Athletic Club - Getafe CF
Jardunaldia 9
Liga

Athletic Club - Getafe CF

Athletic Club
Athletic Club
30
Getafe CF
Getafe CF
  • 6' Iraola
  • 11' San José (p.)
  • 83' Gabilondo

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Taldeak alde handiagoa merezi du

Athletic Clubek 3 Getafek 0Athletic Clubek 3-0 irabazi du Getafe taldeari, Iraola, San Jose eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 3 Getafek 0


Athletic Clubek 3-0 irabazi du Getafe taldeari, Iraola, San Jose eta Gabilondoren golei esker, bigarrena penaltiz. Gure taldearen nagusitasuna nabaria izan da oso eta zurigorriek merezimenduak egin dituzte markagailuan aldea handiagoa izan zedin.

Ostegunean Kopa jokatu ondoren, lehendabiziko galdera izan zitekeen talde biek nola erantzungo zioten partidaren eskakizun fisikoari. Gurean Koikili eta Muniain izan dira aurpegi berriak eta bisitarien aldetik bost jokalarik baino ez dute errepikatu. Halaz ere, nekea ez da batere nabaritu eta gure taldeak lehen segundotik norgehiagoka hankaz gora ipini du, presioa, erritmoa, grina eta baita kalitatea ere erakutsiz.

Gainera Athleticek seigarren minutuan hasiera indartsua osatzeko beharrezkoa zuen bultzada jaso du Iraolak areaz kanpotik zartakoa arrasean soropilaren egoera labainkorraz baliaturik bat eta zerokoa bihurtu denean. Taldeak jo eta ke segi tu du, atsedenaldirik barik eta hamargarrenean epaileak Muniaini penaltia egin diotela deliberatu du eta Rafari txartel horia erakutsi diote. Sevillan duela astebete aurka seinalatu zutenarekin antz handia zeukan. San Josek ondo jaurti du eta bigarren gola markagailura igo da.

Getafe esnatu da, ezinezkoa baitzen joko bera noizean behin pausarik hartu gabe eta abiadura ere bazuela agerian utzi du. Dena den lehen abagunea ez da 26garren minutura arte heldu, kontraeraso azkar batean Riosek gutxigatik kanpora jaurti duenean. Partida guztiz irekia zen, Athleticek hirugarrena nahi zuen eta madrildarrek partidan burua sartzearekin nahikoa zuten. Joan-etorri horretan Toqueroren aukera 31. Minutuan heldu da Susaetaren pase sakona jaso eta gero, baina atzelari batek kornerrera bidali du.

Are argiagoa izan da Getafekoen aukera 34garrenean, baina Gorka Iraizozek Colungari oinetatik baloia kendu dio. Lehia ez zen pasa den asteko txartel festa, baina batzuk bai, egon erakusleihoan egon dira. Victor Sanchez eta Iraola bezala. Michelen jokalariek partidan sartzeko aukera galdu dute eta lehen zatiko azken uneotan nagusitasuna etxera itzuli da.
Athleticek berreskuratu du ekimena eta aukerak itzuli dira. Llorentek, helduta, 38garrenean, buruz gora errematatu du. Epaileak tarte txiki batean txartel hori bana atera die Pintosi Muniani heltzeagatik eta gero Boatengi jokalari bera bultzatzeagatik abiaduraz gaindituta egon ostean. Susaetak falta zuzenean jaurti du, Codinak kornerrera desbideratuz.

Bigarren zatiari ekiteko Michelek Casquero Sanchezen ordez sartu du, zelai erdian gihar gehiago gehitu guran, baina alferrik izan da. Aurreko hainbat partidatan gertatu den moduan gure taldeak bigarren zatia eusteari ekingo ziola pentsa zitekeen, baina aukerak zurigorriak izan dira nagusiki. Lehendabiziko Toquerorena 46garren minutuan, baina burukada altuegi joan zaio. Getafek baloia zeukan eta Athletic Clubek arriskua ipintzen zuen. Esaterako 53. minutuan jokaldi polita egin dute Muniain eta Koikiliren artean eta Llorentek buruz kanpora errematatu du. Geroxeago, Javi Martinezen errematea atzelari batek urrundu du, Muniani penalti argiagoa egin diote, seinalatu dutenarekin alderatuz, eta gauza bera gertatu zaio Llorenteri Cata Diazekin arean, baina zorterik gabe, bi egun berean asiar luxua ei da eta.

De Marcos Susaetaren ordez sartu da 62garren minutuan eta historia errepikatzen zen. Athletic sendo eta nahiko lasai atzean eta bertikala oso. Muniainen jaurtiketa Codinak gelditu du, eta jarraian Llorentek ez du gutxigatik errematatu De Marcosen erdiraketa, eta hurrengoan aurreko erdiratzaileak altuegi errematatu du Muniainen erdiraketaren ostean.
Inertziaz bada ere, Getaferen txanda heldu beharko. Arizmendik Riosen tokia hartu du eta irten bezain pronto, haren erdiraketa Colungak buruz errematatu du, baina Iraizozek geldiketa bikaina egin du. Jarraian Arizmendiri berari txartela erakutsi diote. Partida amaitzeko hogei minutu faltan Mikuk Manu ordezkatu du eta David Lopezek Toquero. Sartu berria ezker aldera pasa da eta Muniain erdirantz.

Getafek aurrelariak pilatu ditu eta aurrera jo du. Albinek huts egin du errematatzean eta ezin izan du aprobetxatu San Joseren pase okerra. Hala eta guztiz ere, hirugarrena gertuago zegoen bisitarien lehena baino. Zurigorriek kontraerasoan min ikaragarria egiten zuten, baina asmatu barik. Muniainek kanpora jaurti du Llorenteren lagapena eta jarraian, 75garren minutuan, minduta… eta leher eginda, bere lekua Gabilondori utzi dio.

Aldaketak marrazkia berriz aldatu du eta David Lopez eskuinaldera pasa da, Gabilondo ezkerrera eta De Marcos bigarren aurrelari bezala. 77garrenean honen ezkerkada Codinak desbideratu du. Albinek faltaz lana eman dio Iraizozi eta segituan David Lopezek Codinari eta 82garren minutuan borobildu da gau Lopezek ederto ikusi du Gabilondoren agerpena ezkerretik eta horrek ezkerkada bikaina lortu du hirugarrena egiteko. Merezimendu osoz hamahirugarren puntua eskuratu dugu, eta Kopan bezala, golik jaso gabe. Azken unean Mikuk aukera paregabea izan du, baina gaurkoa ez zen Getaferentzat egunik aproposena.
Athletic, bitartean, erdiko multzoan dago ea noiz ahal duen etxetik kanpo uzta jaso eta, horren eskutik, gora begira definitiboki ipini. Bitartean, ez legoke txarto San Mames gotorlekua bihurtzea.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustaritz, Koikili; Susaeta, Gurpegi, Javi Martinez, Muniain; Toquero eta Llorente. Aulkian Raul, David Lopez, De Marcos, Gabilondo, Orbaiz, Ion Velez eta Aurtenetxe egon dira. Balenziaga, Iñigo Perez, Castillo eta Iturraspe deialditik at geratu dira.

Getafek honako hamaikakoa zelairatu du: Codina; Pintos, Cata Diaz, Rafa, Marcano; Boateng, Victor Sanchez; A.J. Rios, Albin, Manu; Colunga. Aulkian Ustari, Ibrahim, Borja, Miku, Arizmendi, Mosquera eta Casquero egongo dira.

Epailea Estrada Fernandez izan da eta laguntzaileak Esquerdo eta Borras.