Athletic Club VS CA Osasuna 2007-3-17 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
27. Jardunaldia

Athletic Club0 : 3CA Osasuna

Muñoz29'(p.)
David López46'
Izquierdo71'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
17/03/2007
Ordua
22:00
Data eta ordua
2007-3-17 - 22:00

Athletic Clubek 0 Osasunak 3: Gu menderatzea erraza denean

Athletic Clubek 0-3 galdu du Osasunaren aurka. Muñoz (penaltiz) David Lopez eta Izquierdo izan dira…

2007ko mar. 18a

Athletic Clubek 0-3 galdu du Osasunaren aurka. Muñoz (penaltiz) David Lopez eta Izquierdo izan dira golegileak. Porrotak are zailago bihurtzen du gure egoera sailkapenean eta azken asteotako tendentzia nabarmentzen du: Athletic Club mendean hartzea, eta are gehiago San Mamesen, erraza da oso, zer dagoen jokoan eta duela aste gutxi ere taldeak erakusten zuen sendotasuna kontuan hartuta. Azken bolada honetan oso gutxi egin behar dute arerioek moral eta erresistentzia zurigorria suntsitzeko, lehendabiziko gola jaso eta berehala apurtzen da-eta.

Atzo giro ezin hobea zegoen burua putzutik ateratzeko. Harmailetatik hasiera-hasieratik iritsi zen sostengua, baina taldeari min egitea falta zitzaion atzean sartuta eta baloi barik aritu zenaren aurka. Adurizen burukadaren ostean, bigarren minutuan, baloi jabetza eta ekimena heldu ziren, baina arrisku bakarra Iturriagaren jaurtiketa bat izan zen 19. minutuan. Aurreko arean Soldadori arrazoiz baliogabetu zioten golaz gain ez zen ezer ez gertatu. Ez zuten behar, 29. minutuan Soldado eta Amorebietaren arteko jokaldian epaileak penaltitzat jo zuelako aurrelariaren jauzia igerilekura, berriro ere gure salbazioaren aldeko enegarren kanpaina ezerezean utziz. Muñozen gola eta ia jarraian Soldadoren abagunea zurigorrien nahasmenaz baliaturik. Berririk onena Javi Martinezen burukada izan zen Expositoren erdiraketaren ostean 41. minutuan, baina Ricardo fin ibili zen.

Gutxienez Betis edota Nasticen aurkako ikasgaia baliogarritzat hartzea espero zen, hots, desabantaila gutxienekoa den heinean burua hotz mantendu punturik urratzeko itxaropena mantentzearren. Tamalez ez zen espero, ezta uste txarrenean ere ez, bigarren gola 46. minutuan jasoko zenik David Lopezek atzeko hutsunea aprobetxatu duenean. Golegilea eskumaldetik ari zen Juanlu Juanfraren ordez atsedenaldian sartu eta berehala.

Etxekoen aulkitik berehalako erreakzioa heldu zen: Urzaiz eta Garmendia barrura, Gabilondo eta Iturriaga kanpora 51. minutuan. Horrek jokalariak lekuz mugitzea eragin zuen: Garmendia punta erdira, Yeste ezkerraldera, Aduriz eskumaldera, Javi Martínez euskarrira, aspaldiko partez, eta Urzaiz gora.

Sasi guztien gainetik aukera bi izan zituen Athleticek partidara sartzeko: 55. minutuan protagonistak errepikatu ziren. Martinezen burukada eta Ricardoren geldiketa, baloia langara joan zela eta 57. minutuan Amorebietak, behartuta, errematatu du buruz. Puñal sartu da Muñozen ordez 60. minutan eta bost beranduago Etxeberria Yesteren ordez. Emaitza nahikoa ez bazen ere, eskuin laterala, Izquierdok ohikoa ez duen hitzordua izan zuen golarekin, hirugarrena nahiko erraz egiteko 71. minutuan eta orduan bai amaitu zela lehia duela bi denboraldiko hiru eta laukoa bakar batzuren buruan izan arren.

Falta zena. Gau ilun honetan ere pertsona bat sartu zen mozkor-mozkor eginda. Ziegan aurreko gaua pasa ostean atzoko 10:30ean askatu zuten eta ordu gutxira hartu zuen sarrera asko berriro hara itzultzeko. Zelaian epailearen irizpideen malgutasuna ikusteko parada izan genuen ere 81. minutuan Amorebietari eginiko penaltia seinalatu ez zenean. Ez zuen ezer ez konponduko, baina ezer ez digutela ematen frogatzen du.

Sarriegi eta Aduriz ez dira Santanderren egongo, zigorrak direla-eta. Bigarrenaren kasuan ekidin zitekeen, bai jokalarien aldetik eta bai epailearen aldetik, batak zein besteak partidaren markagailua (0-3) eta minutua (90) behin kontuan hartuz gero.

Egun okerrena da etsipena. Jaitsieratik kanpo geratzeko aukerak egon badaude eta errealak dira, beste zelaiei so egotera behartzen gaituzten arren, beti ere gure mutilen erreakzioarekin batera.

Ohar berezia merezi dute gure zaleek (eta gorritxoek izandako detailea gure izena oihukatuz partidaren amaieran) Errepikatzearren ez du indarrik galduko sostenguaren garrantziaz jardutea. Lojikoa denez, harmailetan sufrituko da emaitzen kolpea, kirol etorkizunaren inguruko drama, galeraren tristezia eta haserrea eskaintzen den irudiarengatik, are gehiago ezintasunez hornitzen denean. Hutsaren hurrengoa: ez punturik, ez erantzunik.

San Mamesen irudia himnoa abestu denean gorde behar dugu, eredugarria izateaz gainera, gida eta abiapuntutzat bihurtu behar baitugu indarrak batzeko. Bitartean profesionalei eskatu behar zaie babesa ematen zaien bitartean oso zaila baita egoera. Eurena da ardura ahalik eta eurek ipini behar dute dutena eta bi gehiago. Aldagela lur jota, baina burua gora eta itxaropena bizirik, bidearen bila. Gainerakoek bultza eta eraikitzeko kritikatu behar dute, ez baita gaur egun maizegi hori topatzen. Batera ahal dugu, gure taldea inoiz ez dela bakarrik ibiliko erakusten dugun bitartean.