Athletic Club - Real Zaragoza
Jardunaldia 17
Liga

Athletic Club - Real Zaragoza

Athletic Club
Athletic Club
21
Real Zaragoza
Real Zaragoza
  • 7' Susaeta
  • 86' Toquero
  • Ponzio (p.) 22'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Hirugarrenean bai, zailtasunaz gaindi

Athletic Clubek 2 Zaragozak 1Athletic Clubek etxeko garaipena erdietsi du Zaragozaren aurka 2-1 irabazi ondoren,…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 Zaragozak 1


Athletic Clubek etxeko garaipena erdietsi du Zaragozaren aurka 2-1 irabazi ondoren, nahiz eta berrogeita hamar minutuz jokalari bat gutxiagoz jokatu. Susaetak eta Toquerok egin dituzte gure golak eta Ponziok bisitariena, penaltiz. Hirugarrenean bai, beheko talde batek ez du punturik urratu San Mamesen eta asko kostatu den arren, taldeak urtea Ligan 22 punturekin amaituko du, europar postuetatik gertu eta Kopan asteazkenean aurrerapauso bat emateko asmoarekin.

Rafa Iriondo jokalari eta entrenatzaile ohiari omenaldi publikoa egin zaion egunean, garaipena justua izan da oso, talde bakar batek beste behin ere hiru puntuen bila aritu baita, nahiz eta Athleticek ohi baino zailtasun handiagoak izan dituen. Paraleloan, debutak zein zailak diren jakin badakigu, ederto gainera, eta ezin da esan epaileak bere egunik borobilena izan duenik. Okerrena da zorte txar horrek zurigorrien proposamena zeharo baldintzatu duela, norgehiagokak bide erosoago baitzeraman lehen hogei minutuetan. Gainera, horren ondorioz eta Lehiaketa Batzordeak balizko helegiterik onartu ezean, Javi Martinezek 2012an Ligako lehen partida ezin izango luke jokatu erakutsi dioten txartel gorria dela eta.

Hori gertatu baino lehen Athleticek betiko moduan jokatu du, behetik, bertikal, ausart eta erasokor eta Zaragozaren gainetik aurreko partidetan baino errazago pasatu da. Zazpigarren minuturako markagailuan bat eta zerokoa ikus zitekeen, Susaetak Juarezek atezainari zelai erditik egin nahi zion lagapena moztu duenean, atezaina gainditu eta baloia sareetara bidaliz. Taldeari gertatu zaion legez, hirugarrenean lortu du, aurreko bietan, hirugarren eta bosgarren minutuetan Susaeta geratu da Robertoren aurrean, baina atezaina aurrelaria baino finago ibili da.

Eskerrak ere, batez ere ondoren etorri dena ikusita, lehendabiziko goleko jokaldian Athleticekin debuta egin duenak asmatu egin duen, laguntzaileak banderatxoa altxatuta baitzeukan pasea etxekoena zelakoan. Gauzak ez dira gehiegi aldatu, baloia Athleticena eta gehienetan Zaragozaren zelaian zegoen. Amorebietak buruz aukera izan du, eta baloia Toqueron jo eta gero kornerra zela esan du epaileak.

Lasaitasuna, halaz ere, apurtu egin da. Errebote batzuen ostean Lafita arean sartu denean Iraizoz gainditzeko prest, baina Javi Martinezek azkar erreakzionatu du eta bere hanka luzea sartu dio bisitarien aktiboen izan den aurrelariari baloia garbi kentzeko. Ze demontre, biderik onena San Mamesen debuta egiteko bere burua nabarmentzea ei zen eta epaileak penalti adierazi du. Hori bai, behin penalti seinalatuz gero txartel gorria zegokion Martinezi eta horrela izan da.

Ponziok berdindu du hamaika metroetatik, eta partida aldapatsua hasi da. Hirurogeita hamar minutu aurretik eta bat gutxiagoz. Iturraspe zentral moduan ipini da eta Perez atzerago kokatu da, baina Athleticek kolpea nozitu du epaileak konpentsatzen saiatzen zen bitartean, edo inpresio hori atera da hainbat pasartetan. Txartelen maila jaitsi du eta Lanzarok, Ponziok eta Antonio Tomasek horia ikusi dute, baina gauza bat da maila jaistea eta bestelakoa erabat konpentsatzea, unera arte ikusitakoaren arabera Ponziok edota Tomasek merezimenduak egin baitituzte bigarrena ikusteko. Aitzitik, Lanzaro izan da bigarren zatian ikusi duena, baina haraino heldu arte denbora gehiegi eta azkarregi pasatu da.

