Athletic Club - Rayo Vallecano
Final hamaseirenak
Kopa

Athletic Club - Rayo Vallecano

Athletic Club
Athletic Club
22
Rayo Vallecano
Rayo Vallecano
  • 42' Llorente
  • 74' J.Martínez
  • Collantes 71'
  • Albacar 78'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2 Rayok 2: Berriro asmatu gabe

Athletic Clubek eta Rayo Vallecanok bina berdindu dute San Mamesen. Llorente eta Javi Martinez golegileak…

Athletic Club

Athletic Clubek eta Rayo Vallecanok bina berdindu dute San Mamesen. Llorente eta Javi Martinez golegileak izan dira. Agur Kopari. Gure taldeak ezin izan du azken asteko bolada ona luzatu eta laugarren partida galdu barik jarraian pilatzen badu ere, Kopan aurrera jotzeko ez du inolako baliorik izan. Kanpoan dago Athletic, beharbada merezi gabe, baina gola inoiz baino garrantzitsuagoa den lehiaketa honetan, ate aurrean fin ez ibiltzea garestiegi ordaintzen da eta halaxe gertatu zaio gaur gure taldeari.

Aukera gehiago egin bai, bi gutxiago gauzatu ere bai eta, tamalez eta gura barik, urtarrileko egutegia garbi garbi dago honez gero. Kanporaketa Vallecasen ala San Mamesen galdu den orain galdetzea alferrikako lana da. Harmailetatik gaur dena argi ikusi da: taldeak dena eman du, baina une erabakiorretan fin ibili ez denez, etsipena nagusi izan da amaieran, txistuak epailearen lan eskasarentzat bestelako eragozpenik ez zuen norgehiagokan eta merezitako txaloak Rayorentzat, bitan gure aurka Kopan jokatu eta bietan kanporatu gaituztena. Eta orain Ligan eta UEFA Europa Leaguen burua ipini beharko, batez ere beste erremediorik ez dagoelako eta oraingoz behintzat bide onetik goazelako.

Hala eta guztiz ere, eta emaitzaz baino haratago, San Mamesen Kopa kutsua duen lehia bizi izan dugu: jende asko harmailetan, giro ona, emozioa, tentsioa eta amaieran eskema guztiak hankaz gora eta talde biak golaren bila, gurea presaz beteriko jokua eginez eta bisitaria askozaz lasaiago.

Teresa Riveron bezala, hasieran aukera guztiak zurigorriak izan dira. Gutxienez Rayok ez du golik egin, falta zena. Hamar minututan Llorentek hiru aukera garbi izan du, buruz kanpora errematatu du bigarren minutuan; gora oinarekin bosgarrenean eta eskuinez areaz kanpotik gutxigatik kanpora. Dena den abagunerik onena 17. minutuan heldu da Toquero ezkerretik egin duen pasea Llorentek langara errematatu duenean. Ezezko eguna zirudien azkenik jokatu eta birrinduta amaitu duen jokalariarentzat eta ordu erdira pasa eta gutxira De Marcosek bide beretik segitu du, burukada ahul bat eginez.

Bitartean eta Athleticaren aukerak esistituko ez balira bezala, Rayok presioa ondo egin du, etxekoak baloi luzeak eta ez beti argiak jokatzera behartuz eta gero eta erosoago zelaian. Dinamika honen eskutik aukerak sortu dituzte: Armandok banan banakoa atera dio Collantesi eta Ruben Reyesi ezkerkada desbideratu dio.
Athleticek erritmoa ezartzen zion partidari, baina bere eraginkortasuna motelagoa zen. Dena den, saria eskuratu du gutxien espero zenean. Berrogeita bigarren minutuan Susaetak barnealdia eskuinaldetik egin du eta erdiraketa neurtua arearantz Llorentek buruz, atzelari baten oina ikutu eta gero, bat eta zerokoa egin zezan. Psikolojikotzat hartzen den gol horietako bat eta lan erdia beteta era berean.

Bigarren zatiari ekiteko Castillok Koi txartel horidun ordezkatu du eta hasi bezain pronto De Marcosek berebiziko aukera izan du, baina zailena egin du, ezkerkada kanpora bidali ate aurrean bakarrik zela. Athleticek ez du erritmoa jaitsi, baina Melek aldaketa egin du, nire ustez erabakiorra, Movilla Ruben Reyesen ordez sartuz. Gurean Etxeberriak De Marcos ordezkatu du. Une batetik bestera Rayo urrunago heldu da, benetako arriskua sortuz. Pitiren bolea desbideratu du Armandok 52 minutuan eta 61. minutuan Angelek buruz langa gainetik errematatu du.

Hortik aurrera joan eta etorri ugari, urduritasuna, arriskuak falta guztietan, talde gero eta zatituagoak… Kopa, Kopa. Horrelako batean, 64. minutan, Susaetaren jokaldi bikainak jaurtiketa gurutzatuegi batekin amaitu du eta Etxeberriaren osteko errematea ez da gutxigatik sartu.

Diaz de Cerio Toqueroren ordez sartu da eta Quero Jofreren ordez. Emozioa gero eta handiagoa zen eta baita kezka ere, aukerak heltzen zirelako, baina fruiturik gabe. Garbiena 70. minutuan Llorentek izan du, baina Dani irabazle irten da banan banako jokaldian ezkerkada desbideratuz. Presioa segitu du eta hurrengo minutuan, partida amaitzeko oraindik hogei minutu falta ziren arren, korner garbiena arrisku guztiekin atera du Athleticek eta falta izan zaion zortea nahikoa ez bazen, kontrakoa bihurtu da ere, alde batetik aldaratzea Collantes zegoen lekura irten delako eta, bestetik, zerurantz Ustaritzek egindako aldaratzea Collantesek berak ederto jo duelako banakoa ezartzeko.

Sinistuezina eta Kopa gero eta urrunago. Hala eta guztiz ere, bihotza gure dohai handiena denez gero, Athletic Clubek lau gol egiteko asmoarekin segitu du eta Orbaizek atera duen falta Javi Martinezek buruz sareetara errematatu du 73. minutuan. Oso zaila zen, jarraian Llorentek buruz lana eman dio Daniri, baina kanporaketa gainditzea ezinezkoa bihurtu da ia segituan Albacarrek faltaz binakoa ezarri duenean.

Hamar minutu aurretik eta ezintasuna nagusi, Llorente oso nekatuta zegoen, baina zelaia utzi barik, eta une horretan Rayok lasaitasunez jokatu du Athleticaren nekea, batez ere psikologikoa, aprobetxatuz aukera garbiak sortzeko, ia ia joaneko partidan gertatu zen moduan.

Bi eta bi, ezuste galanta eta Kopatik kanpo, baina azaroaren 21ean San Mamesera datorkiguna ez da nolanahiko etsaia, beharbada egun munduan dagoen onena, eta jada atentzio guztia Barçarengan ipinita dauka Athleticek. Kopan hurrengoan gorago heltzeko aukera ere itzuliko da, baina zoritxarrez goizegi da horretan pentsatzeko.