Athletic Club - Real Sporting de Gijón
Jardunaldia 22
Liga

Athletic Club - Real Sporting de Gijón

Athletic Club
Athletic Club
30
Real Sporting de Gijón
Real Sporting de Gijón
  • 15' David López (p.)
  • 28' Toquero
  • 73' Llorente

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Laugarren garaipena jarraian eta bosgarrenak

Athletic Clubek 3 Sportingek 0Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Sporting taldeari. David Lopezek penaltiz eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 3 Sportingek 0


Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Sporting taldeari. David Lopezek penaltiz eta Toquerok egin dituzte golak lehen zatian eta Llorentek bigarrenean, nahiz eta taldeak abantaila gehiagoz irabaztea merezi izan duen. Gauzak horrela Athletic Club bosgarren dago sailkapenean eta lau dira jada elkarren segidan lortu diren garaipenak. Etxean sendo dago taldea, baina bidea luzea da oso eta datozen bi partidak gure gotorlekutik at izango dira, Palman eta Bartzelonan, hain zuzen ere. Urko Verak debuta egin du eta Mallorcaren aurka Gurpegi ez da egongo bere bosgarren txartela ikusi eta gero.

San Mamesen zorionez ohikoa den legez, gure taldea agintzeko asmo garbiarekin zelairatu da. Hasi bezain pronto gauzak berotu dira, Gurpegiri gola baliogabetu baitiote, Llorenteren ustezko falta zela eta. Jokaldiak futbol zelaia leporaino bete duen zalegoa sutan ipini du eta Athleticek ez du oina azeleragailutik altxatu eta minutu gutxitan partida bideratu ahal izan du.
Toqueroren erdiraketa baten ondorioz eskua luzatu du eta txartela ikusi Gregoryk, minutu gutxira eragina izango zuena. Falta eta korner bakoitza guda latza zen asturiarren arean, eta epailearen aholkuei muzin eginez, atzelariek behin eta berriz aurrelariak heltzen zituzten.

Esaterako zortzigarren minutuan jokaldi berean penalti bana egin diete Gurpegiri eta Llorenteri, baina hamalaugarrenenera arte epaileak ez du penaltia adierazi. Prozesua antzekoa izan da: epailea abisatu du urbi et orbi eta Gregoryk bere muturrean Llorenteri besotik heldu dio. Ondorioak tamalgarriak izan dira Sportingentzat. Bigarren horia Gregoryri, beraz gorria, eta David Lopezek hamaika metroetatik penaltiei buruzko eztabaidari behingoz amaiera eman dio bat eta zerokoa eginez.

Preciadok Eguren zentral moduan kokatu du eta Sporting saiatu da, batez ere falta eta kornerretan, arriskua sortzen, baina Athleticek, pasa den jardunaldian egin zuen bezala, partidaren irakurketa zuzena egin du eta dituen baliabide guztiak erabili ditu ikuslegoa gustura uzteaz gainera, bere buruarekin kontent amaitzeko. Goitik eta behetik, espaziorekin eta espaziorik gabe, azkar eta indartsu, saria 27garrenean jasoz. Toquerok bigarrena egin du ateko marra gainetik Muniainen jokaldi bikainaren ondorioz. Pase atzera gol erdia zen.

Ostean Botia De las Cuevasen ordez sartu da eta bisitariak 4-3-2 argi bat antolatu dute. Athleticek erritmoa bizitu du berriz ere eta jokaldi polit baten ondoren Llorentek langara buruz bidali du. Goi mailako futbola ikusten ari zen, baina paradoxikoki azken minutuan, Iraizozek “barrabilez’ ekidin du Barralen kontraerasoa bisitarien gola bihur zedila eta geldiketarekin batera lasaitasunez amaitu da lehen zatia.

Bigarrenerako Barral eta Eguren aldageletan geratu dira eta Bilic eta Andre Castro barrura. Ikuspegia ez da batere aldatu. Athletic Clubek ez dio arerioari aukerarik eman buru altxa zezan eta aukerak bata bestearen atzetik pilatu dira: Llorentek buruz kanpora errematatu du, berriro elastikotik helduta; Munainek 51garrenean banako jokaldi ederra egin du, baina azken unean baloiak kornerrean amaitu du; San Josek buruz kanpora errematatu du; Toquerok gutxigatik ez da heldu Iraizozen pase zuzena jasoz eta Cuellar aurreratu da; Orbaizek areaz kanpotik gutxigatik kanpora jaurti du; Llorente ez da heldu Toqueroren pasera… Ordubetera heldu gabe.

Dena den, su etena heldu da. Logikoa zen ere. Susaeta Toqueroren ordez zelairatu da. Muniain punta erdira pasa da eta Susaeta ezker aldera. Hala eta guztiz ere, Athletic zen aukerak sortzen zituen bakarra eta 73garrenean hirugarrena heldu da jokaldi paregabe baten eskutik. Llorentek sareetara bidali du, baina lehenago Gurpegik baloia Muniaini eman dio, horrek sakonago arearantz Susaetari, eta sartu berriaren azken pasea Llorenterengana heldu da.

Urko Vera etorri berriak Muniainen ordez zelairatu du Caparrosek eta Bilbokoak Athleticarekin Lehen Mailan jokatzea zer den ezagutu du. Ostean Gurpegik bosgarren txartela ikusi du eta ziztu bizian entrenatzailea aldageletara bidali du. Iturraspek bere tokia hartu du eta hortik bukaera arte Sportingek aukera pare bat izan du: Andre Castrok kanpora jaurti du eta Bilicek gauza bera egin du lasterraldi luzearen ostean. Amaieran hirugarren partida elkarren segida golik jaso gabe, laugarrena jarraian irabazita (aurrekariek 1997/1998 denboraldira garamatzate, hor 15. eta 18. jardunaldien bitarteko partidak irabazi ziren zazpi jardunaldi galdu barik burutu zen boladan) eta sailkapenean bosgarrenak. Ez da gutxi, baina oraindik asko falta da denboraldi amaieran lehen zazpi onenen artean egoteko. Bitartean goza dezagun!

Honako hau izan da Athletic Clubek aurkeztuko duen hamaikakoa: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Koikili; David Lopez, Orbaiz, Gurpegi, Muniain; Toquero eta Llorente. Aulkian Raul, Ustaritz, Iturraspe, De Marcos, Gabilondo, Susaeta eta Urko Vera egongo dira.

Sportingek honako hamaikakoak zelairatu du: I. Cuellar; Lora, Gregory, Ivan Hernández, Canella; Rivera, Nacho Cases, Eguren; De las Cuevas, Barral eta Diego Castro. Aulkian Juan Pablo, Botia, Jose Angel, Carmelo, Bilic, Nacho Novo eta Andre Castro egongo dira. Ayoze, Sangoy eta Luis Moran geratu dira deialditik at.

Epailea Teixeira Vitienes II izan da.