- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2007-08
- Athletic Club - Villarreal CF
Athletic Club - Villarreal CF
- 4' Llorente
- Guille Franco 65'
- Capdevila 82'
KokapenaSan Mamés , Bilbo
Athletic Clubek 1-Vila-realek 2: Bi aurpegiak
Athletic Clubek 1-2 galdu du Vila-realen aurka. Llorentek bat eta zerokoa egin du laugarren minutuan…
Athletic Clubek 1-2 galdu du Vila-realen aurka. Llorentek bat eta zerokoa egin du laugarren minutuan eta bigarren zatian Francok eta Javi Martinezek bere atean egin dituzten bisitarien golak. Aurreko asteko garaipenaren ostean esan genuen bezala, dena ez zegoen eginda eta ibilbide luzea zain geneukan oraindik eta horrelaxe da. Gaurko emaitzaren ostean jaitsierako postuak gertuago daude berriro eta hamaika talde dago lau puntuko tartean. Beraz, berririk ez eta hortzak estutu beharko dira aurrerantzean ahalik eta lasterren lasaitasuna eskuratzeko eta horretarako Vila-realean aurka lortu ez dena, irabaztea, ezinbestekoa izango da, batez ere etxeko partidek eskaintzen dizuten aukeretan.
Halaz ere eta, jakina, emaitzak ikusita, berdinketaren balioa ere ez zen txikia, baina punturik urratzea ezinezkoa izan da hirugarren postuan zergatik dagoen erakutsi duen taldearen aurka. Norgehiagokaren hasiera oso ona izan da, baina indarra galtzen joan da Athletic eta bisitariak nagusi izan dira bigarren zati ia osoan eta aukera gehiegi egin ez dituzten arren ederto amaitu dituzte eduki dituztenak. Futbolaren alde biak.
Indartsu irten da zelaira Vila-real, ostegunean UEFAko Kopan jokatu zuen talde erdia berriturik, baina laugarren minuturako jokaldi azkarra bezain zoragarria egin du Athleticek: Yestek baloia ireki du eskuin hegalera eta hor Susaetak erdiraketa ona egin du Llorentek lehen zutoinean ezker oineko kanpoaldearekin baloia ziztu bizian sareetara bidaltzeko. Ondo etorri zaio gola taldeari eta Nihatek zazpigarren minutuan egin duen falta jaurtiketa kenduta, Vila-reali gailendu zaio. Ondo presionatu du goitik Athleticek eta denboraldiko minuturik osoenetarikoak ikusi ahal izan ditugu. Abiaduraz ari zen Athletic eta 17. minutuan Susaetaren beste erdiraketa bat Godinek desbideratu du bere aterantz eta Diego Lopezek kornerrera bidali du, Amorebietak boleaz errematatu du kanpora 18. minutuan, Gurpegiren aldeko aldarrikapena ezagutu baino zertxobait lehenago, eta Susaeta Diego Lopezen aurrean geratu da 31. minutuan, baina ezkerrez egindako jaurtiketa ez da onena izan eta Capdevila atepean urrundu du lasai asko.
Partida jada ez zen erritmo handikoa, jokoa maiz gelditzen zen eta. Ordu erdirako Aitor Ramos eta Guille Francok nahiko merezimenduak eginak zituzten txartel gorria ikusteko, baina epailea partida bezala zegoen, nahastuta eta ez zeukan kontrolpean lehia… txartelak ia guztiak gure taldearentzat ziren, hori bai. Atsedenaldira abantailaz joan dira zurigorriak, baina zapi zuriez lagunduta abiatu da epailea aldageletara. Zalegoa pozik zegoen taldearekin, itxaropentsu hirugarrena jarraian helduko zelakoan, eta ez horrenbeste epailearen lanarekin.
Bigarren zatian Adurizek Aitor Ramos ordezkatu du, txartel gorriaren arriskua eta nekearen zantzuak hor zeudelako. Eskema ez da aldatu, baina tamalez bai portaera. Vila-realek ez du lehen zatiko presioa sentitu eta askozaz baloi gutxiago galdu ditu. Beraz, Athleticek askozaz aukera gutxiago izan du zelai erditik aitzina min egiteko eta Pellegriniren mutilek duten dohaiak erakutsi dituzte, batez ere baloia mugitzean.
Nihatek eman du lehendabiziko abisua falta jaurtiketaren bitartez 47. minutuan, Armandok desbideratu egin duena. Ekimena eta baloia horiak ziren, arrisku zuzena ez zen somatzen, baina bai gola edozein unean helduko zelaren irudipena. Francok kanpora jaurti du arrasean 62. minutuan, baina asmatu du 64. minutuan atzeko lerroa baloia urruntzeko aukera bitan izan duen arren. Azkenik markatzailerik gabe zegoen aurrelaria eta ederto sartu du baloia angelutik.
Athleticek aurrera pausoa eman du, halabeharrez, eta orekatu da lehia. David Lopez Muñozen ordez sartu da Yeste zelai erdira pasatuz eta Vila-realek arnasa hartu du ere: Tomasson Nihaten ordez 70. minutuan eta Cazorla Mati Fernandezen ordez 73. minutuan. Bazirudien berdinketak talde biak asetzen zituela, baina Vila-realek ederto aprobetxatu ditu gure gabeziak minutu batean. 82.enean hain justu, bi aukera sortzeko eta bat gauzatzeko, inozoena beharbada, baina gauzatu du azken finean.
Lehen saiakeran baloia atepean urrundu dute gure jokalariek eta hegaleko sakearen ondorioz Capdevilak hartu du baloia arean, ezkerrez jaurtiz, Armando zegoen tokirantz zihoan baloia, baina Javi Martinezen hanka sartu da tartean baloia sareetara desbideratuz. Eta hor amaitu da lehia, Athleticek indarrez eta moralez soberan ez zegoelako. Gabilondo sartu da Susaetaren ordez David Lopez eskuinera pasatuz. Azken ahaleginean Adurizek zein Koikilik Diego Lopezi luzapenean lana eman dioten arren.
Ondo hasi, txarto amaitu eta igandean Almerian konpondu behar, batez ere partida osoan osotasun bera erakutsi beharrekoari dagokionez.