RCD Mallorca - Athletic Club
Jardunaldia 16
Liga

RCD Mallorca - Athletic Club

RCD Mallorca
RCD Mallorca
20
Athletic Club
Athletic Club
  • 49' Julio Álvarez
  • 65' Aduriz

KokapenaOno Estadi , Palma de Mallorca

Urteko hasiera txarra

Mallorcak 2-Athletic Clubek 0Athletic Clubek 2-0 galdu du Mallorcaren aurka. Julio Alvarezek, baloia Amorebietaren bizkarrean…

Athletic Club

Mallorcak 2-Athletic Clubek 0


Athletic Clubek 2-0 galdu du Mallorcaren aurka. Julio Alvarezek, baloia Amorebietaren bizkarrean jo eta gero, eta Adurizek egin dituzte gol biak eta urte berriarekin batera azken irteeretako bolada ona amaitu da. Etxekoek, aldiz, orain arte Son Moixen ez dute punturik galdu, zortzitik zortzi partida irabazi baitute. Gaurkoan zorte pittin bat izan dute hainbat jokalditan, baina sari hori gure taldea baino gehiago bilatu dute, batez ere bigarren zatian.

Partida ia osoa hotza izan da, erritmo askorik gabekoa eta, gainera, epaileak falta asko seinalatu ditu jokuaren bizitasuna zailduz. Halaz ere, hainbat unetan bazirudien azken bidaietako historia errepikatuko zela, hau da, lehen zati “itsusia” eta bigarrenean aukera eta gol gehiago. Ez da horrela izan eta datorren asteko bidaia askozaz positiboagoa izan dadila espero dezagun.

Rubenek txartel horia ikusi du bederatzigarren minutuan eta bi beranduago Adurizi beste bat erakutsi diote. Horrela has daiteke partidaren kontakizuna, horiek izan baitira berri bakarrak lehen ordu laurdenean. Borroka itzela ikusten zen zelai erdian, talde biek hor kargatu baituzte indarrak, eta errespetu handiegia elkarri. Hurrengo txartela Borja Valerorentzat izan da eta etxeko zaleak epailearen lana dela-eta protestaka ari zirenean, 28. minutuan hain zuzen ere, Josemik Llorenteri bultzada eman dio Gurpegiren erdiraketa errematatzeko tenorean zela, baina ez da ezebez seinalatu. Ordu erdia pasa eta gero Athletic Clubeko lehen jokalariak txartel horia ikusi du. San Jose izan da. Beraz, talde bakoitzeko zentral bana txartelarekin, horretan ere dena orekatuta zihoan.

Partida gehiago ireki da, handikeriarik gabe jakina, nahiz eta lehen aukera garbia 35. minutura arte ez den heldu, Adurizen bitartez, baina gure jokalari ohiaren ezkerkada gutxigatik kanpora abiatu da. Aitzitik, 38. minutuan eta falta jaurtiketa baten ondorioz, Llorentek aukera izan du, baina ez du bolea behar bezala harrapatu. Hori eta Javi Martinezen barnealdi luzea azkenean kornerrean amaitu dena, izan dira lehen zatiko abagunerik garbienak. Gure arean, aldiz, Adurizek buruz errematatu du 41. minutuan, baina Iraizoz erne egon da baloia gelditzeko orduan.

Golik gabeko berdinketa atsedenaldira eta, aldageletatik bueltan dena bide beretik ei zihoan, baina futbol horrela denez gero ez dugu zerurik espero, eta hoztasuna betiko amaitu da, edo epeldu behinik behin, jokaldi inozo baten eskutik. Julio Alvarezen jaurtiketa kanpora zihoala zirudien, baina Amorebietaren bizkarrean jo du sareetan amaitzeko. Irabazlearen zortea etxean zegoen, zalantza izpirik gabe. Hirurogei segundu pasa eta gero, Adurizen erremate bat berriro Amorebietarekin egin du topo eta azken unean Iraizoz oinarekin atera du lehen goleko bide bera zeraman baloia.

Partida berri bat hasten zen. Tamalez. Mallorca eroso sentitu da eta espazioak aprobetxatzen dakienez ederto ustiatu ditu. Esaterako 56. minutuan Adurizek abagune paregabea izan du baina Iraizoz fin ibili da, akaso tartean ez zebilelako inolako oztoporik. Norgehiagoka berria jokatzeko 57. minutuan gure taldeak aldaketa bikotza egin du zelai erdiko hegaleko jokalari biak aldatuz. De Marcos eta Munian, Yeste eta Gurpegiren ordez sartu dira. Susaeta eskuin aldera pasa da eta De Marcos bigarren aurrelari bezala kokatu da.

Eta Athletic partidan askozaz gerra gehiago emoteko zorian egon da, Llorentek berdintzeko aukera paregabea izan baitu kontraeraso azkar eta zorrotz baten ostean, baina Javi Martinezen pasea zetorkion moduan jo beharrean, Aouateri izkin egin dio, baloia hankaz aldatuz, eta bere ezkerkada Josemik atepean urrundu du. Irabazlearen zorteak oraingo honetan irlan bertan geratzeko asmoIa zuenez gero, ia hurrengo jokaldian, 66. minutuan konkretuki, etxekoek beste hutsune bat topatu dute, lehen Julio Alvarez hainbat zurigorri artean “bizirik” irten denean, gero Amorebieta moztera heldu ez denean eta, azkenik, aurrekoa nahikoa ez bazen ere, Aduriz, bakar bakarrik, baloia Iraizozen gainetik baloia sartu duenean, ez ei zen hori bere asmoa, baloia loratzea, edo ez horrela behintzat, baina berriz ere atzelari baten gorputzean jo eta gero, kasu honetan San Joseren hankan, sareetarako bidea hartu du.

Kolpe latza izan da. Mallorca nagusi zen eta nahi eta ezinean zebilen jada Athletic, gainera arrisku handiak hartuz. Adibidez, Javi Martinezek ere kontrako arearantz zihoan biderik laburrena jada hartua zeukan. Gure taldean, egur gehiago, 74. minutuan Etxeberria Susaetaren ordez sartu delako.

Mallorcak aldapaz behera jokatzen zuen eta ia errebote guztiak ere beraientzat ziren. Holako batean Castro Iraizozen aurrean bakar bakarrik geratu da, baina atezainak oinarekin kornerra bidali du. Ez zen seinale ona berdinketaren bidean gure atezainak horrenbeste protagonismo izatea, baina bidesaria horixe zen.
Azken ahaleginean, lehia jada apurtuta zegoela, Llorentek buruz Aouateren eskuetara errematatu du 83. minutuan eta Muniain areaz kanpotik Aouateren eskuetara ere luzapenean, baina ez zen eguna… Malagan izan beharko.