- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2010-11
- UD Almería - Athletic Club
UD Almería - Athletic Club
- 5' Piatti
- Muniain 29'
- Toquero 52'
- Orbaiz 60'
KokapenaJuegos Mediterráneos , Almería
Taldeak europear erronkari eusten dio
UD Almeriak 1 Athletic Clubek 3Athletic Clubek 1-3 irabazi du Almerian. Muniain, atsedenaldia baino lehenago,…
UD Almeriak 1 Athletic Clubek 3
Athletic Clubek 1-3 irabazi du Almerian. Muniain, atsedenaldia baino lehenago, eta Toquero eta Orbaizen golak, bigarren zatian, ezerezean utzi dute Piattik norgehiagoka hasi eta berehala lortu duena. Gauzak horrela, gure taldeak europar erronkari eusten dio eta bosgarren da, Sevillarekin berdinduta, Liga amaitzeko zortzi partida falta direla, baina, askotan errepikatu den legez, bidea aldapatsua eta zaila da oso. Esaterako larunbatean Real Madril datorkigu bisitari San Mamesera.
Asko zegoen jokoan, etxekoek gero eta aukera gutxiago baitaukate mailari eusteko eta, aldiz, goitik Sevilla eta Atletico Madrilen garaipenek sailkapena nahi baino gehiago estutzen baitzuten. Lehen erasoak beltzez jantzi zirenenak izan badira ere, bosgarren minutuan Orbaizen nahigabeko oparia Piattik aprobetxatu du bat eta zerokoa ipintzeko. Inork nahi ez zuen hasiera zen eta minutu batzuk pasatu dira Athletic berriro arnasa hartu duen arte.
Toquerok jaurti du Alvesen eskuetara hamaikagarren minutuan, Gurpegik Orbaizen korner jaurtiketa buruz kanpora errematatu du 19garrenean eta berehala kontrako atean Piattik orpoz errematatu du Iraizozek harrapa zezan. Beroa, hezetasuna, erritmo altua, falta eskasia eta urduritasuna ziren nagusi. Gainera, denbora asko falta zen arren, hainbat jokalditan konfiantza edo segurtasun falta sumatzen zen, baina ez gurean bakarrik.
Zaleek ez zuten gustuko Mateuren lana eta Athletic berdinketaren bila zebilen eta hainbat aukera izan du lortu baino lehen. Toquerok beste bat izan du, baina 26garren minutuan hurbiletik lekutara jaurti du. Zurigorriek ez dute etsi eta Llorenteri egin dioten penaltiaren ostean baloia kornerrera abiatu da. Hortik Orbaizek jaurti du eta 29garrenean Muniainek berdinketa egin du. Aurrekoan bezala Gurpegik buruz errematatu du, kasu honetan Alvesek motzean urrundu du eta Muniainek, hurbil hurbiletik, eskuinez barrura bidali du.
Etxekoek erantzun nahi izan dute eta 32garrenean Bernardellok urrutitik bota du, Iraizozek bi alditan harrapatu duen arren; geroago Ulloak kontrol bikaina egin du, baina kanpora jaurti du. Martinezek zikloko laugarren horia ikusi du eta atsedenaldia baino lehenago Almeriak gehiago estutu badu ere, Toquerok buruz izan du azken abagunea, baloia kanpora bidaliz.
Bigarren zatiari begira Iturraspe aspaldiko partez beroketa ariketak egiten ari zen eta Javi Martinezen ordez zelairatu da. Eta aldageletatik bueltan Athleticek partida bideratu du, azkar gainera.
Hasteko 52. minutuan Iturraspek hasi duen jokaldi landuaren ostean Llorentek Muniaini utzi dio, horrek barrurantz Llorenteri itzuliz, aurrelarik baloia eskuinaldera zabaldu du eta Toquerok atzelari bat driblatu ondoren, ezkerrez sareetara bidali du, nahi eta Alvesek baloia ukitu duen.
Hortik gutxira Kalu Uche Ortizen ordez zelairatu da 57garrenean. Almeria 4-4-2 ipin da, baina ez du astirik izan aldaketaren onurak baieztatzeko, 60garrenean Orbaizek izugarrizko gola sartu baitu, oso urrutitik boleaz angelutik hirugarrena egiten, aurreko zorrak kitatuz edo.
Zailena, beste behin ere, eginda zeukan taldeak, baina oraindik ordu erdi bat jokatzeke zegoen. Ortiz Crusaten ordez sartu da, baina gertuago zirudien Athleticen laugarrena Almeriaren bigarrena baino. Llorentek 65garrenean bigun errematatu du Alvesen eskuetara, baina ameskeria baino ez da izan, etxeko taldeak zeukan guztia zelai gainean ipini baitu mirariaren bila. Kalu Uchek buruz gora errematatu du 70. minutuan; Piattiren jaurtiketa Iraizozek ondo urrundu eta aldaratzea Mok lekutara bidali du; 78garrenean Ulloak buelta erdian arrasean jaurti du, baina zorionez Iraizozek berriro desbideratu du.
De Marcos Llorenteren ordez sartu da eta Corona Carlos Garciaren tokian, atzean hiruko lerroa osatuz eta presioa biderkatuz. Athletic ondo eutsi dio abantailari, baina Almeriak bere aukerak izaten segitu du: Uchek jaurti du eta Iraizozek harrapatu du 83garrenean; geroxeago Ekizak atepean urrundu du baloia. Amorebieta Muniainen ordez sartu da 86. minutuan. Ezker hegalean kokatu da eta Castillo aurrerago. Halaz ere minutuak eta errealitatea bat etorri dira eta azken une lasaiak pasa dituzte zurigorriek. Toquerok aukera ona izan du, baina Alvesek baloia harrapatu du. Ostean, abagune argiago bat izan du Toquerok, Gurpegiren barneraldiaren ostean, baina atzelari batek atepean urrundu du.
Ez zen gehiagorik behar, baina Liga honetan seigarrenez hiru gol egitea ez da detaile txarra, eta are gutxiago etxetik at. Golei esker eta zelai hauetan europar sailkapenak lortzen dira, baina baita ere San Mames gotorleku bihurtuta eta erronkaren hurrengo geltokia horixe da.