Athletic Club - Real Madrid
Jardunaldia 32
Liga

Athletic Club - Real Madrid

Athletic Club
Athletic Club
14
Real Madrid
Real Madrid
  • 80' Llorente
  • Sergio Ramos 14'
  • van Nistelrooy 34'49'
  • Guti 83'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Real Madrilek 4: Eraginkortasuna nagusi

Athletic Clubek 1-4 galdu du Real Madrilen aurka bisitarien eraginkortasuna nagusi izan den partidan. Gogoa,…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-4 galdu du Real Madrilen aurka bisitarien eraginkortasuna nagusi izan den partidan. Gogoa, indarra eta kemena ipini dituzte zurigorriek. Bisitariek aldiz, kalitatea etxekoen hankasartzeetaz ederto baliatzeko. Ramosek, Van Nistelrooyk bitan eta Gutik egin dituzte Real Madrilen golak eta Llorentek gure taldekoa lortu du.
Emaitzak lagun izan dira behean dauden talde guztietatik inork ez baitu irabazi eta Liga amaitzeko sei jardunaldi falta direnean borroka latza izaten segitzen du.
Gaurko neurketaren alderik onena izan da, beste behin ere, gure zaleen portaera, inolako zalantzarik gabe mundukorik onenetarikoa, Athleticen ahalegina ulertzeaz gainera, etengabeko sostengua eman diotelako taldeari sasi guztien gainetik.

Ondo ekin dio partidari Athletic Clubek, 4-1-4-1 baten bitartez presioa goian eginez. Bertan Javi Gonzalezen presentzia izan da ezustekorik handiena. Real Madril sartu da atzean eta erdialdean lapurtutako baloietaz ederto aprobetxatu dira zurigorriak kontraeraso arriskutsuak sortzeko. Horrelako batetan, 8. minutuan, Aduriz geratu da bakar bakarrik Casillasen aurrean, baina inondik inora ez zen jokoz kanpokoa seinalatu du epaileak. Joera hori hankaz gora geratu da 14. minutuan. Beckhamek hainbat keinu egin ostean bigarren zutoinera bidali du falta jaurtiketa eta Ramosek lasaitasun osoz eta oso gertutik errematatu du buruz sareetara.

Kolpea jaso eta gero, bereari eutsi dio Athletic Clubek: presionatu, lapurtu eta irten. Arriskua zeukan joku horrek eta partida joan-etorri asko ahalbideratu ditu Real Madril bezalako arerio baten kontra daukan arrisku guztiarekin. Athleticen erasoko txandan Etxeberriak gehiegi gurutzatu du baloia ezkerrez 22. minutuan, aukerarik nabarmenena Iraolarena izan den arren. Adurizen pase bikaina jaso du eta Casillasen aurrean lasaitasun falta zaio segundu pare bat itxoiteko eta baloia kontrolatu eta berehala jaurti du gora.

Etsaiak, aldiz, askoz hobeto amaitu ditu jokaldiak. Beckhamek buruz orraztu du 30. minutuan, baina Aranzubiak igerri dio. Tamalez, 34. minutuan alboko sakearen oinarrizko pausuak segitu ditu Real Madrilek, Cicinho sartu da eskuin hegaletik, burua altxatu du eta bigarren zutoinerantz loratu bertan Van Nistelrooyk buruz bigarrena egin zezan. Kolpe latza, handiegia, eta gorabehera askorik gabe heldu dira zurigorriak atsedenaldira, gutxi ez zena. Tarte horretan gora joan den Javi Martinezen bolea baino gehiago ezin dugu aipatu.

Orain arte irakurri dena gutxi balitz, bigarren zatia hasi eta berehala heldu da hirugarrena eta, egia esan, oso gutxi egin behar izan du Real Madrilek. Korner jaurtiketaren ondorengo bigarren jokaldia area ertzean amaitu da eta bertan Van Nistelrooyk boleaz egin du hirugarrena erdi-erditik eta zetorkion moduan. Zortea zen Real Madrilek behar zuen bakarra.

Yeste eta Urzaiz zelaian sartzeko zain zeuden gola heldu baino lehen eta Etxeberria zein Gabilondoren tokia hartu dute. Hortik aurrera 4-2-3-1 osatu da. Aduriz pasatu da eskuin hegalera eta Yeste ezker hegalera, Javi Martinez euskarrian kokatu delarik. Bultza eta bultza pasatu ditu minutuak Athleticek, baina lehen aukera 58 minutura arte ez da heldu, Murillok gora egin duen jaurtiketaren bitartez.

Bitartean Real Madril ez zuen ahalegin berezirik egin behar partida eskuratzeko eta kontrolatzeko. Hirurogeigarren minutuan Higuainek hartu du Van Niestelrooyren tokia. Hortik gutxira Iraolaren beste abagune garbi bat heldu da, baina desbideratu egin du Casillasek. Txarteletan ere eraginkortasuna ez da berbera izan. Urzaizek berea ikusi du protestatzeagatik eta harrigarria bada ere Emerson eta Sergio Ramos bezalako jokalariek ez dute gaur txartelik ikusi San Mamesen eta Cannvarori ez diote bigarrena erakutsi eta bai Beckhami… denbora galtzeagatik… 0-3arekin norgehiagoka amaitzeko ordu laurden bat falta zela.

Apur bat lehenago, hogei minutu falta zirela, sartu da Llorente Iraolaren ordez, Aduriz eskuin hegalera mugituz. Adurizek berak lana eman dio Casillas atezainari 73. minutuan eta ondorengo jokaldian Higuainek Aranzubia gainditu egin du, baina baloia zutoinera joan da. Cannavarok zelaian segitzen zuen ukalondokoak etengabe erabiliz eta Gutik Robinhoren ordez sartu da 76. minutan.

Partida amaitzeko hamar minutu falta zirela Yestek asmatu du pasean eta Llorentek egun du bat eta hirukoa. Hiru minutuz luzatu da poz zurigorria, baina piztu den ilusioaren puztukia apurtu du Gutik 83. minutuan, erraztasun osoz burutu den kontraerasoan, laugarrena eginez. Ezezkoaren eguna zen eta Casillasek beste bi jaurtiketa harrapatu ditu, bat Javi Martinezi eta beste bat Adurizi.

Azkenik, hauxe laburpena: 8 aldiz asmatu du atera Athletic Clubek egin dituen 16 saiakeretatik gol bat lortzeko. Real Madrilek, aldiz, 7 aldiz asmatu du zutoinen artean egin dituen 10 saiakeretatik. Athletic Clubek 78 aldiz berreskuratu du baloia eta 66 arerioak. Are gehiago esan daiteke: 46 aldiz sartu du gure taldeak baloia arean eta 11 Real Madrilek. Datuak kontuan hartuta, handiegia dirudi bat eta laukoa, emaitzak talde bien arteko aldea isladatzen duen arren: irabazlea tituluaren aldeko borrokan eta galtzailea mailari eusteko kinka larrian. Helburua lortzeko atzo bezalako jarrerari konzentrazioa gehitu behar zaio. Huelvan izan beharko.