Athletic Club - Young Boys
Aurreko kanporaketa

Athletic Club - Young Boys

Athletic Club
Athletic Club
01
Young Boys
Young Boys
  • Doumbia 23'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0 Young Boysek 1: Aldapaz gora

Athletic Clubek bide txarretik ekin dio Europa Leagueko ibilbideari eta kanporaketa aldapaz gora dago Suitzako…

Athletic Club

Athletic Clubek bide txarretik ekin dio Europa Leagueko ibilbideari eta kanporaketa aldapaz gora dago Suitzako Young Boys taldearekin zero eta bat galdu ostean. Doumbiak egin du bisitarien gola 22. minutuan eta hortik aurrera arerioak abantaila ederto kudeatu du. Gainera, bigarren zatiaren hasieran Llorentek ezin izan du penalti bat gauzatu, Wolfli atezainak desbideratu baitu baloia.

Datorren astean Berna hirian zurigorriek kanporaketari buelta emateko parada daukate, baina horretarako askozaz eraginkorragoak beharko lukete izan. Alderik onenean Iker Muniain gaztearen debuta kokatu dezakegu, jada partida ofizialetan Domingo Gomez-Acedo eta Piru Gainzaren artean kokatzen duena, bigarren tokian hain zuzen ere, guztiek hamasei urte baino gehiago eta hamazazpi baino gutxiago zutela ahaztuezina den egun horretan.

Partida hasi eta berehala Athleticek lan eskerga egin behar zuela agerian geratu da. Bi arrazoi nagusi izan dira zailtasunaz jabetzeko: alde batetik suitzarren erritmoa askozaz altuagoa zen eta, bestetik, zelai gaineko euren kokapena hobeagoa zen.

Gauzak horrela Young Boysek ez du arrisku seriorik pairatu ordu erdia pasatu arte (Javi Martinezek gora jaurti du Susaetaren pasea jaso ostean eta Yesteren falta jaurtiketa desbideratu du Wolfli atezainak berrogeigarrenean), ez du zailtasun berezirik izan baloia atzetik ondo mugitzeko zurigorrien presio desorekatua gaindituz eta gainera soilik bi aukera izan dituen arren, lehendabizikoan gola egin du kontraeraso azkar bezain erraz baten ondoren. Iraizozek Degenen jaurtiketa desbideratu baldin badu ere, aldaratzea Doumbianen burura joan da eta hortik sareetara. Bigarren aukeran Iraizozen aldaratzea kornerra joan da Schneuwlyren jaurtiketaren ostean.

Bisitariak nagusi eta etsipena harmailetan. Bazirudien bost eta sei martxadun kotxeen arteko lehia zela. Indartsuak eta ongi kokatuak Boyseko mutilak eta ezinean gure jokalariak. Bigarren zatian Yeste geratu da aldagelan eta David Lopezek bete du bere tokia. Hasteko aukera berri bat Young Boysentzat, baina Castillo debutariak Regazzoniren jaurtiketa kornerrera desbideratu du.

Ez da hori jaidura izan, Athletic Club partidan sartuago egon baita, lerro arteko elkartasun handiagoa erakutsi du, arriskuak batzuetan biderkatu diren arren, eta bere abagunea izan du kanporaketa gorantz doan aldapatik orube lauan uzteko. Berrogeita hamaikagarren minutuan penaltia egin diote Iraolari, baina Llorentek ez du asmatu. Lau minutu beranduago Javi Martinezek buruz errematatu du kanpora eta unerik goxoenak, ez zen zaila, bizi dira Muniain bertako “young boy”ren debutarekin bat eginez.

Horibeltzek nekearen eragina nabaritu dute, baina hiruzpalau asteko prestakuntzaren abantaila daramatenez gero, euren beherakadak bat egin du etxekoen beherakada lojikoarekin eta azken hogei minutuetan Iraolaren bolea bat, gora gutxigatik baina gora abiatu dena, eta Iraizozek harrapatu duen falta jaurtiketa aipa dezakegu soilik. Athleticek lehen zatian baino erraztasun handiagoak topatu/lortu ditu erdiratzeko tokietara heltzeko, baina ez da estrainekoa egunik borobilena erdiratzerakoan. Ezta beste arlo askotan ere.

Etorkizuna ez da baikorregia europar lehiaketan segitzeari buruzkoa, eta erasoa da bide bakarra datorren ostegunari begira itxaropena mantentzeko, zelaia gaurkoa bezalakoa ala azken belaunaldiko soropilez osaturikoa izan. Aitzakiarik ez eta hobetzeko tarte luzea baino ez dago.