Athletic Club - Atlético de Madrid
Finalerdia (Itzulerakoa)
Kopa

Athletic Club - Atlético de Madrid

Athletic Club
Athletic Club
30
Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
  • 13' Williams
  • 42' N. Williams
  • 61' Guruzeta

KokapenaSan Mamés , Bilbo

52.061 pertsona

Finalera ate nagusitik!

Athletic bikain batek 3-0 jipoitu du Atletico gainezka egon den San Mamesen, eta Kopako tituluaren bila borrokatuko da Sevillan RCD Mallorcaren aurka

Beste galaxia bateko Athleticek, apartekoa eta geldiezina, Atletico Madril irentsi du talde txiki bihurtzeraino, apirilaren 6an Sevillan RCD Mallorcaren aurka jokatuko den finalean ate nagusitik sartzeko. 3-0ekoak, joaneko 0-1ekoarekin batera, finalerdi ahaztezina ekarri du, non Ernesto Valverderen jokalariek euren zaleen harrotasunerako hegan egin duten, eta 40 urte geroago Kopako tituluaren ametsa berpiztu da. Bost urteko hirugarren finala da, handikiro amesten duen belaunaldiarena, Europan sartzeko dagoeneko bi aukera dituena: LaLiga eta Kopako finala.

San Mames izugarriarekin, zaleen errekorrarekin eta guzti (52.061), arima zuri-gorriek Ernesto Valverdek diseinatu duen talde handiari babesa emanez, Athletic partida irabaztera zelairatu da, joaneko 0-1ekoa ahaztuta. Eta laster harrapatu du lehenengoa, Williams anaien jokaldi distiratsu batean. 12. minutuan, Iñakik sekulako bolea asmatu du Nicoren erdiraketan. Zoramena Katedralean. Lehoiek arretaz zaindu dituzte koltxoneroak, eta hauek lehen zatian Correaren aukera argi bat baino ez dute izan.

Williamsen arteko kimikak aurrera egiten jarraitu du, eta Nico 2-0ekoa lortzeko zorian egon da 26. minutuan. Bere jaurtiketa gutxigatik atera da kanpora. 42. minutuan iritsiko zenaren atarikoa izan da: Iñakik Hermosoren gainean berriro jo du eta marratik Nicori baloia utzi dio ezkerrarekin sartzeko. Hiru goleko aldea, baina bigarren zati osoa geratzen zen.

Simeoneren jokalariek ezin izan dute lehoien joko erasokorrari aurre egin, eta atsedenaldiaren ostean zuri-gorriek hirugarrena lortu dute. Nicok eta Sancetek sar zezaketen, baina Guruzetak egin du 60. minutuan, Oblakek Oihanen eskuinkadaren desbideratze bat baliatu duenean. ‘A Sevilla oé!’ gogor entzuten hasi da harmailetan.

Festa bete-betea izan da, Athleticek duen atezain harrigarriak, Julen Agirrezabalak, Simeoneren jokalarien ahaleginak zapuztu dituenean. Atleticoren aurkako partida bikoitzean golik ez jasotzeak oso ondo hitz egiten du bere lanaz.

Azken txistuarekin poz handia azaldu da harmailetan. Gaur askatzea egokitu da, baina baita eustea ere, urrats erabakigarria falta baita, titulua apirilaren 6an irabaztea. Gozatzea eta arnasa hartzea egokitu da igandean FC Bartzelonari aurre egiteko. Zein handia den Athletic hau! A zer oparia Iribarri ostiral honetako 81. urtebetetzean!