- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2024-25
- Athletic Club - Sevilla FC
Athletic Club - Sevilla FC
- 36' Jauregizar
- Padilla (b.a) 93'
KokapenaSan Mamés , Bilbo
48.288 pertsona
Zorigaitz batek Athleticen garaipena eragotzi du
Partida bideratuta izan du, baina Agirrezabalari txartel gorri eztabaidagarria atera dio epaileak eta 93. minutuan berdinketaren gola heldu da, Nuñezek urruntzean langan jo eta jarraian Padillan ukitu ondoren
Athletic Club gutxira geratu da garaipena lortzeko. Laugarrena jarraian gertu izan du, baina bi puntuk ihes egin diote errebote batean bere atean sartuta 93. minutuan. Ejukek desorekatu eta erdiratu du, eta Nuñez baloia urruntzen saiatu da, baina langan jo ondoren, Padillan ukitu eta barrura sartu da. Sevilla FC 1-0ekoarekin kontrolatuta zegoela zirudien, 82. minutuan Julen Agirrezabala kaleratua izan den arte. Antza denez, atezainak baloia ukitu du jokaldi horretan. Bestalde, Jauregizar estreinatu da golegile bezala eta Valverderen taldeak bi aukera garbi izan ditu Berenguer eta Guruzetaren eskutik.
Lehoiak Erromako partidatik higadura handiarekin zetozen. Eta, jakina, txandakatzeak egin behar izan ditu Valverdek. Garcia Pimientaren taldea agintzen hasi da, baina lehen aukera argia Nikok Iñakirekin egindako kontraerasoa izan da. Iñakik ezker hankarekin ez da heldu gutxigatik ate aurrean. Etxekoen gola 36. minutuan iritsi da, Berenguerren falta jaurtiketan Jauregizarrek eskuinkada batekin aldaratzea harrapatu duenean. Athleticek hurrengo jokaldian izan du partida hiltzeko aukera: Iñaki Williamsek baloi irteeran lapurreta egin du baina baloiak ez ditu sareak urratu, Nylanden oinarekin gelditu eta Nianzouren ateko marran aldendu baitute abagunea.
Atsedenaldiaren ostean, Lukebakioren ezkerkada zutoinera joan da eta Valverdek, aldaketekin, bi gol aukerez gozatu du. Lehenengoan Berenguer, Nicoren jokaldi bikain batean, eta gero Guruzeta 2-0ekoa jartzeko zorian egon dira. Canalesek debuta egin du, eta baloiarekin nahiko ondo aritu da. Dena den, Agirrezabalarengana egin duen urruntzean, azken txanpan norgehiagoka aldatu duen txartel gorrian bihurtu da. Padillak Gudelj en falta jaurtiketa gelditu du eta Lukebakiok berdinketa izan du ate aurrean, Yurik oztopatu duelarik. Gero, zoritxarreko jokaldia heldu da, eta Athleticek 2-1ekoa ere izan du jokalari bat gutxiagorekin, Nylandek desbideratutako eskuinkada batekin. Pena bat izan da. Gogotsu heldu behar zaio San Mamesen AZ Alkmaarren aurka ostegunean jokatuko den Europako hurrengo neurketari.