FK Austria Wien - Athletic Club
Jardunaldia 5

FK Austria Wien - Athletic Club

FK Austria Wien
FK Austria Wien
03
Athletic Club
Athletic Club
  • Llorente 19'84'
  • San José 62'

KokapenaFranz Horr Stadion , Viena

Austriak 0 Athleticek 3: Arriskuz beteriko poza

Athletic Clubek 0-3 irabazi du Vienan eta UEL-ko final hamaseirenetan egongo da. Llorentek (2) eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 0-3 irabazi du Vienan eta UEL-ko final hamaseirenetan egongo da. Llorentek (2) eta San Josek egin dituzte gure golak. Fase hau hurrengo abenduaren 16an amaituko daSan Mamesen Werder Bremen aurkako lehiarekin eta bertan taldeko lehena erabakiko da.

Partida baino haratago, aurrez aurretik programaturik zirudien, edo gutxienez aurreikusten zen ikuskizun lotsagarria bizi da Franz Horr Stadion-en. Partida eten egin behar da bigarren zatian bengalak piztu direlako eta ostean zale asko zelaira sartu direnean. Gure zaleen segurtasuna ez da inolaz ere bermaturik egon, ez hiriburuan eta ezta zelaian eta zelaitik at ere ez. Athletic Clubek
UEFAko arduradunei goizez ohartarazi die arriskuaz, alferrik omen.

Eta gezurra badirudi ere, edo austriarrek sinistarazi nahiko diguten arren, Athletic Club gazte batek (23’7 hamaikakoaren batazbestekoa) partida on bat egin du etxean 25 partida jarraian galdu gabe zeraman taldea gainditzeko. Aurrera aukerekin segitzeko Austriaren azken aukera zen gaurkoa. Halaz ere, kontrakoa zirudien hasierako uneotan, inolako disimulorik gabe atzean sartu baitira.

Gure taldeak lasai ekin dio lehiari. Hamaikakoan San Jose, Iturraspe eta Muniainen presentzia zen azpimarratzekoa aurreko hamaikakoekin alderatuz. Txartel horia ikusi berri zuen Sulimanik kanpora moreen lehen jaurtiketa egin du ia ordu laurdenerako.
Halaz ere, Athleticek kanporaketa goiz bideratu du, 18. minutuan Llorentek gola egin duenean eta hortik aurrera Austria nahi eta ezin ibili da, lehen zatian zertxobait egiten eta askozaz gutxiago bigarrenean. Jokaldia luzea izan da oso. Yestek falta langara bidali du atezainak ikutu eta gero, aldaratzea Iraolak jokoz kanpo zegoen Martinezi laga dio eta honen erdiraketa San Jose ‘debutariak’ buruz langara bortizki bidali du. Zorionez aldaratzea Llorentek eskuinez eta kostata barrura bidali du.

Berdinketa nahikoa zen aurrera segitzeko eta garaipena eskura zegoen. Erreakzionatzen saiatu dira austriarrak eta hogeitabosgarrenean Iraolak falta bat errematatu du bere aterantz, baina Iraizozek harrapatu du. Ordu erdira Junuzovicek jaurti du areaz kanpotik eta Iraizozek kornerra desbideratu du. San Josek txartel horia ikusi du 34. minutuan eta falta jaurtiketan baloia hesiaren kontra joan da.

Atsedenaldira arte arriskurik ez eta bigarren zatian, sasi guztien gainetik, azken unera arte, jadanik dena erabakita zela, etxekoek ez dute tajuzko arriskurik sortu. Bigarren zatian Athleticek irakasgaia ikasita zeukan, baina ia ez du aukerarik izan, eta baita ere etxeko eta kanpotik etorritako zalerik sutsuenak, kalifikatibo gordinegirik ez ipintzearren, gehiegi ez dielako lagundu. Segundu batzuk baino ez dira pasatu eta espainiar bandera aurrekonstituzionalaren atzean zegoen multzoak bengala gorriak pizteari ekin dio eta, ondorioz, ez zen tutik ikusten. Epaileak partida eten egin du, baina Franz-Horr-en zeuden zale gehienei ez ei zitzaien gehiegi axola, ezta UEFAren balizko zigorra ere ez.

Kea desagertzean ez da Athleticen ekimena desagertu, abantaila mantentzeko biderik laburrena etsaia urrun mantentzea da eta zurigorriek bereari ekin diote. Hasi eta berehala Krammer Sulimaniren ordez sartu da eta gero Schumacher-en presentziak Liendlen tokian erasoa piztu nahi zuen. Athleticek bere azken partidetako eraginkortasuna mantentzen zuela erakutsi du berehala. Ordubetea pasa bezain pronto San Josek saririk ederrena topatu du Athleticeko kamisetarekin bere lehendabizio gola eginez, eta ez nolanahikoa gainera. Ezkerretik jaurti den korner baten ondorioz “bigarren baloia” kontrako aldera joan da, hor San Josek indarrez buruz arearantz itzuli du, Javi Martinezk oin puntaz ikutu du eta atzelariak berak ederto ospatu du titulartasuna bolea ederraz bigarrena egiten.

Emaitza ez zen etxeko zaleen gustokoa eta jokaldian San Joseren falta zegoela aitzakiatzat hartuta, harmaila batetik inbasioa prestatzen joan da, albo batetik bultza eta bestetik lasaiatasunez zelaira sartuz. Epailearen laguntzailea eta gure jokalariak arriskuaz ohartu dira eta epailearekin batera aldageletarako bidea hartu dute. Honez gero 62. minutua zen eta segurtasuna eta partida jokatu beharra balantzan jarri dira. Azkenik epaileak aurrera segitzeko esan du, hori bai edozein objektu behin jaurtiz gero partida bertan behera betiko utziko zuelaren ohartaraziz.

Jendea harmailetara, albokoetako jendea zeruari begira, Polizia bere tokira eta jokalariak berdegunera. Azken txanpan Athletic Club jaun eta jabe izan da. Alderik txarrena Gurpegik zaintiratua sentitu duela, sendagileek ostiralean aztertuko dute, eta Etxeberriari lekua utzi dio. Athletic-ek ederto kudeatu du egoera eta Iraolak boleaz zein Llorente, bakarrik ate aurrean, kanpora jaurti du. Partida askozaz erabakiago uzteko abagunea zen, eta baita ere Llorentek 80. minutuan izan duena, baina Safar oraingo honetan fin ibili da edo Llorente ez horren ongi, baina aurrelariak zalantzak uxatu ditu 85. minutuan Etxeberriaren pasea sareetara bidaliz. Hirugarrena zakura eta Liejako izpiritua bizirik zegoela zirudien. Gau hartatik sei jokalarik (Iraola, Orbaiz, Etxeberria, Gurpegi, Llorente eta Yeste) taldean diraute.

Tamalez, eta bost minutuko luzapena ulertezinaren ostean, garaipenaren osteko poza kezka bihurtu da kanpoan ere eta era susmagarri batean zale batzuk beste zelada baten biktima izan dira. Zorionez zauri arinak izan dituzte, baina ez du ematen fair-play eta errespetuan oinarritutako futbola denik. Orain, ia su-etenik gabe, Ligaren erronka erakargarria, Valentziaren aurkakoa, hitzordu polita taldeari eta zaleei egindakoa eskertzeko.