Athletic Club VS RCD Espanyol 15/4/2007 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
30. Jardunaldia

Athletic Club2 : 1RCD Espanyol

Urzaiz61'
Urzaiz78'
Jonatas3'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
15/04/2007
Ordua
17:00
Data eta ordua
15/4/2007 - 17:00

Athletic Clubek 2-Espanyolek 1: Bigarrena jarraian

Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Bartzelonako Espanyoli gure taldearen fedea eta orohar sufrimendua nagusi izan…

15 de abr. de 2007

Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Bartzelonako Espanyoli gure taldearen fedea eta orohar sufrimendua nagusi izan diren partidan, norgehiagoka hasi eta berehala Jonatasek zero eta batekoa zelai erditik egin baitu. Bigarren zatian Ismael Urzaizek bi gol egin ditu buruz eta urrezko hiru puntuak geratu dira etxean. Jardunaldiaren ostean jaitsierako postuak hiru puntura daude eta zortzi jardunaldietan borroka latza egongo da behetik alde egiteko, baina garrantzitsua da oso San Mames gotorlekua bihurtzea, baina ez da nahikoa zaleek gaur legezko erakustaldi bikainak ematearekin eta azken bi partidatan, eta jarraian gainera, puntuak ere heldu dira. Ernesto Valverde entrenatzaile ohiak prentsa aretoan esaten zuen moduan, “soilik beste aulkian egonda nabaritzen duzu zenbat bultzatzen duen San Mameseko zaleriak”.

Jokalari zein teknikari ohiekin hitzordua pasatu eta gero, eta zelaian kokatzeko ia astirik gabe heldu da Jonatasen gola. Despistaturik harrapatu du Aranzubia eta zelai erdia gainditu bezain pronto jaurti du. Zero eta bat. Kolpe gogorra taldea eta atezaina berarentzat ere, baina minutuak aurrera joan ahala, Aranzubiak berebiziko partehartzea izan du puntuak eskuratzeko. Bederatzigarren minutuan erantzun ona eman dio Pandianiren falta jaurtiketari eta hogeigarrenean aurrelariak berak egin duen gertuko erremateari ere. Athletici, aldiz, asko kostatzen zitzaioan arriskua sortzea, hasierako 4-4-2koa beste joku mota bat egiteko pentsatuta baitzirudien eta Espanyolek, markagailua alde zuela, ez zuen inolako arriskurik hartzen. Horregatik Adurizek 11. minutuan ezkerrez harrapatu duen bolea izan da abagunerik argiena. Langara bidali du baloia eta gol aukerak ikusteko lehen zatiaren azken txanpa heldu arte itxoin behar izan dugu, Adurizen burukadaren bitartez edota Garmendiaren bolea eta areaz kanpoko jaurtiketaren bitartez. Alferrik denak, Pandianik 44. minuuan egin duen burukada bezala, baina alde nabaria zen: Espanyolek ez zuen behar, aurretik zihoan eta, eta gainera egin dituen ia erasoko jokaldi guztiak arriskutsuak izan dira oso.

Zeharo aldatu da egoera bigarren zatian. Dena ala ezer ez, arrisku guztiak barne. Hasteko Urzaiz sartu da Garmendiaren ordez eta 4-3-3 batekin kokatu da Athletic, Etxeberria eta Aduriz hegal bietan. Espanyol bere kobazuloan sartu da, halabeharrez. Halaz ere, ekaitzaren erdian zuloa topatu du Corok 58. minutuan zelai erditik eta Amorebietaren lasterka bikainak ekiditu egin du zero eta bikoa izan zitekeena. Etenik gabeko neurketan Adurizek Kameniren gorputzarekin egin du topo 59. minutuan eta hortik bi minutura Iraolak bota duen falta maisuki orraztu du Urzaizek. Banakoa zen eta zoramena harmailetan.

Valverdek David Garciaren ordez Torrejon sartu du, Lacruz eskuin hegalera bidaliz eta Velasco ezker hegalera. Hortik gutxira Yeste sartu da Amorebietaren ordez, Exposito ezker hegalera pasatuz eta Iraola eskuin hegalera atzeratuz. Yeste erdian geratu da. Oreka zen nagusi, Espanyolek lerroak aurreratu dituelako eta Corok ezin izan du Aranzubia gainditu 65 minutuan. Iturriaga Gabilondoren ordez sartu da 70. minutuan, Yeste apur bat aurreratu dela. Amorebietak eta Gabilondok gainkarga bana zeukaten eta aldaketa eskatu dute. Luis Garcia sartu da Pandianiren ordez 71. minutuan eta horrekin amaitu dira aldaketak.

Egoera berria ez zen batere ona Athleticarentzat, asko kostatzen baizitzaion aurrera iristea, baina irabazita zeukan estrategiako arma Yesteren presentziarekin. Lehendabizikoan luze bota du erdilariak, baina bigarrenean, aldiz, ederto egokitu du erdiraketa eta Urzaizek buruz aurrea hartu dio defentsari 79. minutuan. Aurrea ondo hartuta ere, jokoz kanpo zegolea zirudielako. Askotan aipatu dugun legez, epaileek ematen eta kentzen dute eta gaurkoa ez da salbuespena izan, Urzaizi txartel horia erakutsi diotelako balizko penaltia eskatzeagatik.

Markagailua kontran zuela, Valverdek De la Peña sartu du Rufeteren ordez, Coro eskuinean kokatuz. Espanyolek, Athleticek lehen egin duen bezala, estrategiako jokaldiak hobetsi ditu eta luzapenean De la Peñaren erdiraketa batek botea eman du eta Jarquek buruz errematatu du, baina Aranzubiak bikain erantzun du baloia desbideratuz. Erantzunik hoberena zen hasierako zapore mingotsa kentzearren.

Athleticek San Mamesen erantzun du, irauli egin dio aldapaz gora hasi den partidari eta bizirik dago hurrengo erronkari begira preziorik ez duen zaleriaren eskutik. Domekan modan dagoen taldea, Sevilla, izango da aurkaria.