Athletic Club VS Atlético de Madrid 2011-10-27 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
10. Jardunaldia

Athletic Club3 : 0Atlético de Madrid

Llorente67'
Llorente70'
Toquero74'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
27/10/2011
Ordua
22:00
Data eta ordua
2011-10-27 - 22:00

Gol, indarra eta joko zaparrada

Athletic Clubek 3 Atletico Madrilek 0Athletic Club bere zazpigarren partida jarraian galdu gabe lotu du…

2011ko urr. 28a

Athletic Clubek 3 Atletico Madrilek 0


Athletic Club bere zazpigarren partida jarraian galdu gabe lotu du gaur Atletico Madril 3-0 mendean hartu ondoren, batez ere bigarren zatian egindako lan oso on bati esker. Llorentek, bi aldiz, eta Toquerok sartu dituzte golak. Gurpegiri dedikatu zaion garaipenaren ostean Athletic Club zortzigarren kokatzen da sailkapenean, baina okerrena da Amorebieta eta Javi Martinez (bosgarren txartel horia du ere) lesionatu egin direla. Ia atsedenik gabe, Xixonera doa taldera zortzigarrena galdu barik pilatu guran. Bitartean gaurko euria jasaz gozatu beharko: golak, indarra eta jokoa gorantz begiratzeko.

Lehia, dena den, geure aldetik ez da oso kementsu hasi eta Atletico berrituak, San Mameseko azken neurketatik (1-2) soilik Godin, Assunçao eta Reyesek errepikatzen zuten, ekimena eta lehen aukerak izan ditu, ez Valentzian gertatu zen neurrian, baina tira, zurigorrienak baino mamitsuagoak izan dira. Zortzigarren minutuan Susaetak, eta zaleek bide batez, penaltia eskatu du Godinen sarreraren ostean eta hamaikagarrenean Llorenteren jaurtiketa Mirandak kornerrera bidali du. Kontrako aldean bederatzigarrenean Reyesek altuegi jaurti du eta hamabigarrenean Falcaok eskuinez, baina hor zegoen Iraizoz, zentraturik, eskua ateratzeko. Zorigaiztoaren poderioz gure atezainaren laguna bihurtu zen Filipek baloia gehiegi gurutzatu du hamabosgarrenean, arazoak pilatzen hasi diren bitartean.

Alde batetik Javi Martinezek bosgarren txartel horia ikusi duelako eta, bestetik, ia minutu berean, Fernando Amorebieta
lesionaturik aldaketa eskatu duelako. San Jose berdegunetara itzuli da. Beharbada joko falta dela eta, zaleek epailearen lan eskasa aukeratu dute zaratarik handiena egiteko. Bitxikeri moduan esan jokaldi batean San Mamesen bildu direnek protesta egin dutela… Teixeirak Atletico Madrilen aldeko falta nabarmena seinalatu ez duelako.

Zurigorriek, dena den, dagoeneko askozaz hobeto kokatuta zeuden, baloia lehenago berreskuratzen zuten eta arriskua sortzeari ekin diote. Lehen Llorentek eskuinez errematatu du areaz kanpotik eta Courtoisek kornerra bidali du. Epaileak bereari eutsi dio eta ateko sakea adierazi du. Eta horrela, txartelak alde bietan pilatzen eta joan eta etorriz beterik, minutuak aurrera egiten zuten, baino gero eta joan zurigorri gehiago. Ildo horretatik 38garrenean De Marcosen eskuinkada Courtoisek desbideratu du. Unera arte aukerarik garbiena, baina ez da gauzatu, ezta Iraolaren erdiraketa itxi bat atsedenaldira joan baino lehen, Mirandak ia bere atean sartu duena.

Hala eta guztiz ere, atsedenaldian kezka beste bat zen eta aldagelan zegoen: Amorebieta dutxan, Llorentek lehen zatian sustoa eman du erorketa txar batean, eskua belaunean ipini duenean hain zuzen ere. Toquero sartzeko zorian egon da, baina azkenean aurrelariak segitzea erabaki du. Eskerrak. Segitu ahal izan ez duena Javi Martinez izan da. Herrerak hartu du bere tokia. Iturraspe kokatu da atzelarien aurretik -Diego erabat desagertaraziz-, Herrera De Marcosekin aurrerago eta San Jose jada eskuin zentral bezala zebilen.

Bigarren zatian dena den, sasi guztien gainetik, zurigorriek garaipena nahi zuten, gora begiratzea sailkapenean eta euriaren agerpenarekin batera, jokoz blaitu dira eta eurekin batera zaleak, baita ere sasi guztien gainetik eta zeru beltzaren azpitik. Eta talde bat baino ez da ikusi San Mamesen, etenik gabe, indarrez, baina zentzuz, lehen zatian baino sakonago eta aukerak berehala heldu dira.

Esaterako De Marcosek altuegi jaurti du 48garrenean, eta 51garrenean Mirandak ikusi du txartel horia Muniaini eginiko falta arriskutsuarengatik. Eta txartela aipatzen dugu epaileak denbora behar izan duelako nori erakusteko eta une batez zozketatuko zuelakoan geunden. Falta jaurtiketa Susaetak hesiaren aurka jo du, baina erasoa ez du etenik izan. Atleticok baloia oso gutxi zeukan eta, onena, Iraizozengandik oso urrun. Herrera urrutitik saiatu da ere 55garrenean, hortik gutxira Salviok Reyes ordezkatu du, baina gauzak ez dira aldatu. Athletic nagusi zen.

De Marcosek buruz gola gertuago ikusi du Aurtenetxeren erdiraketaren ostean, baina errematea gutxigatik kanpora joan da. Arestian aipaturiko lesioak gutxi balira, Muniainek aldaketa eskatu du 64garrenean, ondoeza sentitu ondoren. Toquero sartu da. Susaeta ezker hegalean kokatu du bere burua eta sartu berria eskuinaldean. Eta biek protagonismoa izan dute hiru goletan. Lehendabizikoan Susaetak errebotea bereganatu du arean, baina errebotea heldu da behin baino gehiagotan taldeak presio gogorra egin duelako. Susaetaren pasea atzera Llorenteri, horrek atzelari bati dribling egin eta bere jaurtiketa Filipe Luisengan jo du eta doi-doi barrurantz abiatu da Courtoisen ahalegin antzuak gaindituz.

Lasaitu ederra eta merezitako saria, baina erasoaldia ez da baretu eta 70garrenean Toqueroren erdiraketa bikaina eskuinaldetik Llorentek errematatu du maisuki buruz. Bi eta zero, eskaintza Gurpegiri eta denok gehiago nahi genuen. Eta egon, egon da. Orain arte baloi geldituetan, estrategian hain zuzen ere, etekin gehiegirik ez dugu atera, baina atzo bai. Herrerak falta jaurti du arearantz eta hor Toquerok buruz hirugarrena egin du.

Zoramena San Mamesen eta zoramena zeruan gero eta zaparrada handiagoa pairatzen ari baitzen, talde bat ez zela bustitzen ematen bazuen ere. Metafora, eta telebistan lehia komentatzen ari zirenentzat etxekoen merituak baino bisitarien demerituak ziruditen. Txartelak nonahi, gorriren bat barkatuta ere, eta Llorenterentzat, Salvio eta Falcaorentzat azken aukerak, baina etxeko aurreko partidan gertatu zen legez, Osasunaren aurka hain justu ere, minutu asko soberan egon dira, zorionez, oraindik beste hiru norgehiagoka falta baitira maratoi tarte hau amaitzeko.