Valencia CF - Athletic Club
Jardunaldia 9
Liga

Valencia CF - Athletic Club

Valencia CF
Valencia CF
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 89' Soldado
  • Muniain 75'

KokapenaMestalla , Valencia

Garaipenak azken unean ihes egin du

Valentziak 1 Athletic Clubek 1Athletic Clubek puntu bat urratu du Valentzia CFren aurka Mestallara eginiko…

Athletic Club

Valentziak 1 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek puntu bat urratu du Valentzia CFren aurka Mestallara eginiko bisitaldian. Muniainek egin du gure taldearen gola bigarren zatian eta Soldadok berdindu du lehia amaitzear zela. Pena bat berdinketako gola noiz iritsi den kontuan hartuta, baina azken finean puntu on bat Ligan erreskadan lau partida galdu gabe pilatzeko, zortzi puntu guztira, eta europar lehiak kontuan hartuta, jada sei direla galdu barik Vila-realen aurka berdindu genuenetik.

Alderik txarrena, beste behin ere, lesioek osatu dute. Carlos Gurpegik ezker belaunean mina hartu du eta gauza bera gertatu zaio Fernando Llorenteri. Datozen orduotan, batez ere erdilariaren kasuan, datu gehiago izango ditugu euren bilakaerari buruz.
Taldearen egoera neurtzeko erreferentzia bezala har zitekeen gaurko norgehiagoka, eta hasiera hotza kenduta (lehen bost minutetan etxekoek hiru abagune garbi izan dute Banega, Topal eta Canalesen oinetan) Athletic Clubek partidaren nagusitasuna bilatu du etengabe; Valentziaren kalitatea, lesioak eta epailearen lan eztabaidagarria kudeatu ditu bere nortasunari eutsiz eta arerioak bezainbeste aukerak egin ditu, eta baita jaso ere. Beraz, banakoa unean bertan mingarria suertatu den arren, Ligako gutxienez hirugarrena izateko borondatearekin ateratzen denaren aurka berdintzea ez da emaitza txarra.

Esan bezala, apur bat kostatu zaio taldeari lekua hartzea, baina behin hartuz gero eta presioa goian ondo eginez, Iraizozen ingurura zihoazen bideak itxi dira eta min gehien egin duen taldea zurigorria izan da. Lehendabiziko aukera Llorentek izan du, baina ezkerrez jo beharrean eskuinarekin gehiegi gurutzatu du baloia Guaitaren irteera gainditze aldera.

Hurrengo abagunea garbiagoa izan da, beno, gola azken finean, baina marrazainak gehiegitzat jo ei du hiru erremate zurigorri jarraian hain erraz egitea. Lehen Muniainek jo du areaz kanpotik eta Guaitak motzean urrundu du, Aurtenetxek area txikitik errematatu du eta atezainak berriz urrundu du baloia, azken aldaratzea Susaetarengana heldu da eta horrek gola egin du. Tamalez, marrazainak ezetz esan du. Zer egingo diogu!

Soldado eta Ruizentzat izan dira lehen txartelak, eta Athleticek aurreko presioa mantentzen ez bazuen ere, ekimena zurigorria zen, hurrengo abagune garbia ere sortuz. Eta argia ere kasu honetan, Llorenteren burukada zutoinean jo baitu, errebotea Guaitaren sorbaldan jo du eta logikoa barrura joatea bazen ere, azkenean Miguelek baloia areatik urrundu du.

Bitartean Canalesek mina zeukan jada eta Piattiri bere lekua utzi dio. Txikiaren sarrerak min gehiago egin digu, batez ere ezker aldeko hegala Mathieurekin are bizkorragoa bihurtu delako. Javi Martinez eta Iraolarentzat izan dira hurrengo txartel horiak eta lehen zatiko azken txanpa lasaia irudikatzen bagenuen, Iraizozen aldaratze ahula Jonasek zetorkion moduan errematatu du eta baloia doi-doi zutoinera joan da. Atezainak gutxienez baloia oinarekin kornerrera bidali du.

Bigarren zatiari ekiteko Llorente, minduta, aldagelan geratu da Toquero sar zedin eta Iraolak Gurpegiri utzi dio tokia. Jonasek aukera ederra izan du irten eta berehala, Mathieuren pasea lekutara errematatu duen arren. Ostean Munian eta Toqueroren artean ezin izan dute kontraeraso azkar bat amaitu ezta Piattik ere, haren ezkerkada gehiegi gurutzatu baitu. Hasierako minutu haietan, dena den, berririk aipagarriena Gurpegiren lesioa izan da. Ezker belauna minduta bere tokia utzi dio Herrerari, De Marcos eskuin hegalera mugituz.

Valentziak ekimena berreskuratu du eta bigarren zatiko unerik onenak eskaini ditu. Jonasek kanpora jaurti du, Banega Iraizozen eskuetara bidali du eta Soldado eta Amorebieta elkarri elastikotik tiraka ibili dira harmailetatik penaltia eskatzen ari ziren bitartean; eta Feghoulik buruz baloia ukitu du, baina gutxigatik kanpora zuzendu da. Hortik gutxira Pablo Hernandez sartu da bere ordez. Une zail hauetan Athleticek ez dio muzin egin presioa goian egiteari, atsedena hartzeko arerioa baino egun bat gutxiago izan duen arren, eta horrelako jokaldi batean, 73garrenean, Muniainek baloia lapurtu dio Hernandezi, dribling labur batzuk egin, hutsunea bilatu eta areaz kanpotik baloia angelutik sartu du. Zero eta batekoa eta ordu laurden bat aurretik.
Bigarrena egiteko ere aukera izan du Muniainek berak, kasu honetan atezaina ezin izan baitu goitik gainditu.

Emeryk Aduriz Jonasen ordez sartu du eta lehoi ohiak lana eman dio Iraizozi 83. minutuan. Txartelak pilatzen hasiak ziren (Herrera, Miguel, Iturraspe…) Banegak langa gainetik jaurti du 86garrenean. Valentziak indarrik ez ei zeukan, partida kontrolatuta zirudien, baina lehiako onena izan den Banegaren kalitatea agertu da Soldadori pase ona emateko eta aurrelariak ez du barkatu: Iraizoz gainditu du banakoa ezartzeko.

Logikoena, edo joera historikoa, atzean sartuta egotea partida amaitu bitartean, baina ez da horrela izan eta azken unean beste abagune bat izan du Athleticek, baina Muniainen pasea errematatzera zihoala Victor Ruizek Toquero bultzatu du. Eta banakoarekin konformatu behar, ez dela uzta txarra, baina zapore mingotsa geratzen zaigu erreferentzia behar zuen partidan hiru puntuak ez eskuratzeagatik. Ea ostegunean San Mamesen Atletico Madrilen aurka erdiesten ditugun.