Athletic Club - UD Almería
Jardunaldia 31
Liga

Athletic Club - UD Almería

Athletic Club
Athletic Club
41
UD Almería
UD Almería
  • 13'49' J.Martínez
  • 32' Gabilondo
  • 51' Llorente
  • Piatti 70'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Lau gol eta aukera gehiago egiteko

Athletic Clubek 4-UD Almeriak 1Athletic Clubek 4-1 irabazi dio UD Almeria taldeari. Javi Martinez (2),…

Athletic Club

Athletic Clubek 4-UD Almeriak 1


Athletic Clubek 4-1 irabazi dio UD Almeria taldeari. Javi Martinez (2), Gabilondo eta Llorente golegileak izan dira. Piattik egin du bisitarien gola. Zurigorriek 48 punturekin seigarren postuari eusten diote Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta direnean. Gure taldeak partida bikaina egin eta gero eta aukerak egin dituzte gol gehiago sartzeko, tartean Diego Alvesek Llorenteri gelditu dion penaltia. Azken minutuetan aldiz, bisitariek ere hainbat aukera sortu dute, nahiz eta bere lehendabizikoa 58. minutuan heldu den, hau da, partida zeharo erabakita zegoenean. Baina lehiaketa ez da gelditzen eta ostegunean bertan hirugarrena den Valentzia aurrez aurre izango dugu.

Norgehiagoka kolorerik ez du izan monologo zurigorria izan den arren. Aurtengo denboraldian etxean jokatu den partidarik borobilena izan dela esan daiteke, batez ere lehen zatian, non zortzi aukera garbi garbiak izan ditugun eta hauetatik bi gol bihurtu dira. Aurrean Almeriak, espero ez zen hasierako hamaikakoarekin, baina horretarako daude entrenatzaileak, lehia irabazteko egokienak diren jokalariak zelairatzeko hain zuzen ere.

Dena den, zelaian egin behar zena jakiten ei zen bakarra Athletic izan da eta joaneko partidan bezala Almeriari lau gol egiteko oinarriak estrategian ipini ditu. Llorentek zutoinera buruz desbideratu du Gabilondoren falta jaurtiketa eta hortik aurrera etxekoen nagusitasuna nabaria izan da. Bosgarren minutuan Llorenteren burukada Diego Alvesek kornerrera desbideratu du eta hamabigarrenean, Gabilondoren korner baten jaurtiketaren ostean atezaina ez da horren fin ibili eta Javi Martinezek oposiziorik gabe buruz sareetara errematatu du.

Minutuak aurrera joan ahala abaguneak ate horretan pilatu dira. Toquerok, adorez eta zortez, arean sartu da eta bere azken pasera ez da Llorente heldu, baina bai Gabilondo ate aurreran bakar bakarrik, baina kanpora jaurti du. Susaetak faltaz lana eman dio Alvesi eta atezainak baloia kornerrera desbideratu du. Ondoren Llorenteren ezkerkada harrapatu du Alvesek eta 32. minutuan Gabilondok lasaitasuna berreskuratu du areaz kanpotik izugarrizko zartakoaren bitartez bigarren gola bihurtuz, zailena errezena eginez azken finean eta horretan donostiarra trebea da.

Bost minutu beranduago Acasietek penalti egin dio Toquerori. Hirugarrenean bai, Acasietek berak 5garren minutuan esku garbia sartu baitu San Joseren burukadaren ostean eta erdibidean Cismak arean Toquero bera bultzatu du. Editoriagile orojakileek milenioren partida eta bere ondoriekin aski lanpeturik daudenez, bakean utz ditzagun.

Azken finean Llorentek erantzukizuna hartu du eta aurrean lehen goleko akatsa konpontzeko prest zegoen penaltiak gelditzeko espezialista den atezaina. Eta Almeriara heldu zenetik zergatik hamabitik soilik lau sartu dioten erakutsi du. Gaurdanik hamahirutik lau izan direla esan dezake.

Betiko galdera zen ea bigarren zatian 2-0koa aski arriskutsua denez gero, Athleticek egindakoari jarraikortasuna emango zionetz. Eta zorionez baietz irten da eta gure taldeak di-da batean norgehiagoka erabakita laga du. Susaetak lekutara jaurti du 49garren minutuan eta ia jarraian Javi Martinezek baloia lapurtu du, arean sartu da, hiru arerio lekuan utzi du eta ezkerrez izugarrizko gola egin du, bere gaurko bigarrena eta taldeko hirugarrena. Abizena aski arrunta duenez gero, bere golak ez du osperik izango, baina etxean bertan eskertzekoa eta baloratzeko modukoa izango da, jakina. Zalegoak oraindik zapi zuria eskutan zeukala, Toquerok eskumaldetik erdiratu du eta Llorentek haren arantza atera ahal izan du golegile baten gola eginez. Ekaitza amaitzeko, Susaetaren jaurtiketa Alvesek desbideratu du.

Dena erabakita zela, Lillok Soriano eta Piatti zelairatu ditu, Vargas eta Guilhermeren ordez eta Almeriak nolabaiteko berpizkundea bizi izan du, ez dakiguna da jokalari berrien eraginez ala partidaren eraginez, baina zurigorrien atzealdean lehen ez zeuden zuloak agertu dira. Sorianok buruz eta Piattik ezkerrez, Iraizoz zelai gainean zegoela erakutsi digute. Halaz ere Piattik ia billarri dagokion jokaldian geroago egin du bere taldearen gola eta partidaren hondarrean Goitomek eta Sorianok aukera bana izan dute, baina Iraizozek zutik zirauen.

Gurean, azken txanpa lasaia, baina ez aukerarik gabekoa, Susaetak gora jaurti baitu, Gabilondok faltaz eta Llorentek atezaina baino lehenago jauzia egin du buruz langa gainetik errematatzeko. Aspaldian San Mamesen jokatu gabe zeuden De Marcos, Yeste eta Orbaiz ere berdegunera irten dira, eta De Marcosek aukerarik garbiena izan du 79garren minutan, baina Diego Alvesek bere ospeari ohorea egin dio beste behin ere.

Azkenik lehen itzuleko aldeko 4-1koa errepikatu da eta jada Almeria “modernoa” San Mamesen gainditu dugu. Garaipen lasaia eta gure zelaia 2010an gotorlekua bihurtzen ari da. Ea horrela mantentzen den falta diren lau finaletan. Bitartean, partida zaila Valentzian, Turiako taldearen barne egoera dela medio, baina taldea erakusten ari den sasoia, jokua eta gosearekin edozein gauza gerta daiteke.