Villarreal CF - Athletic Club
Jardunaldia 10
Liga

Villarreal CF - Athletic Club

Villarreal CF
Villarreal CF
41
Athletic Club
Athletic Club
  • 38' Nilmar
  • 45' Cazorla
  • 83' Rossi
  • 91' Jeff. Montero
  • Llorente 6'

KokapenaEl Madrigal , Vila-real

Hasiera ona eta ahazteko amaiera

Vila-realek 4-Athletic Clubek 1Athletic Clubek 4-1 galdu du Vila-realen. Llorentek zurigorrien gola lortu du, baina…

Athletic Club

Vila-realek 4-Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 4-1 galdu du Vila-realen. Llorentek zurigorrien gola lortu du, baina gero Nilmarrek, Cazorlak, Rossik eta Jefferson Monterok etxekoenak egin dituzte. Zurigorrien hasiera ona egin dute zati bakoitzean eta azken hamar minutu txarrak. Kalitate jauziak itxoin beharko du, halabeharrez. Alderik txarrena Aurtenetxek ikusi duen txartel gorria, Gurpegiren bosgarren txartel horia eta Susaetaren lesioa. Negar egiteko ia denborarik gabe, Alcorcon eta Almeria San Mamesen bisitari izango ditugu.

Beti zerbait gertatzen den zelaian, gehienetan txarra, gauzak ondo hasi dira. Seigarren minutuan, pasa den partidako hamaikakoarekin alderatuz aurpegi berri bakarraren erdiraketa, Aurtenetxerena hain zuzen ere, Llorentek primeran sareetara errematatu du, Ligak egin duen zazpigarrena. Hasiera ezin hobea.

Halaz ere, hainbeste kalitatea duen arerioak ia ezerezetik min egiteko gaitasuna dauka. Esaterako, Rossik aukera izan du 10garrenean baloi luze baten ondorioz, baina baloia kanpora joan da, Musacchioren hurrengo burukadarekin gertatu den legez.
Aukera are argiagoa izan du ordu laurdenean, baina Rossik berak Iraizozen irteera ezin izan du gainditu.

Valerok txarteldunen zerrenda ireki du eta berehala Munian eta Musacchio gehitu dira, azken hau Susaetari sarrera bortitza egin eta gero. Izterrean hartu duen kolpearen ondorioz ezin izan du zelaian segitu eta, ordu erdia baino ez zela bete, bere lekua De Marcosi utzi behar izan dio. Norgehiagoka berotu da, batez ere etxeko zaleek animatu beharrean txistu egiteari ekin diotelako eta hortik aurrera aldatu ere egin da, dena ez baita berdina izan gure taldearentzat.

Athleticek ia kontrolpean zeukan lehia, arrisku gehiegirik ez pasatzea kontrola izatearen sinonimoa bailitzan, baina 39garren minutuan berdinketa heldu da, Valeroren baloi luzea Nilmarrek beste aldeko zutoinaren ondoan buruz ere errematatuz. Ostean Caniren jaurtiketak Gurpegiren gorputzean jo du eta Iraizozek desbideratu du. Berrogeita batgarrenean Rossik baloia gehiegi loratu du. Kasu hauetan onena atsedenaldia lehen bailehen iristea zen, baina Iraizozek luze jokatu beharrean eta jokoa atzetik antolatu guran, pase ustela egin du eta Cazorlak areaz kanpotik bigarrena egiteko aprobetxatu du. Aldegeletara abiatu baino lehen Capdevilak ere aukera izan du, baina honetan Iraizoz azkar ibili da.

Bigarren zatian Gabilondok Muniainen tokia hartu du. Athletic gorantza ioateko asmoarekin zelairatu da eta Vila-real kontraerasora jokatzeko prest, eroso eta, orain bai, lehen zatiaren hasieran baino lasaiago.

Halaz ere, lehen aukerak zurigorriak izan dira: De Marcosek abagunea izan du 53garren minutuan, baina txarto errematatu du. Ia jarraian, Gabilondo barruraino sartu da eta azken erdiraketa Diego Lopezek oin puntarekin atera du. Llorentek 56garren minutuan banako jokaldia egin du, baina ez du jaurti.

Espazioz beteriko lehia zen jada, horrek Vila-real tartean izanda ekar dezakeen arrisku guztiarekin. Edozeinek gola egin zezakeen, baina etxekoen lehen abagunea Rossik izan du 67garren minutuan, eskerrak jaurtiketa gurutzatuegia joan zaiola.
Caparrosek Ion Velez Toqueroren ordez sartu du 68. minutuan eta bi beranduago Senna Caniren tokian kokatu da zelai erdia indartu guran eta Valero hegalerantz mugituz. Athleticek aurrera begira segitu du, baina Vila-realen aukerak seriagoak ziren: Borja Valerok zutoinera jaurti du eta gainera hortik gutxira, 77garren minutuan, Aurtenetxek bigarren txartel horia ikusi du.

Erraza aukera epailearentzat eta zailagoa etorkizuna gure taldearentzat. De Marcos ezker lateralera pasa da, baina amaiera bitartean ia aukerarik garbi guztiak horiek sortu dituzte. Adibidez Rossik bitan, bietan huts eginez, baina hirugarrenean ez eta hirugarrena markagailuratu du. Pena izan da, batez ere tartean Ion Velezen jaurtiketa Diego Lopezek ia konturatu gabe hankekin urrundu duelako.

Bat gutxiagorekin ia ezinezkoa zen eta gainera zatiko azken hamar minutuetan geundenez gero, ezin genuen zerurik espero, baina bai beste gol bat eta halaxe gertatu da Jefferson Monteroren eskutik. Lau eta bat, alde handiegia akaso, baina lehenbailehen ahaztu behar dena etxeko hurrengo bi partidak irabaziz. Porrotaz gainera, pena izan da bertaratu diren ehundaka zaleei garaipenik ezin opa, baina hurrengoan izan beharko.