Athletic Club - RedBull Salzburg
Jardunaldia 3

Athletic Club - RedBull Salzburg

Athletic Club
Athletic Club
22
RedBull Salzburg
RedBull Salzburg
  • 69'75' Llorente (p.)
  • Wallner 30'
  • Leonardo 36'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Puntu bat multzoko lidergoan segitzeko

Athletic Clubek 2 FC Salzburgek 2Athletic Clubek puntu bat erdietsi du FC Salzburgen aurka San…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 FC Salzburgek 2


Athletic Clubek puntu bat erdietsi du FC Salzburgen aurka San Mamesen bina egin ondoren. Wallner eta Leonardo izan dira bisitaren golegileak lehen zatian eta Llorentek egin ditu zurigorrien gol biak, penaltiz, bigarren zatian. Gure taldeak baloiaren monopolioa izan du, baina sakontasuna falta zaio lehen ordu erdian eta zailtasun handiak izan ditu bigarren zatian austriarrak ondo kokatu baitira abantailari eusteko.

Gauzak horrela Athletic Clubek multzoko lidergoari eusten dio, zazpi punturekin, eta hiru puntuko abantaila mantentzen du gaurko arerio eta PSG-rekiko, frantziarrak Bratislavan golik gabeko berdinketarekin amaitu eta gero. Hurrengo hitzordua Salzburgen, hemendik bi astetara izango da, baina bitartean egur gehiago: Valentzia, Atletico Madril eta Sporting Ligan.

Azken finean, irabaztea ezinezkoa denean berdinketa ez da txarra eta horixe gertatu da gaurkoan, are gehiago atsedenaldian desabantailaz joan garelako. Askorentzat Betisen aurkako lehia zetorren burura, lehen zatiaren amaierako desabantaila berbera zelako, baina ez zen gauza bera. Hasteko Athletic nagusi izan da, Salzburgek ekimena eta baloia uzten zigun, eta espazioak Ekizari baloia igotzeko, baina azken metroetan sarea ondo antolatuta zeukaten.

Bazirudien inertziaz irabazten partida baten aurrean geundela, eta jokalariak zein zaleak sinetsi egin dutelakoan gaude. Halaz ere, aukerak ez ziren iristen eta Athletic urrutiko jaurtiketa inozoekin konformatu beharra zeukan: Muniain, De Marcos, Javi Martinez, Iturraspe… saiatu dira lehen ordu erdian, baina ondorioa bera zen: Gustafsson kapitainak lasai asko jasotzen zuen baloia.

Eta testuinguru horretan Salzburgek zirrikituak aurkitu ditu eta euren bi jokalari onenen kalitateaz baliatu da min egiteko. Hiru aldiz heldu da Iraizozen ingurura eta bitan gola lortu du. Lehendabizikoan Wallnerek ezin izan du Iraizozen irteera gainditu, 27. minutua zen, baina bi beranduago Wallnerek berak Leonardoren pase sakona jaso du eta ez du barkatu.

Athletic ahalegindu da, baina alferrik, ez zen Llorenteren eguna errematean, penalti puntutik kenduta. Buruz altuegi bidali du 33. minutuan, 35garrenean Leonardok gol bikaina lortu du abiadura eta klase uztartuz, eta zero eta bikoaren ostean are argiagoa izan da gure 9 zenbakidunaren abagunea, baina ezkerrez atezainaren aldera bota du eta ostean buelta erdian, ezkerrez ere, kanpora. Zurigorriek jokoa eta baloi jabetza zuten, arerioak golak.

Ekiza aldagelan geratu da eta Gabilondoren txanda heldu da bigarren zatiari ekiteko. Martinez zentral moduan kokatu du Bielsak, Iturrasperi baloia aurrera eramateko ardura emanez, Muniain zentratzeko. Eta kostatu zaio Athletici, etsaia askozaz atzerago eta antolatuago baitzegoen. Beharbada horregatik atzelari bi protagonista izan dira arriskua sortzean. Aurtenetxek ezkerrez kanpora eta Amorebietak buruz, kanpora ere, errematatu dute.

Gustafsson jada denbora galtzen zebilen eta gaueko protagonistetako bat zelairatu da, Lindgren Scheimeren ordez 58. minutuan eta ordubeterako jada txartel horia zeukan. Bitartean De Marcosek lekutara jaurti du eskuin lateralera pasa baino lehenago, Herrerak Iraolaren tokia hartu baitu 65. minutuan.

Zelaian sartu bezain pronto penaltia egin diote eta Llorentek, bikain, aldea murriztu du 69. minutuan. Lau minutu beranduago korner bat bota du Herrerak eta Lindgrenek sekulako geldiketa egin du. Epaileak penaltia seinalatu du atzelariak bigarren horia ikusten zuen bitartean. Haren protestaldia nabaria izan da Amorebietak bultzatu zuela adierazteko. Llorentek, lasai asko, Gustafsson engainatu du eta atezainak hika-mika izan du Herrerarekin baloi bila zihoala. Epaileak ez dio bigarren txartel horia atera eta ez du seinalatu Llorenteri egin dioten beste penalti bat, gehiegi ote?

Tamalez, austriarrak are gehiago itxi dira eta Athletic urrutiko jaurtiketak berreskuratu ditu, kasu honetan Gabilondo eta Herrera sartu berrien eskutik, baina alferrik. Soilik De Marcosen erremate bat, Gustafssonek harrapatu duena eta Susaetaren tokian agertu den Toqueroren erremate pare bat aipa dezakegu, behar bada, arestian esan bezala, gure taldeak esfortzuaren ondoren puntuaren balioaz jabetu delako, are gehiago Bratislavan eman den emaitza ikusita.