Athletic Club - Atlético de Madrid
Jardunaldia 9
Liga

Athletic Club - Atlético de Madrid

Athletic Club
Athletic Club
10
Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
  • 18' J.Martínez

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 At.Madrilek 0: Kostata

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Atletico Madril taldeari. Javi Martinezek gola lortu du buruz lehen…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Atletico Madril taldeari. Javi Martinezek gola lortu du buruz lehen zatian eta bigarrenean antzuak izan dira madrildarren erasoak. Urrezko hiru puntuak, batez ere Ligan generamatzan bolada txarrari amaiera emateko, sailkapenean askozaz lasaiago egoteko eta hurrengo geldialdian sartu aurreko hurrengo hiru partida garrantzitsuak moral aldetik behar den moduan jokatzeko. Okerrena Toquero zein Susaetaren lesioak, larritasuna oraindik zehaztu gabe dagoen arren, hiru lehiaketan egoteak fisikoki suposatzen duen zailtasuna primeran isladatzen dutenak.

Eskakizun handiko partida honetan gure taldeak sei aurpegi berri hasierako hamaikakoan aurkeztu du (Iraizoz, Toquero, Ustaritz, Susaeta, Javi Martinez eta De Marcos) eta giro paregabea zegoen San Mamesen jokoan asko zeukaten talde biren arteko partida ikusteko. Lehen uneak norgehiagoka lehiatua izango zela isladatu dute. Inork ez zuen bere nagusitasuna inposatzen, baina joerak agerian geratu dira. Presioa eta sakontasuna zurigorriak ziren eta kalitatea ezerezetik arriskua sortzeko bisitarien bisita txartela.

Abagunerik gabe pasatu dira lehen minutuak eta hamabigarrenean Iraiozek ez du behar bezala irteera neurtu eta gure arean nahaste-borrastea ikusi dugu. Maxik, hortik pasatzen ari zela, buruz errematatu du zutoinera eta gero Amorebietak langapetik baloia urruntzea lortu du.

Ez zen hori joera, kontrakoa baizik eta zurigorriak pixkaka nagusitzen ari ziren. Zurrunbiloaren erdian Orbaizek falta atera du eskuinaldetik eta kontrako zutoinean Javi Martinezek buruz ederto errematatu ondoren, hemeretzigarren minutuan bat eta zero egin du. Zoramena harmailetan eta Atletico Madril zeharo galduta. Hurrengo minutuan De Marcosek Llorenteren pase bikaina hartu du, baina ezin izan du Asenjoren irteera gainditu. Ia hirurogei segundu berandugo beste aukera bat De Marcosentzat, baina ezkerrez ez du behar legez errematatu.

Partida azkarra eta gogorra zen oso, baloi bakoitzaren jabetza borroka latzaren ondorio zuzena zen eta epaileari asko kostatzen zitzaion txartelak erakustea. Atletico Madrili ere asko kostatzen zitzaion erreakzionatzea eta basamortuaren zeharkaldia egina zuela zirudien arren, minutu asko pasatu dira arriskualdi berri bat sortu arte.

Bitartean Athleticek abagune paregabeak izan ditu partida lasaitasunaren bidetik bideratzeko, batez ere 34. minutuan Toquerori penaltia egin diotenean, hala zirudien behintzat, Asenjok lurrera bota duenean aurrelariak atezaina bera ez ikutzeko ahalegin argiak egin dituenean. Ramirez Dominguez epaileak ez du ezebez seinalatu eta orojakile eta editoriagileek denborapasa dute ostera be. Konparaketa polita litzateke balizko ala ustezko penalti hau iazko denboraldian Lluis Companysen Gurpegiri epaile berak seinalatu zuenarekin alderatzea.

Toquerok jokaldi honetan min hartu du eta berrogeigarren minutuan Gabilondok ordezkatu du De Marcos bigarren aurrelari izatera pasatuz. Eta hiru minutu beranduago Guardiakoak abagune polita izan du, baina Asenjo deskolokaturik ikustean beharbada azkarregi jaurti du, aurrea jotzeko aukera zuenean. Azkenik atezainak desbideratu du baloia. Halaz ere, atsedenaldira abiatu baino lehenago, bigarren zatian espero zenaren aurrerapena eskaini dute Sanchez Floresen mutilek: ezerezetik Forlanek abagune bat sortu du 44. minutuan, baina zorionez Ustaritz Kunen aurrean gurutzatu da. Luzapenean Simaok areaz kanpotik jaurti du, baina Iraizozen eskuetara.

Jokalari aldaketa gehiagorik gabe itzuli dira talde biek bigarren zatian, baina, askotan jendeari ahazten zaion funtsezko datua da, arerioa ere jokoan dagoela, eta Atletico Madril erasokorrago irten da. Honen baieztapena kezkagarria izan da lehen ordu laurdenean, ahalmen handiko jokalariak baitzeuden berdegunean eta Athleticek ez zuen erantzuteko gaitasunik erakusten. Irten eta oso gutxira Maxik bitan mehatzatu du, bolea bat eskuinez gutxigatik gurutzatuegia kanpora joan da eta bi minutu beranduago beste bolea batez angelua bilatu du, baina aurkitu barik. Juradok hartu du Maxiren tokia ordubeterako eta 61. minutuan Gabilondoren falta jaurtiketak Athletic Clubaren bigarren zatiko arriskualdirik nabarmenena sortu du, baina Asenjok baloia aldendu du. Ia jarraian Simaok Iraizozi lana eman dio eta atezainak Forlanen areaz kanpoko jaurtiketa harrapatu du.

Iñigo Perezek San Mamesen debutatu du Orbaizen tokian sartu ondoren eta David Lopez Susaeta mindutaren ordez irten da. Atletico Madrilek ez zuen jada bizitasun berbera, baina aurrealdeko jokalari guztiak zelai gainean mantentzen zituen eta partida amaitzeko ordu laurden luze bat (azken asteotako ahalegina kontuan hartuta) falta zen oraindik. Gainera, orain behealdean dagoen Atletico Madril bezalako talde batek abantaila bat dauka: ez du joku gehiegirik sortu behar aukerak eta, berez, areriorengan ezegonkortasuna sortzeko, goi mailako aurrelari bi dauzkalako, Forlan eta Kun.

Nahiz eta norgehiagokako jokaldi gehienetan Ustaritz eta Amorebieta nagusi izan diren, ez dute espazio gehigirik behar min egiteko. Esaterako ia instant batean, Forlanek areaz kanpoko jaurtiketa miragarria egin du… baina baloia zutionera joan da. Segituan Kunek beste urruneko eskuinkada bat jaurti du… baina langara kasu honetan eta 77. minutuan Forlanek arriskuz beteriko beste jaurtiketa zitala bidali du eta Iraizozen erantzuna ez da makala izan.

Eta hor amaitu da dena, azken txanpa Athleticek ondo kudeatu baitu urrezko hiru puntuak erdiesteko. Beste batzutan bi aurpegiko partidak aipatu baditugu, gaurkoan gauza bera idatz dezakegu, baina oraingo honetan gauza onerako, aspaldian ez baitzuen gure taldeak bere atea zulatu barik uzten, ea horrela den ere datozen partidatan. Hurrengoa ostegunean europar zaporearekin Afrikan jokatzen den arren.