Villarreal CF - Athletic Club
Jardunaldia 22
Liga

Villarreal CF - Athletic Club

Villarreal CF
Villarreal CF
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 5' Capdevila
  • 45' Nilmar
  • Gabilondo 24'

KokapenaEl Madrigal , Vila-real

Txarto hasten dena… txarto amaitzen ei da

Vila-realek 2 Athletic Clubek 1Athletic Clubek 2-1 galdu du Vila-realen aurka. Capdevilak eta Nilmar-ek egin…

Athletic Club

Vila-realek 2 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 2-1 galdu du Vila-realen aurka. Capdevilak eta Nilmar-ek egin dituzte etxekoen golak eta Gabilondo gure taldearena. Ez da lehenengo aldia, baina gure taldeak merezimenduak egin ditu punturen bat urratzeko, baina txarto hasten dena ia normalean txarto amaitzen denez, azken txanpan egoera guztietako ondorio guretzako okerrena izan da: Iraolaren penalti jaurtiketa Diego Lopezek desbideratu egin du, eta Javi Martinezek, Orbaizek eta Caparrosek txartel gorri bana ikusi dute. Lehenengo biek ezin izango dute Teneriferen aurka jokatzeko. Kolpe latza, baina lehenbailehen ahaztu behar dena Anderlecht ostegun honetan mendean hartu ahal izateko.

Zurigorriak gogotsu hasi dira, gora begira, baina laugarren minutuan Capdevilak bat eta zerokoa ezarri du eskuinez etxekoen lehendabiziko agerraldian, ia ia espero barik sortu dutena. Aldapaz gora eta gainera egoera horretan gustora dabilen taldea da Vila-real. Gureak jada ez du golik jasotzen bigarren zatian, baina azken bi partidatan lehenean hartu ditu. Halaz ere, erreakzionatzeko gaitasuna erakutsi du, adorea amorerik ez emoteko, sasi guztien gainetik burua altzatzeko eta bereak eta bi eman ditu esku hutsik ez joateko. Hamabigarren minutuan eta jokoz kanpokorik seinalatu ez diotenean, batzuk ziren, baina beste batzuk ez, Llorente zirrikitua zein zen aurkitu du eta ezkerretik barnealdi ona egin duen arren, azken unean atezainak moztu du.

Athletic gora begira eta Vila-real aukeraren zain baloia erditik mugituz gure bizkarraren bila. Adibidez 19. minutuan Nilmar izan da Fusterren pasea hartu duena eta ezkerrez kanpora jaurti du. Dena den, gure txandan Gabilondok, 23. minutuan, gol izugarria sartzeaz gainera, markagailuan futbolean horren erlatiboa den justizia ezarri du ezkerrez areaz kanpotik zartakoa angelutik sartuz.

Ekimena etxekoek eraman beharko lukete. Ez da horrela izan, ekimena gure taldeak hartu baitu, irmoki, eta bigarrenaren bila abiatu da. Gauzak horrela, 26. minutuan, Llorentek berriro ere ezkerretik barnealdia egin du eta azken pasea atzelari batek kornerra bidali du. Ordu erdian Orbaizek txartel horia ikusi du, bosgarrena zen eta amaierakoa kontuan hartu barik, jada ezin izan zuen Teneriferen aurka jokatu.

Horiek izan dira behar bada Vila-realeko unerik gozoenak, joku aldetik behintzat. Piresek angelurik gabe kanpora eskuinez jaurti du 31. minutuan eta Sennak faltaz 32. minutuan, baina Iraizozek urundu du.

Athleticek beste abagune garbi bat izan du atsedenaldia baino lehen, korner batean, 37. minutuan, Gurpeki buruz ikutu du eta aldaratzea Llorentek gutxigatik kanpora eskuinez errematatu du. Dena bigarren zatirako geratzen zela zirudien, baina etxekoen jokatzeko erak, aurreko entrenatzailea eta oraingoarekin, dohai batzuk ditu eta horrelako batean, 44. minutuan Canik hainbat zurigorrien tartetik pase ona bidali dio Nilmarri eta honek Amorebietari aurrea hartu dio bigarrena egiteko.

