Tromsø IL - Athletic Club
Play Off
UEFA Europa League

Tromsø IL - Athletic Club

Tromsø IL
Tromsø IL
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 61' Rushfeldt
  • J.Martínez (p.) 56'

KokapenaAlfheim Stadion , Tromso

Tromsøk 1 Athletic Clubek 1: Zozketaren zain

Athletic Clubek Europa Leagueko hurrengo fasean egongo da, zehazkiago esateko irailaren 17tik aurrera eta sei…

Athletic Club

Athletic Clubek Europa Leagueko hurrengo fasean egongo da, zehazkiago esateko irailaren 17tik aurrera eta sei jardunaldiz jokatuko den Multzoen Fasean, beste 47 lehiakiderekin batera. Taldeko hiru arerioak abuztuaren 28an, ostiralean, ezagutuko dira Monakon egingo den zozketan. Gure taldeak bana egin du. Javi Martinezek, penaltiz, eta ostean Rushfeldtek, biek bigarren zatian, egin dituzte partidaren golak. Sailkapena lortzea zen helburua eta lortu da bitxia izan den denboraldiaurre honi amaiera ona emateko, igandean Ligari ekingo baitiote zurigorriek. Bitxia baita ere ez delako arrunta suertatzen abuztutik nolabaiteko larrialdi egoeran egotea, gainerako talde guztiak geldiezinak balira bezala. Gauzak horrela, gaurko berdinketari esker urtea amaitu bitarteko egutegia beteta dauka Athletic Clubek eta espero dezagun igandeko norgehiagokari inork finalaren etiketa ez ipintzea.

Atsedenaldira golik gabe heldu da. Hasierako nagusitasuna etxekoentzat izan da eta aukera gutxi sortu duten arren, ikusi direnak argiak izan dira, bat hasieran eta bigarrena ia atsedenaldian. Seigarren minutuan Toqueroren jaurtiketa Ramovicek harrapatu du, baina berehala Moldskredek bere abiadura aprobetxatu du Iraizozen aurrean kokatzeko. Zorionez gurutzatuegi bidali du.

Zelaiaren ezaugarri guztiak zituen alde Tromsok eta baita ere zelai gainean aritzeko hiru ardatzak. Lehendabizikoa atzelarien bizkarra bilatzea Moldskreden abiadura eta desmarkea egiteko dohaia aprobetxatzeko. Bigarrena baloi luzea zen golegile sena duen Rushfeldtentzat eta horrek ederto luzatzen ala banatzen zituen bidalketak, Moldskred edota bigarren lerroko helduerak eraginkorrak egiteko. Aurrekoarekin lotuta, hirugarren ardatza norvegiarrek bigarren baloiak eureganatzeko duten trebetasuna litzateke. Knarvik maisu da lan horretan eta ordu laurdena baino lehenago aukera bat izan du, area marratik gertu baloi astuna langa gainetik bidaliz.

Deserosoa zen eskenatokian eta gainean zeukan arerioarekin ez du Bernan bezala jokatu, beharbada markagailua alde zeukalako, eta zelai erdiaren gainetik pasatu du. Hainbat baloi bereganatu ala buruz luzatu du Llorentek, baina ez da nahikoa izan baloi jabetza izateko. Gure taldeak ez zeukan baloia eta horrek etxekoen presioa areagotzea suposatzen zuen. Eta baloirik gabe sufritzeko aukerak biderkatzen dira. Iluntasunean, Ipar Poloaren inguruan bi hilabeteko gau luzean gertatzen den moduan.

Halaz ere, zurigorriek baloi jabetza izan duten apurretan arriskua egiteko gai direla erakutsi dute. Yestek gora jaurti du hemezortzigarrenean, Javi Martinezek egin duen bezala. Halaber, Llorentek eta Martinezek burukada bana bidali dute desbideraturik oso eta Susaeta izan da gola gertuen ikusi duena 42. minutuan. Athleticek lasai bizi izan ditu lehen zatiaren azken txanpa, Rushfeldten buelta erdian 31. minutuan egindako jaurtiketaz geroztik, baina Rushfeldtek berak abisu serioagoa eman digu, 45. minutuan bertan, Moldskreden pasea area txikitatik bertatik orpoz gutxigatik kanpora errematatu duenean. Iraizozek ikutu du, baina ateko sakea seinalatu du epaileak.

Bigarren zatia okerrago hasi da. Iraizozek txartel horia ikusi du areatik kanpo irteera arriskutsua egiteagatik, baina eguzkia irten da berriro Llorenteren burukada Toquerorengana joan denean. Honen pasea De Marcosek hartu du eta atzelari bati izkin egin eta gero ezkerrez jaurti du baloiak atzelari baten eskuaren kontra jo arte. Penaltia, Javi Martinezen jaurtiketa eta gola, atezaina nabarmen aurreratu den arren. Kanporaketa bideratuta zegoen 55. minutuan, baina etxekoen erantzuna berehala heldu da Rushfeldten burukadaren eskutik goitik primeran ibili den Iraizozen gainetik, asko izan baitira falta zein korner bitartez gure arearantz heldu diren baloiak.

Athletic Clubek unerik larrienak pairatu behar izan ditu. Rushfeldten beste burukada bat, argiagoa Tore Reginiusenen errematea izan da eta eskerrak Toquero garaiz gurutzatu den Yndestaden barnealdia mozteko orduan 83. minutuan. Hortik aurrera sufrimendua, dena den, ez da arerioaren aukerengatik heldu, markagailuaren estutasunarengatik baizik, gure taldeak ze arrisku gutxi sortzen zuen kontuan hartuta.

Iturraspe sartua zen jada De Marcosen ordez Llorenteren parean jokatzeko, taldeak presioan irabazi du eta, gainera, baloia apur bat izateko aukera dastatu du. Koikiliren sarrera eta are gehiago Gurpegirena, partidari erritmoa kentzeko izan dira. Baloia gure areatik urrun zen eta luzapenean Ramovicek txartel gorria ikusi du Yestek zelaia azkarrago behartzeko ahaleginetan gehiegi tematzeagatik. Hori bai, partida amaitu eta berehala gure aldagelatik pasa da Fran Yesteri barkamena eskatzeko.

Esan bezala, abuztuan gaude oraindik eta taldeak askozaz hobetu egin beharko ditu gauzak. Ahal eta behar duelako, baina orain presiorik gabe egiteko abagunea izango du, teoriaz behintzat. Europar ibilbidea beste sei jardunaldiz, gutxienez, segida izango du eta partida hobeagoak ikusteko parada izango dugulakoan gaude. Bitartean Ligari ekingo diogu igandetik aitzina, San Mamesen Espanyolen aurka hain zuzen ere. Hasieran esan dugun moduan, ea finaltzat bataiatzen ez duten.