Txartela gora eta txartelak behera, Athleticek ez zuen norabiderik aldatzen, ez taxuzko defentsa egiteko ezta erasoan min egiteko eta Bielsak San Jose sartu du Perezen tokian, alde batetik baloia ateratzean zerbait irabazteko eta bestetik Iturraspe aurreratzeko. Eskema batekin edo bestearekin atsedenaldia arte zurigorriek ez dute biderik aurkitu, ia amaieran langa gainetik joan den Susaetaren falta jaurtiketa kenduta, Zaragozak patuari eskerrak ematen zizkion bitartean.

Bigarren zatiari begira taldeko kide guztiek ahalegin bikoitza egin behar izan dute, euren postua eta albokoaren zuloa estaltzea zituztelako helburu. Gure talde gazteak, 23 urte t’erdi inguru baitzeukan hasieratik zelairatu den hamaikakoak, Lafitaren hasierako mehatxua gainditu du, ekimena berreskuratuz. Dena den, Zaragozak bere plana martxan jarri du, behintzat bere entrenatzailea prentsa aretoan azaldu duenez, euren asmoa lehia ontzea zen eta bide horretatik zihoan. Toquerok buruz desbideraturik eta gero Robertoren eskuetara jaurti du, eta kontrakoan Lafita zen protagonista bakarra. Bost minutuz edo, ordubeterako, Zaragozak gauzak orekatu ditu eta Athletic urrun mantentzen zuen.

Aldi berean epailea jarraitzaileak haserretzen zituen, erabaki ñimiñoetatik jokaldi eztabaidagarrietara eta halako batean zaleek bultzatzea ere deliberatu dute, jokoa norabide bakarrekoa zen, baina ez zen eraginkorra, ez zen nahikoa eta publikoa katarsian zela, Lanzaroren bigarren horia heldu da. Baloia eskuarekin moztu du Athleticen zelaian eta epailea jada unea zela erabaki du.
Hamar hamarren kontra eta hogei minutu aurretik. Aurreko egoerarekin Zaragoza denbora galtzen etengabe ari bazen ere, irakurleak irudika dezake hortik aurrera zer izan den. Gainera Aguirrek Abraham Postigaren ordez zelairatu du, Paredes zentralera pasaraziz. Hortik gutxira De Marcosi gola baliogabetu diote 72garrenean. Ez zegoen jokoz kanpo eta unea zen partida alde ipintzeko, baina sufrikarioa indarrean zegoen.

Zuculinik txartela zeukan Antonio Tomasen tokia hartu du eta Herrerak bat egin du txarteldunen zerrendarekin Ibaik Susaeta ordezkatu baino zertxobait lehenago. Jada 78. minutua zen eta Roberto eta enparauek denbora etengabe galtzen segitzen zuten. De Marcos albo batetik bestera zebilen lehen zatian Paredesek utzi dion errekadua ahaztu guran, eta jokaldia interesagarri baten protagonista izan da 81garrenean, baina jaurtiketa kornerrera joan da. Korner errematatzera ez da Muniain gutxigatik heldu.
Indarrak parekaturik zeuden, hamar hamarren aurka, baina Athleticek presiopean jokatzen zuen, hasierako freskotasuna ez zen inondik agertzen, beste etxeko porrot bat irudikatzea suposatzen zuen desgastearekin batera. Zorionez, ezina ekinez egina bihurtu da, taldeak aukeratu duen bidetik, baloia lantzearena eta zuloak edonondik bilatzearena. Ibaik baloi sakona sartu dio De Marcosi eta horren pase indartsua area txikiaren bihotzera Toquerok sareetara bidali du. Eta kito.

Gaur ez da kontrako falta arriskutsurik egin eta azken minutuak arerioaren zelaian pasatu dira, jada David Lopez Toqueroren ordez zelaian zela. Azken une hauetan aukera sortzekotan ere, gure taldea protagonista izan da, baina Muniainen ahalegina eta Ibairen buelta erdia altuegia presente egon dira. Hirugarrenean bai, harmaila eta zelaian poza nagusi izan dira, sufrituta bada ere, eta urtea ongi amaitzea baino ez da falta Oviedon lortutakoa ona egiten asteazkenean 22:00etan urtarrilaren 4an Koparekin berriz hasteko.