Villarreal CF - Athletic Club
Jardunaldia 25
Liga

Villarreal CF - Athletic Club

Villarreal CF
Villarreal CF
22
Athletic Club
Athletic Club
  • 10' Marcos Senna
  • 69' Nilmar
  • Llorente 62'
  • Susaeta 67'

KokapenaEl Madrigal , Vila-real

Puntu on bat alternatibez beteriko lehian

Vila-realek 2 Athletic Clubek 2 Athletic Clubek bina berdindu du Vila-realen aurka aste gogor bat…

Athletic Club

Vila-realek 2 Athletic Clubek 2

Athletic Clubek bina berdindu du Vila-realen aurka aste gogor bat emaitza on batekin itxiz. Sennak, faltaz, etxekoak aurrean ipini ditu, Llorentek eta Susaetak, jada bigarren zatian, zurigorrien golak egin dituzte eta Nilmar-ek berdinketa egin du. Partida irekia, lehiatua oso eta aukerekin goiko postuei eusteko balio duena. Horrelako partidetan amaierako zalantza ia berbera da: Gehiago merezi al izan du taldeak? Orain partidarik gabeko astea, nahiz eta gehientzat nazioarteko konpromisoak asteartetik hasi, Realaren aurkako partida prestatzeko, Iturrasperik gabe, bosgarren txartela ikusi baitu.

Neurketaren hasiera orekatua izan da. Zurigorriak, jada ez da nobedadea, agintzera irten dira. Iraolak erdiratu du Diego Lopezek erasoa moztu zezan eta, geroxeago, baloia zelai erdian lapurtu ondoren Susaetak Toquerori emateko aukera izan du, baina ez du azken paserik egin. Etxekoei asko kostatzen zitzaien hutsuneak topatzea, baina hamargarren minutuan Herreraren falta baten ondorioz, Sennak ongi jaurti du bat eta zerokoa ezarriz.

Zurigorriek ez dute erreakzionatu eta Vila-realek aukera batzuk sortu ditu, argiegiak izan ez badira ere, Valerok kanpora bidali du langa gainetik eta Martinucchiok haren jaurtiketa hainbeste gurutzatu duenez, baloia hegaletik kanpora irten da.

Athleticek baloi gehiago ukitzeko aukera landu du 25garren minututik aurrera. Fase berri horretan gure taldea aurrerago heldu da, baita leku arriskutsuetara ere, baina erdiraketetan ez da asmatu. Testuinguru horretan estrategia helduleku aproposa bihurtu da. Hogeita seigarren minutuan gaurkoan (Amorebieta, Muniain eta De Marcosik gabe) hasieratik zelairatu den David Lopezek faltaz langa gainetik jaurti du eta Sennak berriro faltaz ere frogatu du, baina kasu honetan Gorkak geldiketa bikaina egin dio esferikoa kornerrera bidaltzeko.

Ordu erdian Martinucchiok langa gainetik bota du, Susaetak, segidan, arrasean kanpora jaurtiz. David Lopezek, berriro faltaz, Diego Lopezen geldiketa behartu du eta Vila-realen Nilmar Marco Rubenen ordez zelairatu da, azken horren lesioa zela medio. Estrategian beste behin ere Javi Martinezek abagunea izan du, baina Perezen korner erdiraketaren osteko burukada kanpora abiatu da 41. minutuan, Caniri hurrengo minutuan gertatu zaion legez, aukera ona zen, eta sartu berria zen Nilmar-i ere, behartuta buruz kanpora errematatu baitu atsedenaldira joan baino lehen.

Etxekoak nagusi izan dira lehen zati honetan, baina alde nabarmenik gabe. Beraz, lehia irekita zegoen oraindik, bigarrenean ikasi ahal izan dugunez. Aldi honi ekiteko Bielsak Llorente zelairatu du eta David Lopez aldageletan geratu da.
Hasi bezain pronto ikusi da Athleticek Vila-realen zelaian egon nahi zuela. Horiek ez zuten gehiegi defendatzen, batez Valero eta Cani hegalekoak kontraerasorako gelditzen ziren, baina egoera hori arriskutsu samarra zen, Nilmar gogotsu zebilela kontuan hartuta. Dena den, jakin badakigu gure taldeak ez diola aitzakia gehiegirik ipintzen aurrera joateari. Beraz, ikuskizuna begi bistan, batez ere inolako interesa ez zuen ikusle batentzat.

