CD Tenerife - Athletic Club
Jardunaldia 4
Liga

CD Tenerife - Athletic Club

CD Tenerife
CD Tenerife
10
Athletic Club
Athletic Club
  • 86' Mikel Alonso

KokapenaHeliodoro Rodríguez López , Santa Cruz de Tenerife

Tenerifek 1 Athletic Clubek 0: Aitzakiarik ez

Athletic Clubek 1-0 galdu du Teneriferen aurka. Mikel Alonsok egin du etxekoen gola partida amaitzeko…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-0 galdu du Teneriferen aurka. Mikel Alonsok egin du etxekoen gola partida amaitzeko bi minutu falta zirela. Zurigorriek Ligako bolada onari agur esan diote puntu bat urratzeko gertu zeudela. Egia esan, Tenerife nagusi izan da, batez ere lehen zatian, baina ongiegi jokatu barik, taldeak partidari ez dio inoiz ez aurpegirik galdu, horixe da pena, lan zikina egin eta gero esku hutsik bueltatu behar izatea. Hala eta guztiz ere, goiko postuetan segitzen du Athleticek larunbatean bederatzi puntu ere daukan Sevilla indartsua San Mamesen hartu baino lehen.

Athletic Clubek zazpi aurpegi berri erakutsi du hasierako hamaikakoan igandekoarekin alderatuz: Ocio, Castillo, Iturraspe, Susaeta, Yeste, Muniain eta Etxeberria. Bitartean, Tenerifekoak indartsu zelairatu dira eta 2. minutuan Richik Iraizoen eskuetara doi-doi bidali du baloia Amorebieta eta atezainaren artean ez gaizki-ulertu baten ostean. Zortzigarren minutuan Alfaroren erdiraketa errematatzera ez da Nino iritsi. Minutuak pasa ahala indarrak parekatu dira, nahiz eta Athleticaren erasoak inozoak ziren, hau da, arrisku garbiegirik sortu gabe, Gabilondok Etxeberriaren falta jaurtiketa gora errematatu duen arte. Oreka 25. minutura arte mantendu da eta hortik atsedenaldira arte Athleticek asko sufritu du.

Etxekoen abaguneak biderkatzen ziren, nahita eta nahi gabe sortuak. Besteak beste, 25. minutuan Romanek jaurti du eta Iraizozek kornerrera bidali du,berak kontrakoa eskatu arren. Bellvisek boleaz Iraizozen erreflexuak erakutsi ditu eta hurrengo jokaldian Ninok lan gehiago eman dio. Gainera 27. minutuan Ninori gola baliogabetu diote jokoz kanpo zela eta.

Erasoa ez da amaitu eta 33. minutuan Nino Iraizozen aurrean geratu da bakarrik, baina atezainak atera du baloia. Kontraeraso azkarrean, aldiz, Susaetaren jaurtiketa hartu du Aragonesesek. Panorama ez da batere argitu: 41. minutuan Mikel Alonsok Ricardo, sudurra apurtu duena Iturrasperen buruarekin topo egin ondoren, zaurituaren lekua hartu du. Partida amaieran gure jokalariak lankidearen telefono zenbakia eskatu du berarekin harremanetan ipintzeko. Alfaroren bolea Iraizek desbideratu du 42 minutuan. Eskerrak, azkenik, atsedenaldia heldu dela.

Bigarren zatiaren hasieran Toquerok hartu du Muniainen tokia. Gauzak ez dira gehiegi aldatu, Alfarok beste abagune bat izan baitu 46. minutuan, baina bere eskuinkada desbideratu du Iraizozek. Bazirudien nahiz eta partida eskasa egin, atezainaren lan onak saria ekarriko zuela. Tenerifek ez zuen etsitzen. Gurpegik Iturraspe, txartela zuena, ordezkatu du 50. minutuan. Gauzak baretu dira. Omarrek Richiren tokia hartu du 61. minutuan Kome eskuin aldera pasatuz eta Alfaro punta erdira. Berehala Llorentek Etxeberria ordezkatu du eta aldaketen mapa osatzeko Aitor Nunezen lesioak behartuta, Oltrak Dinei zelairatu du 68, minutuan. Orduan P. Sicilia hegalera pasatu da, Mikel Alonso central moduan eta Alfarok pauso bat atzera eman du. Partida abagunerik gabekoa zen jada, Alfarok berak berebiziko aukera 80. minutuan izan duen arren, burukada argi bat gehiegi gurutzatuz.

Bapatean, gauza batengatik ala bestearengatik, partida berotu da eta txartelek gehiegizko protagonismoa hartu dute, baina horra hor aditu orojakileen lana. Gabilondo bakar bakarrik arean sartzeko zela zangotrabatu egin diotenean bezala, inolako falta seinalatu gabe. Hortik gutxira Castillori txartel horia atera diote baloia gura barik jo eta gero. Markaketak ez ei dira behar bezala antolatu eta Alonsok bakar bakarrik egin du gola eta, zergatik ukatu, batez ere lehen zatian ikusitakoaren arbera, justizia egin da 87. minutuan.

Jada ez zegoen denbora partidan egin ez zena egiteko. Toquero 89 minutuan eta luzapenean saiatu den arren. Omarrek ere bigarrena egiteko aukera izan du, baina markagailua ez da mugitu. Lehen porrota heldu da eta orain Sevillaren aurkako lehia ondo prestatu baino ez du egin behar Athleticek, ez dela gitxi.