- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2009-10
- Athletic Club - Tromsø IL
Athletic Club - Tromsø IL
- 62' J.Martínez (p.)
- 86' De Marcos
- 90' Llorente
- Moldskred 42'
- Lindpere 78'
KokapenaSan Mamés , Bilbo
Athletic Clubek 3 Tromsøk 2: Bizirik
Athletic Clubek bizirik dirau Europa Leaguen Tromsøren aurka 3-2 irabazi eta gero. Beraz gure taldeak…
Athletic Clubek bizirik dirau Europa Leaguen Tromsøren aurka 3-2 irabazi eta gero. Beraz gure taldeak abantailaz ekingo dio itzuleko partidari Javi Martinez, penaltiz, De Marcos eta Llorenteren goleei esker. Partidak denetik izan du, lehen zatian parekatuagoa izan da eta norvegiarrak are erakinkorragoak, egin behar zutena primeran gauzatuz eta unerik erabakiorrenean markagailuan aurrea hartuz. Young Boysen aurka gertatu zen bezala, zurigorriek ezin izan dute behar legezko erritmoa ezarri, nahiz eta gaurkoan askozaz baloi jabetza gehiago izan duten.
Bigarren zatian etxekoen nagusitasuna erabatekoa izan da eta bisitariak oso gutxitan gainditu dute zelai erdiko marra. Bitxia bada ere, arauzko laurogeita hamar minutuak betetzeko bost falta zirela Athletic Club bat eta bi galtzen zihoan, baina gogoa, grina eta batzutan ere kalitateak saria izan dute eta sei minututan ia galdutzat ematen zen kanporaketa beste aurpegi batez dakusagu orain. Ez galtzearekin nahikoa izango da Tromsøn, baina partida irabaztera irtetzea legoke hurrengo fasean egoteko gakoa.
Aste Nagusiko bigarren partidan heldu da garaipena San Mamesen, baina hasieratik Tromsøk zer nahi zuen eta nola lortu gura zuen argiro erakutsi du. Bi lerro sendo, eta aurrean eskarmentua Rushfeldt eta abiadura, Moldskred. Gainera, bigarren jokaldi askotan erakutsi dute areaz kanpotik jaurtitzeko inolako konplexurik ez zeukatela eta hortik heldu dira euren golak. Jada bigarren minuturako Knarvikek Iraizozi lana eman dio, Javi Martinez areaz kanpotik ere saiatu da zortzigarren minutuan, 25. minutuan Knarvinek gauza bera egin du urrutitik, hutsaren ondorengo baloia jaurtitzeko prest geratu zaionean eta gure atezainak erantzun bikaina eman dio. Muniain gazteak aukera paregabea izan du 28. minutuan, baina Ramovic erene egon da bere irteeran, zortzi beranduago Moldskredek abisua eman du eta 41. minutuan baloia ia bere zelaian hartu du, diagonal osoa egin eskuinetik ezkerrera eta areaz kanpotik, nola ez, baloia sareetara gurutzatu egin du. Atsedenaldira iritsi baino lehen De Marcosek behartuta errematatu du Susaetaren enegarren barnealdia eta hortik gutxira Muniainek Ramovicen eskuetara jaurti du.
Ezintasuna eta tajuzko arriskua sortzeko zailtasunak erakusten ari zen Athletic. Eskarmentua, lasaitasuna eta oinarrizko kontzeptuak praktikara zeramatzan Tromsøk. Kanporaketa Young Boysen aurkakoa zirudien eta are gehiago bigarren zatiaren hasierari erreparatuz gero. Athletic Clubek hasieran laupabost minutu txar pairatu ditu eta bapatean piztu da. Iraolak penaltia eskatu du, De Marcosek kanpora jaurti du ezkerrez eta ordubeterako penaltia egin diote Javi Martinezi. Suitzarren aurka bezala penalti bat alde, baina kasu honetan Javi Martinezek berak gol bihurtu du.
Gasolina beste bi aukera sortzeko nahikoa izan da. Llorenteri penalti nabarmena (eta balizko txartel gorria) egin diote 64. minutuan eta Llorentek berak buruz errematatu du atezainaren eskuetara. Hegaletatik, batez ere eskuinetik, sartzen ari zen Athletic, baloia albo batetik bestera mugituz eta baloi luzeak oso gutxi erabiliz.
Lehia orekatu da, baina ekimena zurigorria izaten segitzen zen eta partidaren norabidea bakarra. Halaxe nabarmendu da hurrengo minutuetan. Toquerok hartu du Muniainen tokia 74. minutuan eta ziztu bizian bi abagune eder izan ditu. Llorenteren lagapena boleaz bortizki errematatu du eta burukada polita egin du, baina kasu bietan Ramovic hor zegoen. Joerak gure taldearen bigarrena iragartzen zuen, baina Lindperek bat eta bikoa ezarri du jokaldi isolatu batean eta…. Nondik? Areaz kanpotik, jakina.
Young Boyseko balentria baino gehiago behar zuen une horretan Athleticek. Iturraspe Yesteren ordez irten da, Martinezek txilenaz errematatu du, alferrik, eta David Lopez Susaetaren ordez berdegunera sartu da. Ia aurrealde osoa berria zen, eta zirauten artean Oscar de Marcos egon bazegoen. Athleticek ez zuen amorerik ematen eta lehen zatiko txistuak txaloak bihurtu dira bigarren zati ia osoan taldearen portaera zeharo ezberdina izan da eta. Dena den, emaitza negar egiteko zen, baina De Marcosek bereari eutsi dio, hau da, atea begibistan daukan bakoitzean jaurti eta nola gainera. Zegoen zirrikitu bakarretik sartu da binako berdinketa eta ikuspegia jada ez zen horren ezkorra.
Hori bai, sufrimendurik bako partidarik eta Athletic ez dabiltza elkarrekin eta Koppinek buruz lekutara errematatu du korner bat euri tartean ortzadarra agertu baino pittin bat lehenago. Azken minutuan Toquero ezkerretik erdiratu du eta Llorentek denboraldiko bigarren gola egin du: biak buruz, biak Europa Leaguen eta biak garrantzi handikoak. Zoramena harmailetan, justizia partidan eta… amaitzeko beste aukera bat De Marcosentzat, nahiz eta oraingoan atezainak harrapatu duen. Gauzak nola gertatu diren ikusita, ez da emaitza txarra erdietsitakoa, baina Athleticek majo sufritu beharko du hurrengo ligaxkan egoteko. Tartean beste erronka “biguna” igandean Camp Noun, Superkopa hain zuzen ere.