Athletic Club - Villarreal CF
Jardunaldia 10
Liga

Athletic Club - Villarreal CF

Athletic Club
Athletic Club
21
Villarreal CF
Villarreal CF
  • 14' Raúl García
  • 77' Muniain (p.)
  • Coquelin 32'

KokapenaSan Mamés , Bilbao

38.698 pertsona

Athleticek eta San Mamesek Villarreal irentsi dute

Lehoiek Emeryren taldea menderatu dute 2-1ekoaz, Raul Garciak eta Muniainek penaltiz sartutako golei esker, eta bide batez, zaleak piztu dituzte

undefined

Athletic Clubek bere bigarren garaipena kateatu du LaLigan, biak etxean, Villarreal garaitzeko. Zuri-gorrien grinak eta berriz ere zalez betetako San Mamesek aurkaria irentsi zuten. 38.698 ikusleek ederki gozatu zuten kemen eta buru handiz jokatutako partidan. Raul Garciak, taldeko jokaldi bikain baten ondoren, eta Muniainek, penaltiz, behar bezala irabazi zuten Emeryren taldea. Amaiera bikaina falta zen, Rullik Berenguerri gelditutako penaltian, behin betiko 2-1ekoarekin.

Adorez eta pazientziaz eraikitako talde honek lider bat dauka aulkian, Marcelino, eta honek ederki gozatu zuen harmailetan erakutsitako sostenguarekin. Lehoiak hil edo bizi sartu ziren partidan. Gerard Morenok ezusteko bat eman ondoren, geroago lesionatu egin zena, zuri-gorriak ezker hegaletik ondo jokatzen hasi ziren. Iñaki Williamsen eta Muniainen arteko jokaldi bikain batean aipatutako lehenak langan jo zuen jaurtiketarekin amaitu zen. Bi minutu geroago, 13.ean, Balenziaga, Muniain eta Williamsen arteko jokaldi itzel batek Raul Garcia sareetan utzi zuen. Iñakik ezkerrarekin bidalitako gol asistentzia deigarria izan zen.

Iñigo Martinez, Muniainek kornerrean egindako erdiraketa batean, 2-0ekoa egiteko zorian egon zen. Hala ere, ‘Itsaspekoak’ norgehiagoka berdindu zuen Danjumaren jokaldi arriskutsu batean, Coquelinek aprobetxatuta 31. minutuan. Lehoiek, nola ez, norgehiagokan sufritzen jakin zuten, eta horretarako Unai Simonek ederto lagundu zuen eskuarekin Danjuma nonahikoaren jaurtiketa gurutzatua urruntzean.

Rulli jeloskor jarri zen beste atean eta Lekueren bolea polit batean bikain aritu zen. Partida zuri-gorrien alde jarri zen Alberto Morenok Vencedorri penaltia egin zionean, BELek ondo ikusita. Muniainek, sekulako partida eginez, 2-1ekoa jarri zuen markagailuan San Mamesen gozamenerako, 76. minutuan. Garaipena ziurtatzeko aukera heldu zen 82. minutuan, Estupiñanek area barruan Muniain zangotrabatu ondoren. Berenguerrek denboraldiko lehen gola lortu nahi izan zuen, baina Rullik penalti puntutik egindako jaurtiketa asmatu egin zuen. San Mamesek Athletici eutsi zion azkenean urrezko hiru puntuak poltsikoratzeko.