Atlético de Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 28
Liga

Atlético de Madrid - Athletic Club

Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
20
Athletic Club
Athletic Club
  • 53' Forlán
  • 85' Agüero

KokapenaVicente Calderón , Madrid

Hasiera ona eta ezaguna den amaiera

At.Madrilek 2 Athletic Clubek 0Athletic Clubek 2-0 galdu du Atletico Madrilen aurka. Forlanek eta Aguerok…

Athletic Club

At.Madrilek 2 Athletic Clubek 0


Athletic Clubek 2-0 galdu du Atletico Madrilen aurka. Forlanek eta Aguerok egin dituzte etxekoen golak bigarren zatian, hasiera ona eta tamalez amaiera ezaguna izan duen partidan. Zurigorriek askozaz gehiago lortzeko merezimenduak egin dituzte, batez ere lehen zatian, baina definizio eza nabarmena izan da eta ez, aldiz, etxekoen aldetik eta azkenean puntuak erdietsi dituzte. Gauzak horrela, Athletic Clubek Europa Leagueko postuetan segitzen du, seigarrenean dago hain zuzen ere, baina astelehenean bertan Real Racing Cluben aurka garaipena beharko luke azken txanpan estua izango den borrokan buru belarri segitzeko.

Lehen minutuak esanguratsuak izan dira oso. Gurpegik buruz lehendabizikoan, Toquerok gutxigatik ez da heldu eta zazpigarrenean Llorentek areaz kanpotik zutoinera errematatu du. Athleticena zen ekimena eta kontraerasoen saiakerak etxekoen partetik zetozen. Atleticok lehia orekatzea lortu badu ere, ziur gaude lehendabiziko gola nork sartuko zuenaren aldeko apustua egitean zurigorriak faborito zirela.

Athleticek zelai erdian baloi asko lapurtzen zuen, eta gero dexente erabili ere bai, eta gainera goiko baloi guztiak Llorenterenak ziren Assunçaok jokaldi ia guztietan falta egiten zion arren. Halaz ere, protestaldiak area bietan eskuekin lotuta egon dira, biak ia jarraian, 24. minutuan Dominguezena Javi Martinezen barnealdia moztu duenean eta berehala San Joserena, erdiraketa batek bere eskuan jo duenean. Berririk ez epailearen aldetik gure taldeak bereari eusten zion bitartean.
Llorenteren zartakoa De Geak desbideratu du 27garren minutuan eta aldaratzea Gabilondok gutxigatik kanpora errematatu du; Toqueroren jaurtiketa etxekoen onena izan den atezainak gelditu du 36garrenean eta atsedenaldira joan baino lehen Toquerok berak kanpora errematatu du.

Eta Atletico? Ondo, eskerrik asko. Reyesen urrutiko jaurtiketa izan da Iraizozi serioski lana eman dion ia bakarra, eta horren zaharrak ez ei diruditen banderen artean, batez ere athleticzale mordo bat 38. minutuan zelaira sartu denean, eta Gurpegiren aurkako irainak, etxeko jokalarientzat txistuak ere entzun dira. Zoritxarrez bigarren zatian golek kritikak ixildu egin dituzte.

Aldaketarik gabe, bigarren zatiak hasiera bera izan du, hau da, Athleticek lehen aukerak sortu ditu: Toquerok gora errematatu du eta Javi Martinezen jaurtiketa De Geak harrapatu du, baina ia ustekabean Valeraren barnealdiaren eskutik Forlanek tokian zegoen eta bat eta zerokoa ezarri du 53garren minutuan. Ez sinisteko modukoa, emaitza, ez gola.

Panorama aldatu da, jarraian Llorentek buruz gutxigatik baloia harrapatu ez duen arren. Aldatu da, baina ez Athleticek etsi duelako, baizik eta etxeko taldea berpiztu delako eta gainera espazio gehiago topatu du. Gehiegikeririk gabe, bere saltsan, hamar minututan ia aukera guztiak pilatu ditu, Kunek buruz Iraizozek kornerrera ederto desbideratu duena eta gainerakoak Forlanek izan ditu: lehengo biak Iraizozek zapuztu ditu eta hirugarrena kanpora bota du.

Athleticek eskema gorde du, baina jokalari berriak zituen zelai gainean, Susaeta eta Yeste konkretuki, Gurpegi eta Iturrasperen ordez, hurrenez hurren sartu bait dira. Yesteren falta baten jaurtiketaren ondorioz Javi Martinezek buruz errematatu du, baina De Geak baloia ederto desbideratu du. Yestek bere bosgarren txartel horia ikusi eta gutxira Muniainek Gabilondo ordezkatu du.

Sasi guztien gainetik, zurigorriek beste bi aukera izan dute. Biak Llorenterentzat izan dira, bata buruz errematatzean, baloia kornerrera abiatu da, eta bigarrena korner atera eta gero, buelta erdian kanpora erremattau duenean Muniain bakar bakarrik baloiaren zain zela. Azken uneotako presioa alferrikakoa izan da eta gainera, Kun Aguerok, zorte apur batez ere, 88garren minutuan baloia arean kontrolatu du bi eta zerokoa egiteko.

Zigor handiegia eta esku hutsik etxera europar guneko eta inguruko taldeek puntu gutxi lortu duten jardunaldian. Dena den kontsolamenduak ez du punturik emoten eta arerioa baino hobeto jokatzeaz gainera, puntuak ezinbestekoak dira egungo europar ametsari eusteko.

Astelehenerako Amorebieta jokatzeko moduan egongo da eta Yeste zein Orbaiz, zigorturik baja dira. Ea jardunaldiko azken partidak zapore gozoagoa uzten digun.