Athletic Club - CA Osasuna
Jardunaldia 8
Liga

Athletic Club - CA Osasuna

Athletic Club
Athletic Club
31
CA Osasuna
CA Osasuna
  • 29' Muniain
  • 37' Gabilondo
  • 45' J.Martínez

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Bide onetik, bigarren derbya jarraian zakura

Athletic Clubek 3 Osasunak 1Athletic Clubek Club Atletico Osasuna 3-1 mendean hartu du, geldialdiaren osteko…

Athletic Club

Athletic Clubek 3 Osasunak 1


Athletic Clubek Club Atletico Osasuna 3-1 mendean hartu du, geldialdiaren osteko lehen partidan. Muniain, Gabilondo eta Javi Martinez gure golegileak izan dira, guztiak lehen zatian eta Nekounamek partidaren azken uneotan, penaltiz, bisitarien gola egin du.

Ligako lehendabiziko garaipena etxean, lehiaketa berberean bigarrena jarraian -biak derbyak-, hirugarren partida erreskadan irabazita eta laugarrena galdu barik. Sailkapenean gauzak ez daude oraindik guztiz argi, baina gutxienez gure burua erdialdean kokatu dugu. Ez dira zenbaki txarrak zain daukagun norgehiagoken zerrendari ekiteko, eta gozamenerako denborarik gabe Salzburg datorkigu bisitari, ostegunean bertan San Mamesen.

Bitartean Osasunaren aurkako lehia pronostikoek iragartzen zuten bezain irekia, bizia eta borrokatua izan da. Epaileak agindu eta berehala Iturrasperentzat izan da lehen abagunea, baina ezin izan du erdiraketa behar bezala errematatu.
Osasunak, dena den, ez da kikildu, eta Lamah izan da arrisku gehien sortu duena. Ez zuen Iraolaren atzetik jaisten eta bere taldeak baloia berreskuratzen zuenean bera bilatzen zuen. Hark Iraizozek geratu duen lehendabiziko jaurtiketa egin du seigarren minutuan, baina are argiagoa izan da bederatzigarrenean Lamahek berak lehen eta Ninok gero izan dutena. Gure atezaina bikain ibili da bietan. Ninorentzat izan da hurrengoa boleaz langa gainetik hamahirgarrenean.

Athletic Club erraz iristen zen area ingurura, baina errematerik gauzatu gabe. Hori bai, egin duen bakoitzean arriskua sortu du. Adibidez Susaetak jadanik 22garren minutuan gurutzatuegi jaurti duenean, baina baloia kornerrera abiatu da. Hurrengo kornerretan Andres Fernandez fin ibili da baloi zuzenak ukabilez urruntzeko. Athleticek eta Osasunak presioa ahalik eta goien egiten zuten, baina minutuak aurrera joan ahala Athletic nagusitu da, ez bakarrik ekimenari dagokionez, baizik eta markagailuan bertan.

Halaz ere, gure lehen gola heldu baino lehen Nekounamek faltaz izan du aukera 29. minutuan, Iraizozek primeran desbideratu duen arren. Hortik gutxira Osasunaren amaiera hasi da. Kontraeraso azkarrean Llorente erdiraketa errematatzen saiatu da, ez du lekurik aurkitu baina lurretik Muniaini laga dio eta horrek angelutik ezkerrez gola egin du.

Partidako lehen ordu erdian geunden. Puñalen falta jaurtiketa izan da Osasunaren azken aukera partidan sartzeko, baina baloia Iraizozek urruntzea lortu duenez gero, Osasuna jada ez zuen zerurik espero, zeren eta zazpi minutu beranduago bigarrena heldu baita, Gabilondok eskuinez baloia sareetara bidali duenean. Iraola eskuinetik sartu da, bere erdiraketa Llorentek errematatu du, baloia Roversioren eskurantz abiatu da eta harmailetatik penaltia eskatzeko astirik utzi gabe, Gabilondok zetorkion moduan bigarrena egin du.

Lolo Roversio minduaren ordez sartu da eta norgehiagoka bi goleko abantailarekin atsedenaldira helduko zela sumatzen zenean, hirugarrena heldu da, behar bada gaueko politena. Javi Martinezek baloia lapurtu du, aurrera jo ere, eta baloia hegalera ireki eta gero erremate egiteko asmoarekin arean sartu da, eta hara heldu da ere Iraolaren errematea buruz sareetara bidaltzeko.

Hiru era zero eta partida amaituta. Bigarren zatian Aurtenetxek Gabilondoren tokia hartu du. De Marcos Llorenterekin batera jokatzera pasa da, Muniain eskuinaldera eta Susaeta ezkerraldera. Athletic ez da atzean geratu ea zer gertatzen zen eta laugarrenaren bila zelairatu da. De Marcosek ezkerkada bortitzaren bitartez bilatu du, baina zartakoa kanpora joan da. Partidak ez du erritmorik galdu eta Osasuna gero eta atzerago sartu da. Hainbat minututan gure taldearen jokoa ikusgarria izan da, baloi jabetza zentzuz landuz eta Osasunari erreakzionatzeko gogoak kenduz.

Ordubeterako Ibrahima Cejudoren ordez zelairatu da, ia bi minutuko baloi jabetza amaigabea amaitu denean. Erasoaldiaren erdian Lamahek lehen txartel horia ikusi du, protesta inozo batzuengatik eta horra hor bilatu beharko luke hortik gutxira ikusi duen gorriaren iturburua. Hirurogeita hamargarren minutuan Munianekin borrokan eskuarekin zurigorriaren aurpegian jo du eta bigarren horia ikusi ondoren dutxara abiatu da.

Gura barik bai, baina jo duenez gero, epaileak jokaldia aztertu behar zuen. Erruduna ez dena, Osasunaren harrobiaren edo kirol modeloaren inguruan gertatzen diren gaitz guztien erruduntzat hartu dutena da. Ostean epaileak Lolori txartela barkatu dio.
Bat gehiagorekin Athleticek, nahi eta nahi ez, osteguneko partidan inkontzienteki ipini du bere burua. Osasuna Annunziata Ninoren ordez sartu da eta badaezpada Toquerok Muniain ordezkatu du. Sartu berriak arriskua eraman du eskuin hegaletik eta horrelako batean Andresek geldiketa bikaina egin dio Aurtenetxeri. Hurrengo minutuan protagonista berberak agertu dira, baina jaurtiketa ez zen aurrekoa bezain bortitza.

Hirugarren aldaketak Herreraren itzulera ekarri du, Susaetaren lekuan, eta minutuak doi-doi pasa dira, nahiz eta azken unean Javi Martinezek lorik hartu duen eta baloi gainean erori ondoren epaileak penaltia seinalatu duen. Nekounamek bigarren zatian lehen zatian merezi izan duten gola egin du. Beranduegi dena den.

Amaieran garaipen garrantzitsua eta, esan bezala, orain taldea indarberriturik dago europar sailkapena lehenbailehen erdiesteko.
Zelaitik at, partida ikusteko San Mameseko palkoan ACT Liga irabazi duen Kaikuko presidentea, Jose Manuel Monje; Kontxan irabazle suertatu den Urdaibaiko presidentea, Josu Zabalondo; eta ACT Ligara igoera lortu duten klub bien presidenteak, Portugalete eta Zierbenakoak, Javier Gonzalez eta Jose Luis Herrerias, hurrenez hurren, egon dira. Halaber Venezuelako futbol hautatzailea, Cesar Farias egon da, Lugoko Peña O Polbo Vermellobrancoko ordezkariekin batera.