Athletic Club - Granada CF
Jardunaldia 14
Liga

Athletic Club - Granada CF

Athletic Club
Athletic Club
01
Granada CF
Granada CF
  • Iñigo López 31'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Aurkariak zertara etortzen diren jakiten dutenean

Athletic Clubek 0 Granadak 1Athletic Clubek 0-1 galdu du Granada CF-ren aurka. Iñigo Lopezek egin…

Athletic Club

Athletic Clubek 0 Granadak 1


Athletic Clubek 0-1 galdu du Granada CF-ren aurka. Iñigo Lopezek egin du lehen zatian partidaren gola. Porrot honen eskutik amaitu da bolada ona, eta orain garrantzitsuena da bolada on berri bati lehenbailehen ekitea. Eta merezi gabe bada ere lehia galtzen denean, gauza bat argi izatea komenigarria litzateke: arazoa ez da igo berriak edo sailkapenaren beheko partean daudenen aurkako norgehiagoketan punturik ez urratzea, baizik eta ohitura hartzea talde gehienak San Mamesera planteamendu horrekin etorriko direla (askok ere ziur euren etxean ere egingo dutela) eta horren aurrean konponbideak bilatu behar ditugula puntuak ateratzeko. Aitzitik, Athleticek bere jokatzeko erari eutsi dio eta estilo hori garaipenean bezain ona izango delakoan gaude, egunero berdin jokatzen ez dela kontuan hartuta ere.

Azken finean pronostikoak bete dira, eta ez gara emaitzaz ari. Pronostikoak zioen arerioa atzean sartuta egongo zela, lan ikaragarria egitean, espazioak ixteko etengabeko laguntzekin eta kontraerasoan saiatuko zela. Eta halaxe izan da. Gainera estrategian etekina lortuz gero, panorama iluna topatu dugu eta are ilunagoa izan da amaiera.

Lehendabiziko unetik gauzak ura baino gardenago ikusi dira. Granada osoa, futbol taldeaz ari gara, zain zegoen bere zelaian. Susaeta askotan saiatu da, gero eta aukera nabarmenagoak izaten. Lehena hamargarren minutuan Llorenteren lagapena defentsa baten kontra errematatu eta gero, bigarrena hamalaugarrenean talde jokaldi polit bat amaituz, baina atzelari bat gurutzatu egin da, hirugarrena 57garrenean buruz kanpora errematatzen, laugarrena boleaz zetorkion moduan kanpora jaurti du 75. minutuan eta bosgarrena partidaren luzapenean heldu da eta gertutik egin duen ezkerkada edozein tokirantz joan zitekeen, baina ez, Robertoren kontra jo du.

Hasierara itzuliz, lehen erasoak eskuinaldetik ziren, nahiz eta Athleticek ez zion baloi luzeari muzin egiten. Horrelako batean Llorentek buelta erdian langa gainetik errematatu du eta 28garrenean Ander Herrerak eskuinez ere bere abagunea izan du areaz kanpotik, baina Robertok hankekin urrundu du baloia.

Eta Granada? Uchek arrasean oso bigun errematatu du Iraizozen eskuetara 28. minutuan, baina ez zuten gehiegirik behar. Korner bat buruz ederto errematatu du Iñigo Lopezek 31garren minutuan eta Granada lehen baino itxiago kokatu da, posible bazen ere.

Athletic Clubek erritmo gehiago ezarri dio partidari, baina zaila zen oso. Iraolak eskuinez kanpora jaurti du 35. minutuan, eta hika mikak eta txartelak nagusitu dira atsedenaldira joan baino lehen.

Bueltan Aurtenetxe, txartelarekin horrek ere, aldageletan geratu da eta Gabilondo zelairatu da bere ordez, De Marcos ezker hegalekoaren tokia bereganatuz. Joera berbera izan da, beno are argiagoa. Dena den Jarak izan du lehen abagunea eskuinkada arrasean gurutzatuz eta 55. minutuan Mikel Ricok kanpora ere jaurti du.

Markak ajustatu ditu Athletic Clubek eta presioari beste bira bat eman ere. Hortik amaitu arte bakar hizketa izan da, baina akats pare batekin. Hasteko erdiraketetan zuri gorriek ez dute bere egunik onena izan eta altuera pitin bat falta zaiela esan daiteke eta, bigarrenez, minutuak aurrera joan ahala, antsietatea nagusitzen joan da eta hainbat pasetan nabaritu da.

Gauzak konpondu guran, Bielsak David Lopez zelairatu du. Laugarren aukera zen erditik min egiteko De Marcos, Muniain eta Herrera berarekin saiatu ondoren. Panorama ez da aldatu, Granada ia ia ez zen bere zelaitik irteten eta lortzen zuenean arriskua egiteko zen, Mikel Ricok 64garrenean bezala. Eta horregatik Fabrik Benitezen abiadura hobetsi du 67garrenean Jararen tokian.

Kontrako arean Athleticek abaguneak pilatzeari ekin dio, in crescendo ere, Gabilondok buruz kanpora errematatu du 69. minutuan, 70garrenean David Lopezek falta jaurti du eta Robertok kornerrera desbideratu du eta korner ateratzean atezainak Javi Martinezen burukadari erantzun bikaina eman dio langa gainetik bidaltzeko. Guzti hori Iñigo Perezek De Marcosen tokia hartu eta gero.

Gabilondo eta Iraola, biak kanpora saiatu dira, Benitezek jaurti du Iraizozen eskuetara eta kronika honek idazten duena aurrez aurretik egin duen apustua galdu egin du, esana baitzuen epaileak Robertori 87garrenean txartel horia erakutsiko ziola, arrazoi ezberdinengatik hamargarren minututik aitzina egiten ari zela egiteagatik, hau da denbora nabarmen galtzeagatik. Minutu bat lehenago izan da, 86garrenean hain zuzen ere, aktan are lehenago agertzen den arren. Gutxienekoa da noiz izan den, gutxienekoa da penaltiren bat edo bi eskatzea, ez ziruditen, gutxienekoa da faltaz falta, erabakiz erabaki gauzak okertzen joan direla. Argi dagoena da gaurko epailearekin zorterik ez duela Athleticek… eta zer egingo diogu.

Bitartean jo eta su aritu dira zuri gorriak. Amorebietak erasoaldiak egiten zituen, buruz errematatu du ere, eta Susaetak arestian aipaturiko abagunea izan du luzapenean, baina gaurkoan golik ez, etsipena San Mamesera bertaratu diren gehienentzat eta ikasgaia hurrengo norgehiagoketarako. Pena.

Sailkapenari begira, zortzigarren dago orain Athletic Club eta azken astean zeruan ipini gaituztenak ziur jada lurrean kokatu gaituztela, beraz, ezer berririk eguzkipean eta etorkizunari begira errezeta bakarra, lana, eta hurrengo helburua ostegunean Slovanen aurka europar sailkapena ahalik eta goien amaitzea. Gaur bezala, zalegoaren erantzun bikaina espero da, ea emaitza bestelakoa den.