RCD Mallorca VS Athletic Club 2011-12-4 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
15. Jardunaldia

RCD Mallorca1 : 1Athletic Club

Álvaro2'
Amorebieta45'
Laburpen bideoa
Estadioa
Iberostar Estadio
Herria
P. de Mallorca
Data
04/12/2011
Ordua
20:00
Data eta ordua
2011-12-4 - 20:00

Puntu bat aukera gutxiko partidan

Mallorcak 1 Athletic Clubek 1Athletic Clubek banako berdinketa lortu du Mallorcari eginiko bisitaldian. Alvarok, partida…

2011ko abe. 4a

Mallorcak 1 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek banako berdinketa lortu du Mallorcari eginiko bisitaldian. Alvarok, partida hasi eta berehala eta Amorebietak, lehen zatiaren azken txanpan, golak egin dituzte aukera gutxiko partidan. Etxekoek gehienetan ekimena gure taldeari utzi diote, baina norgehiagokaren azken hamar minutuetara arte ia ez dira abagunerik ikusi. Halaz ere, puntua ez da txarra eta, beti esaten den legez, igandean Racingen aurka ona bihurtu beharko dugu.

Egia esan, partidak planteamenduen pronostikoei eutsi die oraingo honetan ere. Batek daki zer gertatuko zen Mallorcak ia lehen jokalditik aldeko golik gabe jokatu behar izanez gero, baina lehia horrela planteatu da. Gure atzelariak ez dira finegi ibili eta bigarren minutuan harrobikoa den Alvarok aldaratzea hartu du eta baloia sareetara bidali du.

Caparrosen mutilek aurreko planarekin segitu dute, hau da baloia eta ekimena Athletic Clubi uztea, baina hala eta guztiz ere, lehen minutuetan nahiko goian presionatu dute, baloia beti Amorebietaren oinetan utziz jokoa antolatzeko orduan. Realari ez zitzaion ongiegi atera, baina gaurkoan baloi luzeak ez dira horren zehatzak izan eta zelai erdikoen gain erortzen zen baloia eskatzeko beharra. Horrela pasatu dira minutuak, baina pixkaka lerroak aurreratu dira.

Gauzak zertxobait animatu dira gola Toquerori baliogabetu diotenean 25. minutuan. Jokoz kanpo zegoen. Ostean protagonista bihurtu diren txartelak agertu dira. Pinak ireki du zerrenda eta hamaika ikusteko jaioak garenez gero, beste horrenbeste izan dira, gehienak mereziak. Ez dute ondorio larririk izan, ez etxekoentzat ezta Athleticentzat, baina eragina izan dute aldaketetan behinik behin.

Susaetak Aouateri lehen lana eman dio 32garren minutuan, baina gauzak ez ziren aldatzen. Nahi eta ezin Athletic eta eroso Mallorcak. Aurtenetxek ezkerrez kanpora jaurti du 36garrenean eta bazirudien gauzak zihoazen bezala amaituko zirela lehen zatian, hau da desabantailarekin. Dena den Tissonek Muniaini falta egiteagatik txartela atera diote luzapenean, falta atera da, eta aldaratzea Herrerak erdiratu du Amorebietak buruz banakoa 48garrenean ezar zezan. Gure taldearekin lehen gola Ligan.

Partida berriz hasten zen, gauzak gehiegi aldatu ez badira ere, eta bigarren zatirako Gabilondo Aurtenetxeren ordez zelairatu da. De Marcos ezker hegalekora pasa da. Hasteko sustoa hartu du gure taldeak. Gorrixkak ez ziren gehiegi hurbiltzen, baina kontraeraso azkar batean eta hormarena egin ondoren, Tissone geratu da bakar bakarrik Iraizozen aurrean. Zorionez atezainak primeran erantzun du baloia aldenduz.

Iturraspek txartel horia ikusi du eta beharbada Salzburgen pasa zituen estutasunak ekiditearren, Bielsak aldatu du Iñigo Perezi lekua eginez 52garrenan. Gauza bera egin du Caparrosek, Marti zelairatu baitu Pinaren ordez. Jabetza baino ez zeukan Athleticek eta Mallorcari berdinketa balio zitzaiolakoan geunden. Aukerak ez ziren ikusten eta partida gaua bezala zen, hots, hotza. Muniainek animatu du pixka bat 68garrenean buruz langa errematatu ondoren. Aurrean, Akik hartu du Nsueren tokia eta Hemedek Alvaro golegilearena.

Panorama ez zen aldatzen, baina partidaren azken hamar minutuek, gutxienez, emozioa izan dute. Athleticek beste aurrerapausoa eman du, baina Mallorcak indarra irabazi duenez Hemeden sarrerarekin, arriskua sortu du kontraerasoan. Laurogeita bigarren minutuan Pereirak jaurti du eta Gorka Iraizozek erantzun ona eman dio eta baita ondorengo erdiraketari ere. Erantzuna berehalakoa izan da eta Gabilondoren barneraldia atzera egindako pasearekin amaitu da, tamalez atzelariek baloia urrundu dute Susaeta barrura bidaltzeko prest zela.

Joan etorriz beteriko uneotan Hemeden jaurtiketa bortitza Iraizozek erantzun paregabea eman dio 88garren minutuan. Hortik gutxira Athleticek aukera bikaina izan du, baina Muniainek ez du azken pasean asmatu De Marcos bakar bakarrik atezainaren aurrean uzteko. Are garbiagoa izan da Amorebietak buruz izan duena jada 91garren minutan, baina Chicok atepean baloia urrundu du Aouate jadanik gaindituta zela. Amaitzeko Ramisek buruz kanpora errematatu du korner baten jaurtiketa.

Eta horrela amaitu da partida, puntu banaketarekin eta, arestian aipatu den legez, ea Racingen aurka ona bihurtzen den. Dena den, Ligari ekin baino lehen Kopako debuta zain daukagu ostegunean Oviedon.