Athletic Club - RC Deportivo
Jardunaldia 34
Liga

Athletic Club - RC Deportivo

Athletic Club
Athletic Club
11
RC Deportivo
RC Deportivo
  • 56' Murillo
  • Riki 62'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Deportivok 1: Erdibidean

Athletic Clubek jaitsieratik lau puntura dago, Deportivorekin bana egin eta gero, pasa den jardunaldian baino…

Athletic Club

Athletic Clubek jaitsieratik lau puntura dago, Deportivorekin bana egin eta gero, pasa den jardunaldian baino bat gehiago distantzia beraz, baina erdibidean geratu da garaipena beharrezkoa baitzen zulotik ia definitiboki alde egiteko. Zailena egin dute zurigorriek, Deportivoren atea zulatu Murilloren bitartez, baina berehala heldu den berdinketak bertan behera utzi ditu ilusioak eta azken lau jardunaldien ikuspegia sufrimenduz beterikoa utzi du.

Urduri ekin dio Athletic Clubek norgehiagokari eta Deportivo, lasaitasunez beterik, partidaren bila abiatu da hasierako jokaldietan. Eurena izan da lehendabiziko aukera, 17. minutuan Juan Rodriguezek buruz gutxigatik kanpora “orraztu” duenean. Athletic Clubek nahi zuen baina bere 4-4-2koaren ezinezkoa zitzaion Deporren atzeko lerroa gainditzea. Halaz ere, minutuak aurrera joan ahala, kosta ala kosta, metroak irabazi ditu eta bi aukera garbi sortu ditu: 36. minutuan Gabilondok eskuinez eginiko boleak Aouateren erantzun bikaina jaso du eta 37. minutuan Iraolaren burukada kanpora joan da.

Askotan gertatzen zaion legez, aurrera joateko nahiak atzeko aldea agerian uzten du eta kontraeraso azkar batean Arizmendik bakar bakarrik errematatu du buruz zutoinera, atsedenaldira golik gabeko berdinketarekin heldu den arren.

Bigarren zatian Bodipo sartu da Stoyanoffen ordez eta Arizmendi kokatu da eskuinaldean. Gurean Martinez zertxobait aurreratu da, Etxeberria kokatu da eskuin hegalean eta Iraola zentratuago. Ekimena zurigorria zen hasieratik eta 56. minutuan Murillok buruz Iraolak jaurti duen kornerra errematatuz ezarri du bat eta zerokoa, zailean gol gutxi hartzen duen arerioaren aurka.

Tamalez, errepikarazi egin duen falta jaurtiketa baten bitartez berdindu du lehia Deportivok, 62. minutuan hain justu ere, eta Rikiren golaren ostean gauzak aldapaz gora ipini dira aurtengo denboraldian golarekin harreman estua ez duen gurea bezalako taldearentzat.

Aurrez aurretik prest zegoen aldaketa egin du Athletic Clubek. Yeste Etxeberriaren ordez, Yeste erdira Urzaizen atzetik eta Martinez eskuinaldera. Pablo Alvarez De Guzmanen ordez sartu da eta Llorente Gabilondoren ordez 75. minutuan, Athletic Cluben erasoa berriro antolatu delarik: Iraola eskuinaldera itzuli da eta Javi Martinez ezkerraldera pasatu da. Bi minutu beranduago epaileak bigarren txartel horia erakutsi dio Capdevilari gehigezkoa zirudien arren, eta Filipek hartu du berehala Rikiren tokia. Norabide bakarrekoa izan da partida hortik aurrera eta Urzaizek zutoinera errematatu egin du 80. minutuan eta baloia barrurantza zihoala, Auoatek marra gainetik urrundu du baloia.
Saiatu dira zurigorriak, baina euren atean hartu dute ezustekorik handiena, Bodipok Sarriegiri baloia kendu eta loratu ostean, baina horretan bai Aranzubiak erantzun ona eman dio erremateari.

Zaragozan egin beharko dute zurigorriek beste ahalegina eta horretarako Murillo eta Sarriegiren baja edukiko dute, txartel pilaketarengatik bata eta txartel gorria ikusteagatik bestea.