FC Barcelona - Athletic Club
Finala

FC Barcelona - Athletic Club

FC Barcelona
FC Barcelona
30
Athletic Club
Athletic Club
  • 49' Messi
  • 68' Messi (p.)
  • 72' Bojan

KokapenaCamp Nou , Barcelona

Bartzelonak 3 Athletic Clubek 0: Ezinezkoa

Athletic Clubek 3-0 galdu du FC Bartzelonaren aurka. Messik (2, bat penaltiz) eta Bojanek lortu…

Athletic Club

Athletic Clubek 3-0 galdu du FC Bartzelonaren aurka. Messik (2, bat penaltiz) eta Bojanek lortu dituzte golak bigarren zatian eta etxekoen nagusitasuna agerian geratu da, batez ere atsedenalditik bueltan. Golik gabe amaitu da lehen zatia, baina aukera guztiak Barçarenak izan dira. Bitxia bada ere, Athletic Clubek ondo itxi ditu Iraizozengana zihoazen bide guztiak eta partidako lehendabiziko aukera Orbaizek izan du, baina 21. minutuan faltaz egindako jaurtiketa kornerrera desbideratu du Valdesek. Lehena eta azken aukera izan da, hortik aurrera urdin-gorriak nagusitu dira.

Hasieran estrategiari esker Henryk estreinakoa izan badu ere, 23. minutuan buruz kanpora errematatu duenean, gainerako ia guztiak jokaldien bitartez sortu dira, baina Iraizozek ere lan ona egin du bertan behera uzteko. Messiri 25. minutuan, Xavik kanpora errematatu du Henryren erdiraketa 26garrenean, Keitak ate aurrean ez du baloia aurkitu 33. minutuan, hiru minutu beranduago Gorkak Piqueren jaurtiketa urrundu du eta atezainak gauza bera egin du Ibrahimovicen abagune argian 39. minutuan eta berrogeigarrenean Keitaren jaurtiketa frankoak protesta bizimodua duen Tourenen gorputzean jo du. Lehen zatia amaitzeko Ibrahimovicen falta jaurtiketa harrapatu du Iraizozek.

Bigarren zatiari ekiteko Ion Velez sartu da De Cerioren ordez eta berehala Messik finala askozaz zailago jarri du, jada zaila ez bazegoen ere. Ustaritzek baloia galdu du gune arriskutsuan eta Messik, oraingoan bai, Iraizoz gainditu du baloia Ibrahimovicengandik jaso eta gero. Barçaren monologoak ez du etenik izan eta Ibrahimovicen erdiraketa, Xaviren errematea Ustaritzen eskuetan jo ondoren kornerrera joan da eta Puyolek buruz langara errematatu du 61. minutuan. Une horretarako beste bi aldaketak eginak zituen Athleticek, Toquero Etxeberriaren ordez eta Iturraspe David Lopezen ordez, zelai erdia indartzeko edo. Alferrik, epaileak penalti ez zena seinalatu baitu eta Messik bi eta zero egin du, nahiz eta aurreko jokaldiaren jarraipenean Ibrahimovicek gola sartu ere.

Bojan zelairatu da Ibrahimovicen ordez 70. minutuan eta ongi etorri oparia jaso du segundu batzuk beranduago hirugarrena ezartzeko. Eta hor amaitu da lehia, ia definitiboki. Azken txanpan, dena den, gauza batzuk soberan egon dira. Adibidez gure taldean tentsio falta hainbat pasartetan, Valdesen kolpea Toquerori 78. minutuan, publikoaren jarrera, edo batzurena behinik behin, Gurpegiri irainka, oleka etab (zorion egunek ere iraungitze data dute eta) eta zurigorrien sarrera gogor batzuk ere, beharbada ez dutelako ondoegi ulertu joku ona eta errespetu faltaren muga zein irristakorra den.

Zorionak beste behin FC Bartzelonari eta gure aldetik Tromsoren aurkako lehia lehenbailehen prestatu eta gero Espanyolaren aurkakoa, Ligari hasiera emango diona, abuztua, onerako eta txarrerako horrela da eta.