RC Deportivo - Athletic Club
Jardunaldia 36
Liga

RC Deportivo - Athletic Club

RC Deportivo
RC Deportivo
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 23' Adrián
  • 71' Castillo (b.a)
  • Toquero 3'

KokapenaRiazor , A Coruña

Ondo hasi, txarto amaitu eta berriz itxoitera

Deportivok 2- Athletic Clubek 1Athletic Clubek 2-1 galdu du Deportivoren aurka eta ezin izan du…

Athletic Club

Deportivok 2- Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 2-1 galdu du Deportivoren aurka eta ezin izan du europar txartela eskuratzeko azken pausorik eman. Toquerok egin du gure taldearen gola eta Gurpegik, Adrianen jaurtiketa desbideratuz, eta Castillok, Adrianen erdiraketa barrura bidaliz, egin dituzten galiziarren golak. Zurigorriek lehen zati itxurosoa egin dute eta bigarrena eskasagoa izan da. Azken finean, biharko Sevilla eta Espanyolen emaitzen zain, zurigorriek bosgarren tokia mantentzen dute, eta kasurik larrienean eguna seigarren bukatuko lukete, Liga amaitzeko jardunaldi bi falta direla, Malaga etxean eta Racingen aurka etxetik kanpo. Hurrengo partidarako Gurpegi baja izango da bosgarren txartel horia ikusi ondoren. Bestalde, berririk pozgarriena Ibairen presentzia izan da; eta lesionatu zenean baino zorte handiagoa izan du zelai gainean eta zorte txarragoa markagailuan.

Partidaren atarikoetan tentsioa zen nagusi, giroan sumatzen zen, eta etxekoek normalean ez duten sostenguan oinarritu dute hiru puntuak eskuratzeko alde garrantzitsu bat, baina ez bakarra. Jokatzeko giro polita zen, edozein jokalarik nahiago duena kirol honen alderik ikusgarriena bizitzeko eta, bide batez, eskarmentua hartzeko. Gure taldean Amorebieta eta Gurpegiren presentzia izan da nobedaderik nagusia, San Jose eta Orbaizen tokietan. Hasiera ezin hobea izan da, hirugarren minutuan Toquerok, eskuinez, Iraolaren pasea jasoz gola egin baitu Aranzubiaren irteera gaindituz.

Parau barik entzuten ziren oihuen artean Athletic lasai zirudien eta Deportivoko jokalariek penalti behin eta berriz eskatzen denbora pasatzen ari ziren bitartean, bazirudien gure jokalariek bertikaltasuna nahiago zutela. Hurrengo minutuetan Toquerok jaurti du eta Aranzubiak baloia harrapatu du eta Llorentek kanpora ere bidali du, Colottok kontrako arean penaltia eskatzen zuen bitartean.

Hainbat pasartetan golaren kolpeak etxekoak ahalmenik gabe utzi dituelakoaren inpresioa eskaini du, baina denbora soberan zegoen erreakzionatzeko. Pixkaka presioa estutu dute eta zurigorriek ez dute baloia hasieran bezain fin erabili. Gainera futbolean edozein jokaldian gauzak aldatu egiten dira eta gaurkoa ez da salbuespena izan.

Berdinketa horrelako jokaldi batean heldu da, 22garren minutuan, Adrianek eskuinez jaurti du, baloia Gurpegiren hanketan jo du eta barrura abiatu da. Athleticen erantzuna ez da makala izan, baina Llorenteren burukada langan jo du. Deportivok nagusi izateari utzi dio, oreka berriz instalatu da eta azken txanpan Lotinarenek berriro erasora jo dute. Aldi horretan Adrianek langara bidali du erdiraketa bat, baina arriskua ez da beste mundukorik izan. Atsedenaldian dena erabakitzeke eta gure Athleticarentzat arriskua triangeluarra zen: Valeron, Guardado eta Adrianek osatzen zutena, bakoitza berean.

Bigarren zatia aldaketarik gabe hasi da, jokalariak berdinak ziren eta Deportivokoek behin eta berriro penaltiak eskatzen zituzten, etengabe. Ekimena, oraingoan bai, etxekoena izan da, baina abagune gehigirik gabe. Rikik eskuinez errematatu du eta Iraizozek ukabilez urrundu du, Juan Rodriguezek boleaz kanpora bidali du areaz kanpotik eta Javi Martinezen baloi loratua gutxigatik kanpora joan da. Gainera, Deportivokoek euren atean ia sartu dute baloia korner baten buruz atzera errematatuz 63garren minutuan. Tamalez gure berezitasuna ei da.

Iturraspe jada zelaian zegoen txartel horia zeukan Gurpegiren ordez, eta gero Gabilondo David Lopezen ordez kantxaratu da. Munian aspaldian eskuinaldetik zebilen, erasorako freskoago egoteko asmoz. Deportivo ez zen berdina eta ezin da esan taldea atzean sartuta zegoela, kontraeraso batean heldu baita bigarren gola Castillok bere atean Adrianen erdiraketa sartu duenean. Betiko zalantza: helduko al zen Riki erdiraketa errematatzera? Hortik gutxira, Ibai Javi Martinezen ordez zelairatu da eta Lotinak, harmailetatik, Aythami Juan Rodriguezen tokian zelairatu du, Lassad Adrianen ordez bezala.

Deportivok Lehen Mailaren hondartza ikusi du markagailuan margoturik eta aise igeri egin du. Gure taldeak aldiz, Gabilondo eta Ibai “barrutik” zituela, betiko moduan azken unera arte saiatu da, baina Toqueroren burukada zentimetroengatik kanpora abiatu da, taldea beste jardunaldi batez itxoitera kondenatuz. Ea igandean Malagaren aurka, Espanyolek biharkoan galtzen ez badu behintzat, txartela eskuratzen den. Horretarako ez da zelaia girotzeko kanpaina berezirik egin beharko, baina galdeiezue Deportivoko teknikari eta jokalariei euren “Levanteren” aurkako hitzorduaren ondoren ea nola eskertzen den.