Athletic Club - CD Nacional de Madeira
Jardunaldia 3

Athletic Club - CD Nacional de Madeira

Athletic Club
Athletic Club
21
CD Nacional de Madeira
CD Nacional de Madeira
  • 67' Etxeberria
  • 86' Llorente

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2 Nacionalek 1: Bide onetik

Athletic Clubek bere bigarren tokia sendotu du Europa Leagueko L multzoan CD Nacional 2-1 mendean…

Athletic Club

Athletic Clubek bere bigarren tokia sendotu du Europa Leagueko L multzoan CD Nacional 2-1 mendean hartu eta gero. Gure taldearen golegileak Etxeberria eta Llorente izan dira, biak bigarren zatian, eta bisitariena Ruben Micaelek lortu du atsedenaldira joan baino lehen. Multzoko beste partidan Austriak eta Werder Bremenek bina egin dute.

Bi aldeko partida izan da, lehen zatian hasiera ona izan du Athleticek, baina minutuak aurrera joan ahala portugaldarrak hazi dira eta esfortsu gehiegi egin behar gabe markagailuan aurretik ipini dira. Bigarren zatian, aldiz, aldaketak direla medio eta, beharbada, etengabeko euria agertu delako, etxekoen nagusitasuna erabatekoa izan da eta, oraingoan bai, aukerak gauzatu dira irabazibako boladari amaiera emateko.

Ustaritz, Yeste, Gabilondo, Orbaiz, Etxeberria eta Castillo izan dira hamaikako nobedadeak partiden zerrenda luzean arnasari tokia uzteko. Alaitsu hasi dira zurigorriak eta atzean sartuta portugaldarrak. Halaz ere, Micaelek lehen abisua eman du 9. minutuan. Salbuespena zelakoan segitu dute zurigorriek. Baloi jabetza erraz berreskuratzen zuen, baina sakontasuna falta zitzaion taldeari, horregatik lehen zati osoan Susaetaren aukera garbi bat, hamazazpigarren minutuan atzelari batek oinarekin desbideratu duena eta beste bat ez horren garbi 41. minutuan lekutara jaurti duenean, aurki ditzakegu. Horiek eta Orbaizen falta jaurtiketa atezainaren eskuetara. Balantzea eskasa zen.

Arerioak, aldiz, lehoiaren atzaparrak hainbesterako ez zirela konturatu dira eta lehen zatiko azken txapan lerroak luzatu dituzte arriskua sortuz lehen eta gola egiten gero. Bideak hiru ziren, estrategian (Felipe Lopes buruz gora errematatu du) hegaletatik erdiraketak (Edgarrek buruz desbideraturik horrelako bat errematatu du) batez ere Patacas eskumaldetik eta, hirugarrenez, Ruben Micaelen lana erditik eta lerro artean. Bide horretatik heldu da gola atsedenaldia baino lehen eta beharbada orduarengatik hotsegi zegoen harmailan txistuak entzun dira. Ondorioa garbia zen, errezegi min egiten zitzaion Athletici.

Atsedenaldian bi aldaketa egin du Caparrosek: Javi Martinez Yesteren ordez eta De Marcos Gabilondoren ordez. Aldaketa taktikorik ez baina hasi eta berahala Susaetak aukerarik garbiena izan du, Bracalik kornerra desbideratu duen arren. Kornerretik atera eta Javi Martinezen burukada gora abiatu da, baina beste grina somatzen zen Athleticengandik.

Halaz ere, Sportingen aurka gertatu zen legez, berdinketaren bila joateak bere arriskua zekarren eta Nacionalek indarrak izan du kontraeraso zakarra antolatzeko. Zorionez Edgarrek, 53. minutuan, kanpora bidali du eta hor amaitu da atzeko lerroarentzako lana.

Athleticek erasora jo du. Ordubeterako Javi Martinezen lagapena buruz Llorentek, buruz ere, langara bidali du. Euria etengabe ari zuen eta zelaiak lehen zatian ez zeukan abiadurarekin bat egin du gure taldeak. Mateus Pecniken ordez sartu da 65. minutuan goian presioa nolabait mantentzeko, baina zurigorriak geldiezinak ziren. Javi Martinezen erdiraketa on bat Llorentek buruz errematatu du, Bracalik motzean urrundu eta gero Etxeberriak banakoa ezarri du.

Toquerok golegilea ordezkatu du eta arriskua bisitarientzat biderkatu da. Iraolak gurutzatuegi gutxigatik kanpora errematatu du 76. minutuan, hurrengoan Llorentek errematatu du, atezainak desbideratu eta Toquerok sareetara bidali, baina jokoz kanpo zegoen. Machadok aldaketa pare bat egin du, erritmoa bere era motelera itzularazi guran, baina alferrik. De Marcosek buruz errematatu du eta atzelari batek atepean urrundu du.

Presio etengabea zen eta, azkenik, bere fruituak eman ditu. Portugaldarrek baloia areatik halanola aldendu dute, aldaratzea Orbaizengana joan da, honek buruz areara baloia itzuli du eta bertan Llorentek kontrolatu, buelta erdia eman eta behetik bi eta batekoa ezarri du. Lau minutu falta ziren partida amaitzeko. Poztasuna eta lasaitasuna orain Ligari beste animo batez ekiteko europar ametsa indarrean mantentzen den bitartean.