Athletic Club - FC Barcelona
Jardunaldia 7
Liga

Athletic Club - FC Barcelona

Athletic Club
Athletic Club
01
FC Barcelona
FC Barcelona
  • Eto'o 63'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0-FC Bartzelonak 1: Ordena eta kemena ez dira nahikoak izan

Athletic Clubek 0-1 galdu du FC Bartzelonaren aurka. Eto’ok sartu du partidaren gola 63. minutuan…

Athletic Club

Athletic Clubek 0-1 galdu du FC Bartzelonaren aurka. Eto’ok sartu du partidaren gola 63. minutuan eta antzuak izan dira zurigorrien osteko ahalegin guztiak berdinketa eskuratzeko. Espero zen legez, markagailuan aurrea hartzea izango zen gakoa katalunyarren aurka baina lehen zatian egon diren aukerak Valdesek zapuztu ditu eta bigarrenean bisitariak izan dira nagusi, batez ere arestian aipatzen den golaren ondoren.

San Mameseko giroak, zaleak bikain, partidaren handitasunari behar legezko erantzuna eman dio eta bestelako dema zela argi eta garbi geratu da hasieratik. Athletic nagusi izan da lehen minutuetan, goian presionatu dute gure jokalariek eta Barçak ezin izan du ohiko jokurik egin. Hori bai, Valdes erne egon da partida osoan eta bigarren minutuan esku ona atera du David Lopezen falta jaurtiketa atetik urruntzeko.

Bartzelonaren erantzuna Eto’oren eskutik heldu da, baina Iraizozek ere geldiketa bikaina egin du. Athletic Clubek baloia zentzuz mugitzen zuen albo batetik bestera eta albo bietatik arazoak ematen zizkion Guardiolaren taldeari. Boxeo partida bat bailitzan, baten erasoaren ondoren arerioaren ukabilkada zetorren. Iniestak gora jaurti du 20. minutuan eta hogetabigarrenean Yestek maisuki jaurti du falta bat angelura, baina Valdesen hegaldia ere ez da nolanahikoa izan eta ezker eskua atera du kornerrera desbideratzeko.

Dinamika horretan, ordu erdia pasata, Llorentek ezin izan du errematatu Garmendiaren pasea eta bere lagapenak ez du behar bezain ongi jaurti Iraolak. Honez gero kolpe trukaketak segida izan du: Garmendiak behartuegia errematatu du langa gainetik 37. minutuan eta Eto’ren burukadak Iraizozek urrundu du bost minutu beranduago. Berdinketa aukeretan, berdinketa markagailuan eta parekotasuna jokoan. Zurigorriek posizioak mantentzen zituzten bitartean, Bartzelonaren kalitatea nahikoa ez bazen ere, kokapena aurreko hirurek etengabe aldatzen zuten: Iniesta, Eto’o eta Henry, atzelariak bere tokitik atera guran eta hortik bigarren lerrokoak espazio gehiago izateko. Urdingorriek Keita galdu dute lesionaturik, baina Busquetsek ederto ordezkatu du bere lana zelai erdian.

Tamalez, bigarren zatian parekotasuna ez da horrenbesterako izan eta bisitariek kalitatearen gehigarria lasaitasun gehiagoz erakutsi ahal izan dute. Iniestaren pase atzera gora bidali du Victor Sanchezek, Iniestak kanpora jaurti du eta partidaren joan-etorri batean etekina atera du Henry erditik salseatzeko eta pase ona sartu dio Eto’ori, kamerundarrak Amorebietari aurrea hartuz eta zartako bortitzaren bitartez Iraizoz gaindituz.

Athleticen, aurreko minutuan Susaeta sartu da Garmendiaren ordez kontraerasoei abiadura gehiago emoteko, baina golak bihotzari egin dio dei eta ez buruari. Puyolek Marquez ordezkatu du eta Iraizozek desbideratu du bere aterantz zihoan Amorebietaren burukada. Minutu arraro samarrak, Barçak ohiko jokua eginez, arerioa alde batetik bestera mugituz eta Athletic lekurik gabe. Dena den, gure taldeak ez du amorerik eman eta falta zein kornerretan batez ere oinarritzen zuen arrakastaren itxaropenak, baina azken bolada honetan golarekiko harremana ez da Athleticen alderik indartsuena eta taldeak larrutik ordaintzen du. Ion Velez eta Gurpegi Gabilondo eta Orbaiz ordezkatu dute, Barçan Hleb Henryren ordez irten den bitartean.

Athleticek gura zuen, Bartzelonak partida kontrolpean zeukan eta 81. minutuan Eto’ok aukera paregabea galdu du. Gehiegizko zigorra zirudien, baina azken finean puntu kopuru bera atera du Athleticek eta Real Madrilen aurka lortu beharko ditu igandean azken postuetatik aldentzeko. Ez da lekurik egokiena, hala dirudi, baina hor tokatzen zaigu joku serioari golak gehitzea.