Aukerak bata bestearen atzetik pilatu dira. Beharbada argiagoak geureak. Gonzalo txilenaz saiatu da, baina oso urrun joan zaio, Aurtenetxeri horia ateratzeko laugarren epailea lagundu dio, epaileak berak ez baitu ikusi (epaile honekin partidarik ez du oraindik galdu Athleticek).

Esan bezala, gure txandan gola gertuago ikusi da: 53garren minutuan Llorentek buruz kanpora errematatu du Iraolaren erdiraketa. Aukera garbia. Berehala Nilmar-ek urrutitik bidali du Iraizozen eskuetara eta etxekoen argiena 58. minutuan heldu da Martinucchiok atzetik era zailean ateratzen saiatu izan den baloia lapurtu eta gero. Pausu guztiak ondo egin ditu, zorionez errematea ezik, kanpora joan baita.

Sennak ordubetean ere urrutitik jaurti du, baina Iraizozek erraz hartu du. Su-etenik gabe, 61garrenean berdinketa heldu da: Llorentek buruz Toqueroren pasea primeran sareetara bidali du. Arnasa hartzeko astirik ez. Jada eguzkiak ez zuen hain gogor jotzen, baina erritmoa askoaz altuagoa zen. Iñigo Perezi txartela atera diote, Nilmar-ek baloia gehiegi gurutzatu du arrasean eta kontraeraso azkar batean gaurkoan ezker aldetik jokatu duen Susaetak ezkerrez bat eta bikoa ezarri du 66garrenean.
Camuñas Caniren ordez zelairatu da, ezker aldean bere burua kokatuz eta Borja Valero eskuinerantz mugituz. Ekiza Iñigo Perezen ordez zelairatu da hiruko lerroa osatzeko eta 68garrean Nilmar-ek binakoa markatu du. Iraizozek ezin izan baitio eutsi areaz kanpo jaurti den baloiari eta Nilmar erne egon da barrura bidaltzeko.

Hogei minutu jokatzeke eta gozamena ikusleentzat (zurigorri asko tartean) Penalti argia egin diote Ligan jada hamahiru gol daraman Llorenteri, baina seinalatu ez. Oriolek lekutara jaurti du 73. minutuan eta Iturrasperi bosgarren txartel horia atera diote eta ez da Realaren aurkako partidan egongo.

Martinucchiok desbideraturik bota du, Ibai Toqueroen ordez zelairatu da eta Hernan Perez Martinucchioren tokian. Camuñasek jaurtiketa egin du eta Iraizozek kornerrera desbideratzea lortu du. Halaz ere, oraindik asko ikusteke zegoen. Abagunerik nabarmenena Llorenterena izan da 87. minutuan, baina bere ezkerkada Diego Lopezek ukalondokoarekin salbatu du.

Etxekoen atezaina, egia esan, azken minutuetako protagonista bihurtu da, Ibairekin batera. Honen jaurtiketa harrapatu du 89garrenean eta apur bat zailagoa zen 91. minutuan Ibairi berari igarri dion jaurtiketa. Amaitzeko Susaetak areaz kanpotik zutoinaren ondora bidali du azken segundoetan. Zorteak ez digu lagundu azken une horietan, baina gutxienez azken partidetan ez dugu ere aldi horretan golik jasotzen, ohitura ei zenez.

Azken finean, puntu bat gehiago, garrantzitsua zelai zail batean delako, baina, arestian aipatu dugun legez, betiko zalantzarekin: puntu bi galdu dira ala bat irabazi? Futbolak erantzun ezin dituen galderak. Zorionez.