Aldaketarik ez atsedenaldian eta irteera kementsua Athleticek burutu duena, baina minutu pare bat iraun ez duena. Vila-real lasai zebilen abantailarekin jolasean eta tarteka marteka aukerak sortzen zituen: 49. Godinek buruz kanpora errematatu du, 50. minutuan Sennak areaz kanpotik Iraizozek gera zezan, baina 54. minutuan De Marcosen erdiraketa

Martinezek langa gainetik bidali du eta zurigorriek ekimena berreskuratu dute, hainbat jokaldi arriskutsuak sortuz, 57. minutuan egin duten jokaldi landua bezala, baina Iraolaren erdiraketa Diego Lopezek harrapatu du, hau da, etorkizuna aurreikusi dela.
Aulkitik Susaetak Gurpegiren tokia hartu du 59. minutuan eta bi beranduago Gonzalok ia bere atean sartu du Iraolaren erdiraketa. Minutuak aurrera joan ahala, gero eta handiagoak ziren Athleticek hartzen zituen arriskuak, askotan, batez ere estrategia jaurtiketetan arerioari nagusitasuna eskainiz. Horrelako batean, 66. minutuan epaileak ez du Sennaren enegarren falta seinalatu eta Nilmarren jaurtiketa Amorebitaren gorputzean jo du kornerra joateko.

Etxekoen lehen aldaketa 68. minutuan heldu da: Ibagaza Caniren ordez eta 70. minutuan Munain Gabilondoren ordez zelairatu da. Gero eta arrisku gehiago eta ia kontraeraso bakoitza abagune garbi bat zen. Esaterako Nilmarrek 75. minutuan kanpora jaurti du Iraizozen gainetik.

Elastiko horidunak ere ez zeuden batere lasai eta 76. minutuan De Marcosek boleaz gora bidali du Gonzaloren aldaratze eskasa. Musacchio Matillaren ordez sartu da eta dinamika ez da aldatu. Athletic aurrera, lauko lerroarekin erasoan, ia beste hainbeste atzetik eta zulo asko atzean. Ibagazak jaurti du eta Iraizozek harrapatu ere 78. minutuan.

Azken erasoaldirako Toquero De Marcosen ordez sartu da eta emozio gogorrak bizitzeko abagunea izan du, partida berotzen joan baita. Zurigorrien hurrengo aukera 80. Minutuan heldu da Javi Martinezek Diego Lopezen aurrean luzeegi kontrolatu duenean, baina aldaratzea bere bizkarrean jo du eta gutxigatik kanpora joan da.

Nilmarrek hurrengo kontraerasoa ez du aprobetxatu, Iraizozen geldiketa tartean zela 85. minutuan eta Marcos Ruben Fusterren ordez zelairatu da. Ez zuen aukera aurkitzen Athletic Clubek, baina jo eta ke aritu da azkenerarte. Eta abagunea heldu da, nahiz eta gero aprobetxatu ez den.

Penaltia egin diote Muniaini, baina tamalez Diego Lopezek Iraolari jaurtiketa igerri dio eta ostean Piresek ea hirugarrena egin du epaileak Javi Martinezi eta Godini txartel gorri bana atera eta gero. Atzelaria gogoekin geratu ei da eta egurra nonnahi banatzeko gonbitea luzatu die aulkian zeudenei eta horren ondorioz epaileak Caparrosi ahozko txartel gorria erakutsi dio, baina ez dira hor amaitu zorigaiztoko minutuak eta Orbaizek bigarren horia ere ikusi du, txarto hasten dena ia beti txarto amaitzen dela egiaztatzeko. Europar lehia zeharo ezberdina izango delakoan…