Athletic Club - RCD Mallorca
Jardunaldia 36
Liga

Athletic Club - RCD Mallorca

Athletic Club
Athletic Club
10
RCD Mallorca
RCD Mallorca
  • 64' Urzaiz (p.)

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Mallorcak 0: Gutxiago falta da

Athletic Clubek eskura dauka denboraldi honetarako geratu zaion helburua: Lehen Mailari eustea, Mallorcari 1-0 irabazi…

Athletic Club

Athletic Clubek eskura dauka denboraldi honetarako geratu zaion helburua: Lehen Mailari eustea, Mallorcari 1-0 irabazi eta gero Urzaizek 63. minutuan Adurizi eginiko penaltia gauzatu ostean. Finaltzat hartzen zen partida eta finala irabazi da, beste bi falta diren arren. Espero zen bezala partida ez da ikusgarria izan, aukera gutxi egon da, tentsioa nagusi izanik eta harmailetatik etengabeko sostengua iritsi zaio taldeari. Oraingo honetan behintzat eguraldia ere laguna izan da.

Aste osoko esamesak alboratuz, San Mameseko partidan batu dituzte indarrak zurigorriek helburua lortzeraino. Arerioak argi eta garbi erakutsi du paseatzera ez zetorrela eta hasi bezain pronto Victorrek buruz errematatu du gutxigatik kanpora. Athletic Cluberi zerbait kostatu zaio ekimena hartzea eta partidaren gidaritza hartu duen arren ez du aukera garbirik sortu Mallorcak kontraerasoan bildurra sortzen zuen bitartean. Athletic Clubek (4-2-3-1) baloi asko lapurtzen sitúen, baina azken paseetan zerbait falta zitzaion. Esaterako, Yestek Moyari lana eman dio korner zuzenean 37. minutuan eta hortik gutxira Gabilondok sartu du gola, baina laguntzaileak baliogabetu egin du Etxeberriaren erdiraketa.

Atsedenaldian gainerako zelaietan emaitzak lagun ziren, batzuk behintzat, baina falta zen etxeko lanak egitea. Horretarako prest irten da taldea bigarren zatian. Zoritxarrez lehen zatian bezala, estreinaldiko aukera garbia Mallorcarena izan da eta baita Victorrena ere, 52. minutuan, Arangoren pasea area ertzetik errematatuz, baina Aranzubiak ederto erantzun du baloia alderatuz. Hortik gutxira Urzaiz sartu da Gabilondoren ordez, Yeste ezker aldera pasa da eta Aduriz Urzaizen atzetik, eta 55. minutuan penaltia eskatu du irten berria zen aurrelariak, baina ez da izan.

Tuterakoak protagonista izaten segitu du, 61. minutuan gora errematatuz Yesteren erdiraketa. Ia atsedenik gabe, Yestek atera du falta bat zelai erditik eta Nunesek kamisetatik heldu dio Adurizi. Penaltia. Tentsio uneak eta Urzaizen gola.

Manzanok Jankovic eta Maxi sartu ditu zelaira Varela eta Victorren ordez. Gorritxoen eskema ez da asko aldatu, baina lerroak bai, aurrerago kokatu baititu Mallorcak. Gurean Javi Gonzalez irten da Yesteren ordez 73. minutuan, ezker hegalean jokatzeko, eta Athleticek abantailari eutsi dio zirrikutuak utzi gabe. Tiko itzuli da lehiaketa ofizialetara lesio luzearen ondoren eta Javi Gonzalezek aukera izan du luzapenean bigarrena egiteko, baina abantaila gehiegi zirudien ikusitakoaren arabera. Gainera etxeko lanak amaitutzat emanda zituen jada Athleticek.

Gaurkoak bederen, bi jardunaldi gaurkoak bezain gogorrak falta direlako. Kontuak lehen baino garbiagoak dira: partida bat irabaziz gero salbazioa lortuta, berdinduta ere Realak eta Celtak irabazten ez badute, eta galduta ere jardunaldi honetan Celtak galtzen badu eta Realak irabazten ez badu, baina hobe lehen aukerari eustea Vila-realen bertan. Erronka zaila baina garaipenaren bidea behin hartuz gero edozein gauza gerta daiteke taldea bakarrik egongo ez den partidan. Gutxiago falta da, lor dezagun.