Athletic Club - Atlético de Madrid
Jardunaldia 2
Liga

Athletic Club - Atlético de Madrid

Athletic Club
Athletic Club
12
Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
  • 87' Llorente
  • Forlán 10'
  • Tiago 79'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-At. Madrilek 2: Grina baina…

Athletic Clubek 1-2 galdu du Atletico Madrilen aurka. Llorentek gure taldearen gola egin du eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-2 galdu du Atletico Madrilen aurka. Llorentek gure taldearen gola egin du eta Forlanek eta Tiagok bisitarienak. Ligako debuta San Mamesen garaipenarekin biribiltzea ezinezkoa izan da. Ia partida osoko lan eskergak ez du saririk jaso eta taldea zein zaleen ahalegina ezerezean geratu da, batez ere aurrean geneukan arerioak ere bere lana ederto egin duelako. Athleticek San Mamesetik pasa barik hilabeteak zeramatzan eta giroa gau handienetan bizitakoa izan da, emaitzak, aldiz, zapore garratza utzi du.

Etxekoek hasiera indartsua burutu dute, baina Llorenteren jaurtiketa desbideratu baten ondoren, indarrak orekatu dira eta, gainera, sasoi betean dabilen taldearen aurka jokatzeko falta zitzaiguna heldu da hamaikagarren minutuan: Kun Agueroren pasea ezkerretik arearantz Simaok ia nahi gabe atzerantz “errematatu” egin du, baina baloia hortik zebilen Forlanengana heldu da, eta horrek ezkerrez ez du Athletic Club tartean dagoenean golarekin duen hitzorduan hutsik egin. Bat eta zerokoa hasi eta berehala.

Hamahirugarrenean Toqueroren lehen aukera heldu da, eta are argiagoa izan da 18garren minutuan izan duena Susaetaren erdiraketaren ondoren, baina madrildarren defentsa norgehiagoka osoan sendo ibili da, hegaletatik heldu diren ia baloi guztiak aldenduz. Gola jaso eta gero, Athleticek aurrera jo du, konfiantzaz, intentsitate handiz eta zelaian nagusitu den arren, beste behin ere, bihotza ez da nahikoa izan. Hala eta guztiz ere, publikoa eta jokalariak partidan burubelarri sartu dira, epailearen erabakiek batzutan euren senetik atera duten arren. Bere lana ez da erabakiorra izan, baina zortea ez da bere jardueraren sinonimoa Athletic tartean dagoenean.

Sasi guztien gainetik partidak aurrera segitu du eta Llorentek hurrengo abagune garbia izan du. Baloia zentral bien artetik buruz eroan du, baina azken metroetan ez du jaurti eta arean zela atzelariek angelua itxi baloia lapurtu egin diote. Susaetak desbideraturik jaurti du ordu erdia baino zertxobait lehenago eta Atleticok tajuzko kontraerasoak egiteko zailtasunak zituenez gero, 29garren minutura arte ez da berriro ere hurbildu, kasu honetan Iraizozen eskuetara areaz kanpotik Simaok egin duen jaurtiketaren bitartez eta gero Forlanek lekuetara bidali duen jokaldiarekin. Ez zuten gehiagorik behar.

Zailtasunak zailtasun, Toquerok, Alacanten gertatu zitzaion moduan, ezin izan du lehen zatia amaitu, gaurko honetan, 37garren minutuan eskuin izterrean mina hartu duelako. Muniainek bere lekua hartu du eta, agi denez, egin beharreko jokua ezberdina zen jada. Atsedenaldira baino lehen Godinek eta Amorebietak txartel bana hartu dute erritmo altuan jokatu den partidan eta Gabilondok abagunerik argiena izan du, baina area ertzetik eskuinez kanpora bidali du.

Atsedena hartu ostean, beste aldaketarik gabe, Kunek abisua eman du, baina baloia arrasean kanpora joan da, gutxigatik bazen ere. Dena den, zurigorriek lehen zatiko erasoari ekin diote behin eta berriro, baina zulo gero eta handiagoak utziz, Atletico bezalako talde baten aurka daukan arrisku guztiarekin. Gauzak horrela, 52garrenean Aguerok aukera berri bat izan du eta Gurpegik marra gainean, milimetroengatik penaltia ala ez izan zitekeena, falta egin dio. Txartela gorria zirudien, baina horian geratu da eta falta ezerezean, zorionez. Beharbada epaileak damutzeko aukerarik izan ez zezan, Caparrosek segituan Gurpegi kendu du Iturrasperi bere tokia utziz.

Hortik gutxira Kunek, lesionaturik, zelaia utzi behar izan du eta haren ordez Diego Costa zelairatu da, ordubeterako De Marcos Gabilondoren ordez zelairatu den bezala. Une horretan Muniain hegalean kokatu da eta De Marcos aurrelari gisa. Raul Garciak txartel horia ikusi du eta falta ondorengo jaurtiketa Llorentek altuegi errematatu du. Partida moteldu da eta txartelak eta faltak ziren gauzarik aipagarrienak. Aukera ezak lagunduta edo, zale-taldeak gero eta beroago agertu dira epailearen erabakiak direla-eta.

Azken txanpan etxekoen zuloak jada RAEn agertzen den definizioa baino dexente handiagoak ziren, baina helburua, berdintzea, bera zen. Esaterako 73 eta 74garren minutuetan De Geak geldiketa bana egin die De Marcos eta Llorenteri. Bihotzez eta gogoz beteriko eskenatoki ireki horretan bi minutu pasa eta gero, Raul Garciak boleaz berebiziko aukera izan du eta jarraian Forlanek, baina Iraizozen erantzuna ona izan da. Atezainak gauza bera egin du 80garrenean kontraeraso erraz batean Simaoren jaurtiketari erantzuna emateko, baina aldaratzea Tiagok buruz sareetara bidali du. Zero eta bi.

Bazirudien partida lan erraza bezain erosoa zela Atletico Madrilek egin berri zuenaren eraginez, baina aurreko jokalarien kalitatea ukaezina den arren, edo beharbada horregatik, fama gure taldearentzat izango da (baloia goitik beti, joku gutxi etab) eta laudorioz beteriko literatura Quique Sanchez Floresen mutilentzat. Aitzitik, partidaren irudiak errepasatuz gero, Atletico Madrilek baloia aldentzeko baliabide bera edo antzekoa hainbatetan erabilia izan dela argi eta garbi dago. Hori eta beste trikimailu batzuk askotan gure taldeari “esklusibaz” leporatzen zaizkionak.

Dena galduta zirudien arren, Athletic Athletic da eta erasoan jo eta ke segitu du. Honi esker 88garrenean Llorentek Ligako bere bigarren gola egin du De Marcosen pasea aprobetxatuz. Laburregia izan da epaileak eskaini duen luzapena, gertatu den guztia kontuan hartuta, eta tarte horretan Amorebietak buruz eta beste jokaldi batean ezkerrez kanpora jaurti du, etengabeko ahalegina saririk gabe amaitzeko. Ea larunbatean bertan Xixonen patua kontrakoa den. Zorionez Liga ez da geldituko eta astebetean Sportingek kanpoan eta Mallorcak zein Barçak etxean gure taldearen denboraldi hasiera aztertuko duten. Ea uzta hobeagoa lortzen den.