Athletic Club - Atlético de Madrid
Jardunaldia 3
Liga

Athletic Club - Atlético de Madrid

Athletic Club
Athletic Club
14
Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
  • 84' J.Martínez
  • Maxi 18'
  • Petrov 36'
  • Agüero 64'
  • Galletti (p.) 89'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Atletico Madrilek 4: Kolorerik gabe

Ia kolorerik gabe izan ez duen neurketa galdu du Athletic Clubek Atletico Madrilen aurka. Maxik,…

Athletic Club

Ia kolorerik gabe izan ez duen neurketa galdu du Athletic Clubek Atletico Madrilen aurka. Maxik, Petrovek, Agüerok eta Gallettik penaltiz sartu dituzte bisitarien golak eta Javi Martinezek egin du gure taldearena.

Hasieratik zailtasun ikaragarriak erakutsi dituzte zurigorriek jokua sortzeko eta bigarren baloi ia guztiak bisitarien hanketan geratzen ziren. Seigarren minutuan Aranzubiak kornerrera desbideratu du lehendabiziko aukera eta beharbada gutxien espero zen jokaldian, askotan errepikatzen dena, Atletico Madrilek lehendabiziko gola egin du Maxiren bitartez 17. minutuan. Lekurik gabe segitu du Athletic Clubek eta Agüerok 25. minutuan izan duen abagunearen ostean, Petrovek areaz kanpotik sartu du bigarrena eta hor amaitutzat eman da partida, zelaian eta harmaileatn, batzuk (ezin da zenbatu asko edo gutxi ote ziren eta errespetagarria da hautua) emaitza txarraren esperoan baitzeuden euren aldarrikapena palkoari zuzentzeko eta horrela, ez da topikoa eta ez da aitzaki merkea, zaila da oso jokatzea, hemen eta edonon.

Bigarren zatian, jokalari berberekin baina haiserako 4-3-3, 4-4-2 argiagoa bihurtuta (Yeste eskuinean, Tiko Murillorekin batera erdian, Gabilondo zelai erdiko ezkerrean eta Aduriz Urzaizen parean zentratuago), presio askoz hobeagoa egin du Athletic Clubek, arerioren lasaitasunaz ere lagundurik. Llorente sartu da Urzaizen ordez 56. minutuan, 60. minutuan Yeste saiatu da jaurtiketa-erdiraketa baten bitartez, 61. minutuan Maniche sartu da Mistaren ordez zelai erdian jende gehiago pilatzeko eta 63. minutuan Agërok egin du hirugarrena bigarren zatiko lehen jokaldi arriskutsuan. Aukera gutxi bazeuden, are gutxiago horrela. Halaz ere, giroa palkoaren aurka berotzen ari zen bitartean, zurigorriek ez dute etsi eta saiatu dira behin eta berriz golaren bat egiten, hori bat, punteria txarra izan da nagusi.

Garmendiak Amorebieta ordezkatu du, Gabik gauza bera egin du Luccinekin eta Gallettik Maxirekin eta 78. minutuan azkena egin du Sarriugartek: Martinez Tikoren ordez.
Azken bultzada eman dio Athletic Clubek partidari? Yestek (lehen zatian egin du abagune bakarra eskuinez 11. minutuan) ahul errematatu du ezkerrez 72. minutuan, buruz gora errematatu du 79. minutuan eta Adurizek buruz ere Leo Francoren eskuetara 82. minutuan. Ezinzekoa zirudien gola egitea, Athletic Clubek hartzen zituen arriskuak gero eta handiagoak ziren arren. Azkenik Javi martinezek Athletic Clubarekin egin du bere lehendabiziko gola, oso polita gainera, eskuinez eta arearen marratik eskoadratik sartu duenean baloia 85. minutuan.

Desabantaila txikitzeko ahaleginean ere ibili dira Yeste 89. minutuan eta Prieto buruz 90. minutuan… baina Gallettik egin du gola penaltiz 94. minutuan. Aise irabazi du Atletico Madrilek bai, baina joku eskasiarekin eta dagoen giro nahasiarekin erraztasun gehiegi eskaintzen ari da Athletic Club denboraldi hasiera honetan.

Zerbait asmatu beharko, teknikariak eta jokalariak aldagelan eta guztion artean kanpoan, Athletic Cluben onerako. Hala bedi.