- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2024-25
- Athletic Club - Real Sociedad
Athletic Club - Real Sociedad
- 26' O. Sancet
KokapenaSan Mamés , Bilbo
50.719 pertsona
Beste garaipen bat San Mameseko derbian sailkapenean gora egiteko
Athletic Clubek Sanceten burukada batekin Reala menderatu du eta bosgarrena jarri da
Athletic Clubek menderaezina izaten jarraitzen du San Mamesen Realaren aurkako derbietan. Nico Williamsen erdiraketa bikain baten ostean Sanceten burukada batek laugarren garaipena ekarri du donostiarren aurka etxean. Hiru puntu horiek funtsezkoak dira sailkapenean aldeak handitzeko eta bosgarren postuan kokatzeko. Ernesto Valverderen taldeak altxorra bezala gorde du gola gainerako orduan, eta ez dute inolako arriskurik izan emaitzari eusteko.
Gau biribila izan da. Ez futbol handikoa, baina Athleticek oso talde indartsua duela erakutsi du. Lurrera botatzeko oso talde zaila da. Partidara Reala baino hobeto sartu da eta laster izan du lehen aukera Sancetek Djalori egindako bidalketa batean. Jokaldi horretan aurrelariak behera bidali du, baina Remirok gelditu du. Hamar minutu geroago, 25.ean, Athleticen gola heldu da, San Mamesen bildutako 50.000 ikusleen gozamenerako. De Marcos eskuineko hegaletik igo da, Pradosi pase bikaina sartu dio behera, eta honek jaurtiketan huts egin du, baina jokaldiak aurrera jarraitu du eta Nico Williamsen oinetan amaitu da. Honek bigarren zutoinera erdiratu du, eta Sancet Javi Lopezen gainetik altxatu da gola buruz egiteko. Oihanen Ligako bosgarren gola izan da. Hirugarrena Realaren aurkako zazpi derbitan.
Imanolen jokalariek aurrera egin dute, baina arriskurik sortu gabe. Eta Athleticek bigarren zatia hasi eta berehala izan du partida hiltzeko aukera, Sancetek urrezko baloi bat jarri dionean Pradosi, eta honek Remiroren eskuetara errematatu du. Oihanen beste saiakera bat, Cascantekoak geldituta, zuri-gorrien atzerapausoaren hasiera izan da. Zubimendik hiru zutoinen artean baloia jartzen asmatu ez duen atzerako pase bat bakarrik sufritu du Athleticek. Julen Agirrezabala, atarikoetan Unai Simoni Zamora Trofeoa irabazteagatik egin zaion omenezko festan parte hartu duena, ausardiaz irten da donostiarrek area barrura bidalitako azken baloietara, azken hauek zuri-gorrien atzeko lerroan hutsuneak aurkitu ez baitituzte. Azken batez, hiru puntu garrantzitsu eta indarrak hartzea egokitu da osteguneko hitzordu europarrari begira, IF Elfsborgen aurka.