hamarrekin jokatuta, lehoiek hiru aldiz altxatu behar izan dute partida. 3-3 ero bat. Eta penalti txandan, Ezkieta heroiz mozorrotu da, bere debutean. Villalibrek errematatu du, odol hotzez betetako penalti batekin.

Meritu ikaragarria izan du. Partida ezin okerrago hasi da lehoientzat. Epaileak Herrerin kanporatu du 2. minutuan, Moore falta batekin gelditzeagatik. Interpretazio desberdinak izan ditzakeen txartel gorria. Jokaldi horren osteko falta jaurtiketak Williamsen eskuan jo du eta, VAR-en begiratu ostean, Gonzalez Fuertesek penaltia adierazi du. Ezkieta Nuñezengatik sartu da, lehoi bezala bere debuta egiteko. Joseluk Teneriferen lehena sarti du.

Athletic ez da kikildu, eta hamar jokalarirekin Tenerife baino hobea dela erakutsi du. 16. minutuan heldu da berdinketaren gola, Yuriren erdiraketa batean: Raul Garciak errematatu eta Williamsek sareetara bidali du. Iñakiren eguna zen, taldekideek bere irteerako elastikoarekin omenaldia egin dioten eguna, eta gero, 9. minutuan, Tenerifeko estadio osoak. Luzapenean aldatu dutenean eragin duen txalo zaparrada betiko geratuko da gure oroimenean. Eskua bularrean jarri du eskerrak emateko. Arrazakeriari ez.

Lehoiek ez zekiten jarraian beste gol bat jaso behar zutela. Berriz ere Joselu, defentsa zuri.gorriaren nahasmenaren ondoren. Partida irauli beharra zegoen berriro, eta badakigu zuri-gorriek estimu handiegia diotela Kopari. Williamsek aukera izan du 27. minutuan, baina ez du bigarren zatira arte bigarrena egin. 53. minutuan kontraeraso batean lortu du berdinketa.

Lekuek oso ondo jokatu du erasoan eta erdiraketa ona jarri dio Raul Garciari, baina erdilaria ez da gutxigatik heldu. Zuri-gorriak nagusitasunez ibili dira berdegunean, baina indarrak ahultzen hasiak ziren, eta hor agertu zen Ezkieta, Joselu arriskutsuaren jaurtiketa gelditzeko.

Luzapenera iritsi da partida, eta Tenerife hamar jokalarirekin geratu da Carlos Ruizek bigarren txartela ikusi duenean. Gauzak alde jarri behar zirela zirudienean, luzapeneko lehen zatiaren azken minutuan Lekuek penalti bat egin du eta Dani Gomezek gol bihurtu du.

15 minutu falta ziren penaltiak behartzeko. Villalibrek kanpora bidali du Vesgaren erdiraketa. Athleticek arima utzi du azkenera arte eta Yuriren gol bikain batekin hirukoa jarri du markagailuan.  Elxen aurka bezala, penaltietara. Ezkietak erantzukizun handia izan bere estreinaldian. Eta ederto ibili da. Raul Garciak, Muniainek, Vesgak eta Villalibek asmatu dute. Ezkietak Joseluren jaurtiketa gelditu eta Moorek langa gainetik bidali du. 2-4, eta uharteetatik bueltan pozik.