Athletic Club - RCD Espanyol
Jardunaldia 1
Liga

Athletic Club - RCD Espanyol

Athletic Club
Athletic Club
10
RCD Espanyol
RCD Espanyol
  • 78' Toquero

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Espanyolek 0: Merezita

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Espanyol taldeari. Toquerok gola lortu du bigarren zatian eta honi…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Espanyol taldeari. Toquerok gola lortu du bigarren zatian eta honi esker Ligako lehen hiru puntuak eskuratu gure taldeak eta baita ere lasaitasuna lan egiteko, kanpotik abuzturako jada jarri ei zioten ‘azterketa’ gainditu eta gero. Zurigorriak Espanyol baino gehiago izan dira eta, azkenik, hobetzeko moduan dagoen talde gazte batek egin duen lan eskergak saria eskuratu du. Bi aste aurretik pilak kargatzeko daude, ez baitu etenik egingo irailaren 13tik aurrera datorkigun egutegia.

Athleticaren borondatea hasieratik agerian geratu da: erasora jo eta Espanyol bere zelaian mantendu. Horretarako entrenatzaileak taldea zerbait eraberritu du Tromsonen jokatutako partidarekin alderatuz, lerro bakoitzean nobedade bana sartuz: Ustaritz, Gurpegi eta Muniain hain zuzen ere. Puzzlea osatu eta gero talde gazte samar geratu zaigu, Gurpegi eta Iraizoz “zaharrenak” zirela. Hala eta guztiz ere, ez da gaztetasun hori horrenbeste nabaritu eta, espero zen bezala, argi geratu da taldeak jokua hobetu zezakeen.

Athleticek erritmoa ezarri dio partidari eta aukerak heldu dira: Gurpegik buruz korner bat buruz errematatu du zortzigarren minutuan (bitxikeri moduan, gaurko estrategia bi lateralen hanketan egon da) Kameniren eskuarekin topo eginez eta hurrengo jokaldian Iraolaren pasea Martinezek hartu du eta Kameni gainditu duen arren ez du indarrik izan baloia berriz eskuratzeko eta bere burua bota du. Hurrengo minutuan Llorentek izkin egin dio markatzaileari, baina lo hartu du arean eta baloi franko bat kendu diote.

Ordu laurdenerako Tamudok izan du bisitarien lehen abagunea eta hortik gutxira
Toquero golegileak burukada ona atera du ia ezerezetik, baina Kamenik kornerrera desbideratzea lortu du. Hainbat unetan Espanyolek eratzukizuna hartu du, baloia erabiltzeko duten jokalarietaz baliaturik, eta nahiz eta Verduk langa gainetik baloia buruz errematatu duen 23. minutuan, area inguruan amaitzen ziren ia saiakera guztiak. De Marcosek Kameniri lana eman dio 26. minutuan eta atsedenaldira arte indarrak parekatu dira. Athleticek ekimena zeraman, hegaleko jokalariak lekuz aldatzen zituen, Muniain erdirantz joaten zen eta Toquera hegaletarantz, baina alferrik eta, abagunei dagokienez, soilik luzapenean Ivan Alonsoren burukada bat ekar dezakegu gogora. Bitartean zaleen kezka bakarra epailearen lana zen, ez baitzeuden batere ados abantailaren legea emateko erarekin edota txartelak eta faltak banatzeko irizpidearekin.

“Puntuetara” irabazten ari zen Athletic, itxura ona ematen, baina ez zen nahikoa hiru puntuak eskuratzeko. Abuztuan bertan gaudenez gero, ezin ahaztu, eta gainera bero nagusia zen egunean, galdera erraza zen: zein izango da talde biren erantzun fisikoa? Erantzuna, jakina, bigarren zatian heldu da eta kolore zurigorria izan du. Espanyol desagertu da, Athletic jaun eta jabearen ekinaren eraginez ere. Nakamura eta Verduk indarrak galtzen joan dira eta Gurpegi-Javi Martinez bikoteak zelai erdia bereganatu du oso. Gainera Munianek baloi gehiago ikutu du, azken metroetan ere argitasun pixka bat falta zitzaigun arren. Susaeta jada berdegunean zela, De Marcos nekatuaren tokia hartu eta gero, eta Espanyolek behartutako lehen aldaketa egin du, Chica D. Garciaren ordez sartuz, azken honen lesioa zela medio.

Bultza eta bultza segitzen zuen Athleticek. Taldeak harmailaren eskerrona zeukan ziurtaturik eta Espanyol Iraizozen areatik urrun zegoen oso, baina golik ez zen heltzen. Futbola horrela denez gero, behin husnakoarekin amaituz gero partida ona zela esan zitekeen, baina ez zen gauza bera. Pochettinok Ben Sahar zelairatu du Tamudoren ordez 78. minutuan eta Yeste aspalditik prest zegoen sartzeko, ziurrenik Muniainen tokia hartzeko, baina baloiak ez zuen zelaia uzten. Une horretan Iraizozek bere areatik baloia astindu du, ez da bere jaurtiketarik onena izan, baloia zerutik jaitsi da, Martinezek buruz aurreratu du, Susaetak ondo jaitsi du zelai erdian eta baloi sakona Toquerori bidali dio. Honek bularrez ederto kontrolatu, aurrera jo du eta Kameni erdi erditik gainditu ere. Bat eta zero eta Yeste berotzera berriz ere.

Harmailetan pozik, zelaian ere bai eta azken txanpan abantailari eutsi dio, Llorentek bigarrena ezartzeko aukera izan badu ere. Gaurkoan ez zen horren beharrezkoa, helburua beteta baitzeukan Athletic Clubek eta ez da emaitza txarra abuztuari amaiera emoteko. Ea, berriro diogu, lasaitasunerako balio duen.